Unai Fernandez de Betoño. Hirigintza irakaslea

«Azpiegiturei indar handia eman, eta artearekin makillatu nahi dituzte»

Hirietako kultur egitasmo handien benetako helburua hiria salgai bihurtzea ez ote den eztabaidatuko dute gaur Donostian Fernandez de Betoñok, Santi Erasok eta Markel Ormazabalek.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Unai Fernandez de Betoño (Gasteiz 1977) arkitektoa da, eta hirigintza irakasten du EHUn. Kultur eraldaketa ala hiriarenmerkantilizazioa helburu? mahai inguruan hartuko du parte gaur, 19:00etan, Kortxoenea gaztetxean. Harekin mintzatuko dira Santi Eraso Europako Kultur Hiriburutzako egitasmoko zuzendari ohia eta Markel Ormazabal gizarte ekintzailea.

Aurreko batean, Twitterren eztabaidatzen aritu ziren nola itzuli gentryfication [garestitzearen bidez, langileak kanporatu, eta hiri edo auzo bat eliteen eskuetan geratzeko prozesua da]. Rikardo Arregik «donostiartze» proposatu zuen, umorez.

Hiriaren merkantilizazioa ez da Donostiaren berezitasun bat. Mundu osoan gertatzen ari da, globalizazioa hasi zenetik. Etengabeko hazkuntzaren filosofia horrekin hiriak ekonomia pizteko gako bihurtu dira, eta, horren eraginez, hiria salgai bihurtu da. EAEn, gainera, ofizialki sustatzen ari dira hori. Arriskutsua da prozesu hori. Batetik, azpiegiturei indar handia ematen diete, eta, bestetik, artearekin makillatu nahi dituzte. Hor sar daiteke espektakuluaren arkitektura, hiri diseinua eta artea.

Asmo hori zoruarekin elikatzen da, eta zorua oso mugatua da, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan. Euskal Hiria etengabe hazteko apostu horrek ez al du piramide formako iruzur baten egitura?

Donostia 2016 Kultur Hiriburua eta Gasteizko Green Capital egitasmoen funtsa dirua erakartzea da, turistak, inbertsoreak. Baina mundua bakarra denez, egunen batean bere kabuz eroriko da eredu hori. Eskema hori bultzatzen dutenak horren jakitun dira. Zertaz ari diren jakiteko, oso interesgarria da horretan Alfonso Vegara hirigileak 2012an esan zuena: «Diru piloa dago munduan, eta egitasmoak behar dira hura harrapatzeko». Vegara ez da edonor, EAEko lurralde antolakuntzaren ideologo nagusia, berak egin ditu gidak.

Ez dago modurik 2016ko kultur hiriburutza saltzaileen atzaparretatik erauzteko eta kulturgileen eskuetan uzteko?

Hor ikusi behar dugu Donostia 2016 hautagaitza txostenean zer esaten den, esaterako, Abiadura Handiko Trenaz. Sekulako apologia egiten da, gutxienez bost orrialdetan, eta AHTaren aurkako borroka esplizituki ETArekin lotzen dute, 47. orrialdean. Aurreko Jaurlaritzak azpiegitura justifikatu nahi izan zuen, eta kultur hautagaitza ere horretarako erabili zuen, ziurrenera. Orain, Donostia 2016k beste zuzendaritza bat du, eta hasierako egitasmotik urrundu nahian dabiltza.

Baina Europatik utziko al diote Donostia 2016ri kulturaren macdonalizazioaren bidetik aldentzen?

Ez du ematen. Duela hilabete, Osloko eta Donostiako egitasmoak nola zihoazen aztertzeko txostenean, esan zuten agian tokiko gauzei garrantzi handiegia emateko arriskua zegoela Donostiakoan. Diskurtso globala sustatzen duten mezuak datoz kanpotik, eta zaila da buelta ematea egitasmoaren mamia eta espirituari.

Zuk egingo bazenitu lurralde antolakuntzarako gidak?

Eskala txikian komunitatearen, auzoaren, ideia bultzatu nuke. Erabilera mistokoak, autoaren beharra saihesteko. Eskualdeak indartu beharko genituzke, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. AHT eta antzeko azpiegitura handiek hiriburuak lotzen dituzte, baina ez dituzte kontuan hartzen horietatik at dauden biztanle eta eskualdeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.