BA AL ZENEKIEN...?

2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
... Errepublika iragarri zenean kalejira egin zuela?

1931ko apirilaren 14an iragarri zen II. errepublika. Hain zuzen, bi egun lehenagoko udal hauteskundeak eskuineko bloke monarkikoak irabazi zituen Iruñean, baina, gertaerak ikusirik, Jose Maria Landa alkateak kargua utzi, eta makila Serafin Huder sozialistari eman zion. Udaletxeko balkoitik errepublika iragarri zuen Huderrek, eta Pamplonesak jarraian egin zen kalejiran parte hartu zuen. Hurrengo bi hilabeteetan, 11 emanaldi egin zituen.

... gerraren ondoren desagertzear izan zela?

Emilio Mola jeneralak Iruñetik bertatik zuzendu zuen altxamendua, eta, hortaz, Iruñea, uztailaren 18an bertan, militarren eskuetan erori zen. Udalean, ezkerreko bederatzi zinegotzi karguetatik kendu, eta horietako zazpi hil egin zituzten. Gerra garaian, erreketeek euren banda sortu zuten, eta Falangeak berea. Pamplonesako musikari batzuek batean edo bestean parte hartu zuten. Ez da zabaldu beste musikari batzuk jazarriak izan ote ziren. Gerra amaituta, banda desagertzear izan zen, diru gutxi zuelako eta instrumentuak zaharkituta zeudelako. Musikari askok banda utzi zuten, gerraosteko egoera zailean beste zeregin edo lan batzuk hartu zituztelako bizirik irauteko. 1942tik aurrera, udalak diru laguntza handitu zuen Pamplonesaren iraupena ziurtatzeko.

... 1940ko hamarkadatik parte hartzen duela txupinazoan?

Garai batean, ez zegoen txupinazorik. Ivan Gimenez kazetariak kontatzen duenez, 1930eko hamarkadan suziri bat botatzen zen Gazteluko plazan, festen hasiera irudikatzeko. Gerora, gerra amaituta, bi falangistek ideia hartu zuten, eta udaletxeko plazatik botatzea bururatu zitzaien, 1941ean. Garai hartako kroniken arabera, musika jartzen zioten ekitaldi hari «musika bandek, txistulari eta gaiteroek».

1953an udaletxea inauguratu zuela?

1951n, udaletxearen eraikin zaharra bota egin zuten, eta bi urtetan eraikia zegoen udaletxe berria. 1953ko irailean egin zen inaugurazioa, Batasunaren Pribilegioaren egunean, eta han izan zen Pamplonesa, erraldoi eta buruhandien konpartsarekin batera.

... jardunean alkate bat hil zela?

Pamplonesaren ehun urteotan, alkate bat hil da bere jardunean. Frankismo betean izan zen. Francisco Pueyo Bonet 1958ko urtarrilaren 7an hil zen. Pamplonesako egungo kide batzuek gogoratzen dutenez, udaletxe atarian bertan ireki zen hil kapera. Kapera amaitutakoan, handik San Lorenzo elizaraino egin zuen segizioa Pamplonesak, eta, meza amaitzean, kanposanturaino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.