BA AL ZENEKIEN...?

2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
... bederatzi zuzendari izan dituela?

Ehun urteko historian, bederatzi zuzendari izan ditu guztira. Urte gehien lehen zuzendariak eman zituen, Silvanio Cervantesek (26 urte). Gehien iraun duen hurrengo zuzendaria egungoa da: Jose Vicente Egea Insa. 1996ko otsailean hartu zuen batuta, eta 23 urte bete ditu. Beste zuzendari batzuek, aldiz, kargua utzi behar izan zuten, halabeharrez. Juan Berruezo tafallarrak bi urte iraun zuen, 1945etik 1947ra. Dimisioa eman zuen, musikariekin arazoak izan zituelako. Diziplina militarra izatea aurpegiratu zioten. Saturnino Sorbetek zazpi urte eman zituen zuzendari gisa, 1960tik 1967ra. Oso txikitatik jo zuen Pamplonesan. 1967an utzi zuen kargua, «gehiegizko lanaren ondorioz». Haren gauza izan zen txupinazoan txistularien eta bandaren arteko biribilketa bat jotzea.

... bi anaia izan direla zuzendari?

Silvano eta Jose Cervantes anaiak Pamplonesako zuzendariak izan ziren, eta bien artean, gainera, 40 urte eman zituzten. Biak Astraingoak ziren, eta izaeraz oso desberdinak. Silvano serioagoa zen, eta Jose, aldiz, gertuagokoa. Haren semeak kontatzen duenez, musikarien arteko liskarrak «txiste batekin edo txantxaren batekin» konpontzen zituen. Biak izan ziren garrantzitsuak Pamplonesaren historian. Lehen zuzendari gisa, egun Pamplonesak jotzen dituen piezetako asko Silvano Cervantesen obrak dira. Hala nola dianetako hiru pieza, Pilindros jota, txupinazoko jota, beste hainbat jota (Pamplonerias, La cuatrena, La dominguera...), Entzierroa pasodoblea, Pimpinela polka...

... Iruñeko musikari estimatuenak bandan jo zuela?

Iruñean bada musikari oso estimatu bat: Manuel Turrillas, Turrista maisua ezizenez ezagunagoa. Turrillasek sanferminetan ezagunak diren kanta askori (hala nola Aldapa, Anaitasuna, Jarana, Muthiko Alaiak, Oberena edo La Unica peñen kantak) eta Osasunaren ereserkiari jarri zion doinua. Berez, ehunka doinuren egilea da. Turrillas Pamplonesako kide izan zen 1928tik 1979ra. Klarinetista zen.

... zuzendari maitatuenetako bat valentziarra dela?

Ricardo Garcia soinu handirik egin gabe iritsi zen 1979an Iruñera. Hamabost urte egin zituen Garcia maisuak. Hala deitzen zioten. Haren batutapean, 500 kontzertu baino gehiago eman zituen Pamplonesak, eta, sanferminetan, Riau-riau amaigabeak egitea egokitu zitzaion. Hain zuzen, horietako argazki batean, begiak itxita eta uneaz gozatzen ikusten zaio. Agurra hunkigarria izan zen. «Maisu, gauza askogatik eman behar dizkizugu eskerrak. Etorri zinenean, banda triste zegoen, animo gutxirekin, eta, zure esfortzuarekin, honaino ekarri duzu», esan zuen kide batek, agurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.