BA AL ZENEKIEN...?

2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
... Pamplonesa sortu zen urtean, Iruñeak 32.000 biztanle zituela?

Orduko Nafarroako hiriburua harresiek inguratuta zegoen, eta bere zabaltzea mugatuta zegoen: 1.860tik 1920ra, apenas handitu zen biztanleria (10.000 besterik ez). Horrek hiriari izaera berezia eta bakartua ematen zion. Erljiioak pisu handia zuen eguneroko bizitzan. Kanpaiak etengabe entzuten ziren, eta ohikoak ziren santuen prozesioak, penitentzia desfileak, eguerdiko angelusak eta herio doinuak —iruindarrek jarduna eten ohi zuten hildakoagatik otoitz egiteko—. Garai hartako alkatea Francisco Javier Arraiza zen, karlista.

... Berandu eratu zela?

Banda militarrak arduratzen ziren jai erlijiosoetan zein ospakizun ofizialetan edo dantza emanaldi publiko zein pribatuetan musika jotzeaz. 1919an, hiru banda militarrek jotzen zuten, eta, neurri handi batean, haiengatik berandu sortu zen Pamplonesa. 1905ean, udal banda bat sortzea aztertu zuen udalak, baina atzera bota zen proposamena «musika militarrak hiriaren musika beharrak aise asetzen zituelako». Espainiako Armadak hartzen zuen musikari ei ordaintzeko ardura, eta udalak ospakizuneko kontratua ordaintzen zuen soilik. Hegoaldeko beste hiriburuetan lehenago sortu ziren udal bandak: Donostian, 1887an; Gasteizen, 1894an; eta Bilbon, 1895ean. Nafarroan, Erriberrin 1850ean sortu zuten, Lesakan 1857an, Tafallan 1861ean eta Tuteran 1907an.

... Kalean sortu zela?

Hala izan zen, egoitzarik ez zutelako. 1918an, banden lehiaketa bat izan zen, eta, beste hirien aldean, Iruñeak udal bandarik ez zuela jabetu ziren udalean. Hutsune hori betetzeko asmoz, udal batzak Irun, Donostia, Bilbo, Portugalete, Madril eta Bartzelonako bandak aztertu, eta 38 musikariz osatutako proiektua landu zuen. Urteko 26.900 pezetako aurrekontua izango zuela kalkulatu zuten, eta, gainera, sorrerako uniformeetan 19.716 pezeta edo musika instrumentuetan 15.000 pezeta gehiago beharko zirela. Hala ere, proiektua ez zen aurrera atera, soldaten zenbatekoarekin desadostasuna zegoelako. Horregatik, ez zitzaien udal izaera eman. Ezezkoa jaso arren, musikari batzuek aurrera jo zuten, herri banda bat sortzeko asmoz. Egoitzarik ez zutenez, Sarasate pasealekuko jarleku batean sortu zen Pamplonesa, kalean.

... hasierako kideekez zutela 20 urte baino gehiago?

Udal banda izaerarik izan ez arren, herritarrei zein udalari berari sostengua eskatu zioten. Udalak 1.000 pezetako laguntza eman zion lehen urtean. Hasierako bandak 37 kide zituen, eta gehienek ez zuten hogei urte gainditzen. Zaharrenak 31 urte zituen, eta gazteenak 13, hasiera hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.