Pamplonesaren 100. urteurrena

BA AL ZENEKIEN...?

2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
... doinu bat asmatu zutela ekitaldi ofizial baterako?

Mende hasiera hartako Iruñearentzat mugarri garrantzitsua izan zen Bigarren Zabalgunea eraikitzea. Ordu arte hiria inguratzen zuten harresia 1915ean eraisten hasi ziren, eta hiria zabaltzeko auzo berriaren lehen harria 1920ko azaroaren 29an jarri zen, San Saturnino egunez —hiriko patroia—. Lehen ekitaldi horretarako, Lehen harria izeneko kanta eta doinua sortu zuen Pamplonesako garai hartako zuzendariak, Silvanio Cervantesek. Kantaren hitzen arabera, lehen harria jartzeaz gain, hirian oraindik zutik irauten zuten harresiak dinbi-danba bota behar ziren. Pasarte horrek erakusten du herritarrek gogo bizia zutela harresiak gainetik kentzeko, eta bere lehen urtean garrantzia hartu zuela Pamplonesak —defizitarekin amaitu arren urtea, herritarrek estimatzen zuten banda gaztea—. Adibidez, Iruñean, Eusko Ikaskuntzak 1920ko II. biltzar ezaguna egin zuenean, ekitaldi hartan jo zuen Pamplonesak.

... 1923an, riau-riau entzun zela Zaragozan?

1923an, banden arteko lehiaketa bat irabazi zuen, eta, irabazle gisa, Riau-riau klasikoa jo zuten Zaragozako kaleetan. Hala ere, komeria ugari izan zituzten, ez baitzuten diru nahikorik bildu lehiaketan aurkezteko. Lehen jakak egin zizkien jostunak, Zoilo de la Torrek, 4.000 pezeta aurreratu zizkien lehiaketarako lau egunen kostua ordaintzeko. Azkenean, sari hori bera irabazi zutenez, Zoilo de la Torre jostunarekin zorra kitatu zuten. Garaile gisa itzuli zirenean Iruñera, herritarrek pozez zoratzen hartu zuten Pamplonesa.

... banda militarrak haserretu egin zirela Pamplonesarekin?

Ordura arte, XX. mende hasieran, Iruñeko hiru banda militarrek jo ohi zuten sanferminetako ospakizun guztietan, baina, Pamplonesaren lehen sanferminetan, 1920an, urtebete lehenago sortutako banda gazteak protagonismo berezia hartu zuen, militarrei itzal eginez. Militarrek 27 ekitalditan hartu zuten parte, eta Pamplonesak bederatzitan, baina garrantzi handienekoetan jo zuten: bezperako udalbatzaren ibilbidean, uztailaren 7ko prozesioan eta Zortzigarreneko prozesioan. Amerika erregimentuko koronelak bere ezinegona adierazi zien festen antolatzaileei. Joan den urtean baino diru gutxiago jaso zuten musikari militarrek. Kezkatzeko arrazoiak bazituzten, hurrengo urteetan joera hori areagotzen joango baitzen. 1920ko hamarkadan, Iruñeko Udala handituz joan zen Pamplonesari urtero ematen zion diru laguntza: 1920an, mila pezeta eman zizkien, eta 1929an, 20.000 pezeta. Pamplonesak diru gehiago jaso ahala, militarrek diru gutxiago jaso zuten. Dena den, 1970era arte iraun zuten banda militarrek. Azken urte horietan, iruindarrek txaloka hartzen zuten Pamplonesa, eta musikari militarrei, berriz, txistu eta oihu egiten zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.