Baba txikia eta txerri urdai freskoa oinarri hartuta prestatu du Iker Markinezek aste honetako errezeta.
Baba txikia, 500 g. Txerri urdai freskoa, 400 g. Tipulina, 2. Azenarioa, 2. Oliba olioa. Gatza. Piperrauts gorria.
Oraintxe hasiak dira gure baratzeetan baserritarrak babak biltzen. Aukera baduzue, errezeta honetan goxo-goxoak prestatuko ditugu. Babak aletu eta gorde.
Azenarioa zuritu eta xafla fin luzeetan moztu. Tipulinei kanpoaldeko azala kendu, eta luzean lau xaflatan moztu. Zartagi txiki bat hartu, eta bertan erregosten jarri su baxuan, oliba olio eta gatz pittin batekin, tapaz estalita, bost bat minutuz. Ondoren, tapa kendu, sua bizitu, eta beste bost minutuz mantendu. Azkenik, sua itzali eta bertan gorde.
Txerri urdai freskoa hamabi pusketatan moztu, lauki itxuran. Gatzaz eta piperrautsaz bi aldeetatik pixka bat ondu. Zartagi zabal bat hartu, eta, hotzean, puska guztiak bertan kokatu. Zartagia su oso baxuan berotzen jarri, batere oliorik gabe, urdaiak berak duen koipea aska dezan. 5-7 minutuan eduki su oso baxuan. Ondoren, buelta eman eta beste hiru minutuz eduki. Sua itzali.
Orain, eta ez lehenago, barazkien zartagia berriro sutan jarri, eta, bero daudenean, baba ale gordinak gehitu. Babak hasiberriak direnez, txikiak izango dira. Errezeta honetarako, horixe da tamainarik onena. Barazkiekin batera hiru minutuz ongi berotu; gatz pittin bat gehitu.
Zerbitzatzeko, plater batean barazkiak ohe moduan azpian ongi zabalduta jarri. Gainean, urdai zatiak kokatu. Nahi izanez gero, urdaiaren koipe pixka batez busti urdai zatiak.