...dianak 1876an hasi zirela?
Pamplonesaren aurretik jotzen ziren dianak sanferminetan. Antza, Eco de Navarra egunkari kontserbadoreak 1876an proposatu zion garai hartako udalari dianak jotzea entzierroaren aurretik, eta urte hartako uztailaren 7an jo ziren lehen aldiz. Garai hartan ez zegoen udal bandarik, eta, aurreko egunetan aipatu bezala, banda militarrak arduratu ziren horretaz. Egunkari hark 1913an argitaratu zuen azken alea, baina proposatutakoak gaurdaino eutsi dio.
...funtsean doinu militarrak direla?
Berez, doinu militarrak dira dianak, garai batean hiriko banda militarrek jotzen baitzituzten. Jesus Garisoain Pamplonesako zuzendariordeak deskribatu duenez, «oso erritmikoak eta biziak dira», eta horrek gonbidatzen ditu parte hartzaileak dantzatzera. Silvano Cervantes Pamplonesako zuzendariak bildu zituen doinuetako asko, eta errepertorioan sartu.
...garai batean lau doinu baino gehiago jotzen zirela?
Sanferminetako dianak gertutik ezagutu dituen edo Euskadi Irratian goizero entzun dituen edonork badaki gaur lau doinu jotzen direla, baina ez da beti horrela izan. Iraganean, zortzi-bederatzi doinu inguru jotzen ziren. Denborarekin, herritarrek gehien atsegin zituzten horiek iraun zuten, eta besteak desagertuz joan ziren.
...egungo dianek asko zor diotela Jesus Garisoiani?
Aurten, txupinazoa bota du Jesus Garisoainek. 24 urte zituela sartu zen Pamplonesan, 1991n. Bere zereginetako bat izan zen hainbat kontu moldatzea: «Bestelako izaera bat eman nien, bakoitza ez zedila izan hain errepikakorra, tempo azkarrago batekin, eta gehiago ibil zedila». Horretarako, egunero ibilbideak moldatu zituzten, eta, gaur, ibilbide diferente bat egiten da egunero, aurretik zehaztua.
...estrategiak dituztela azkar edo motel joateko?
Egunero ordu erdiz jotzen dute, eta geratzen zaien denboraren arabera, hainbat estrategia dituzte garaiz heltzeko helmugara. Tarte handia geratzen bazaie, dianarik «mugituena» sartzen dute —laugarrena—, jendea azkar joan dadin. Aldiz, jada helmugatik gertu badira, dianarik motelena jotzen dute, jota modukoa delako eta jendeak tokian dantza egin ohi duelako.
...anekdota ugari dituztela?
Azken egunean, jendeak denetarik oparitzen die musikariei —sanferminetan eramandako txanoak, betaurrekoak...—. Behin, emakume batek gaixo agiria eman zien, egun hartan semeak ezin izan zuelako haiekin dantzan egin.
BA AL ZENEKIEN...?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu