Ikastolako atariko ekitaldiarekin piztu zen atzo goizean Azpeitian (Gipuzkoa) Kilometroak Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia. Eguzki lorea ikur hartuta, hostoz hosto eta izpiz izpi zabaldu zen gero, kalejiran, herri osoan barrena. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omendu zituzten, eta haien atzetik joan ziren herritarrak, aurtengo abestia osatu duten Skapaie elektrotxarangako kideekin eta trikitilariekin batera. Ikasberri ikastolaren komunitateak argitu zuen ikastolen aldeko aldarria, eta Elgoibarko (Gipuzkoa) ikastolari eman zion lekukoa, datorren urtean jaia antolatzeko.
«Nekatuta» baina «hunkituta» agertu da telefonoaren bestaldean gaur Alaitz Epelde, Azpeitiko ikastolako Artezkaritzako kidea, atzoko egunaren ondoren. Eguna «zoragarria» izan zela esan du, eta oraindik ere datuak esku artean ez badituzte ere oso pozik daudela: «Balorazio oso positiboa egin dugu, gehienbat ikastolaren helburuak bete zirelako. Horren erakusle, txosnetan ia jatekorik gabe gelditu ginen, eta ekarri genuen ia jateko dena saldu zen; eta, bestalde, inzidentzia larririk ere ez zen gertatu, ezta puntu moreetan ere, gaur-gaurkoz dakigula».
Laugarren aldia zuten ikastolen aldeko jaia antolatzen, baina esperientziak laguntzen badu ere, errepikatze horrek ez du lana errazago bihurtzen, etengabe egokitzen eta eraldatzen ari den festa bat baita ikastolena: «Azkenean, gizartea ere asko aldatu da hainbeste urtean. Orduan, gaur egungo gizartera egokitu behar izan dugu, bai festa bera —jada ez dira Kilometroak lehen egiten ziren formatuan—, eta bai landutako ardatzak ere; horiek ere gaur egunera moldatu behar izan ditugu».
Hain zuzen ere, hiru izan dira aurtengo jaian landutako ardatzak: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. «Urte guztian landuz joan diren ardatzak izan dira, antolatutako ekintza guztietan. Orain, oinarri hori izanda, nahi duguna da horri heldu eta hortik tira, horien inguruan lanean jarraitzeko», adierazi du Epeldek.
Komunitatea sendo
Mila boluntario baino gehiago aritu ziren lanean igandean, ikastolaren alde; tartean, ikastolako barruko familiak, ikastolen elkarteko sareko kideak, eta Azpeitiko herritarrak. «Izpiz izpi, piztu elkarrekin/ ikastola, auzo, herri», dio Skapaie elektrotxarangak Kilometroetarako egindako kantuak, eta komunitatea piztea lortu zutelako pozik agertu da Epelde: «Gaur esan dezakegu oso harro gaudela daukagun komunitate horretaz, eman duen erantzunaz». Eta horrek jarri die erronka mahai gainean. «Orain, mantendu egin behar dugu», esan du Epeldek, barrez.
Lortutako diruarekin, aurrez aipatutako ardatzak barne hartuko dituen proiektu bat osatzea dute helburu. Urte osoan elkarlanean aritu diren elkarteekin batera gauzatu nahi dute proiektua, herri mailan: «Oraindik ez dakigu proiektu hori nondik eta nora joango den, baina nahi dugu ardatz horiekin aurrera segitu, eta zerbait polita eta baliagarria aurrera atera, denontzat».
Elgoibarko ikastolak hartu zuen lekukoa, eta hura arduratuko da datorren urtean jaia antolatzeaz. Aholku hauxe eman die antolatzaileak: «Aprobetxatzeko urte guztia, zukua ateratzeko Kilometro usainean pasatu behar duten urte honi, eta lortuko dutela emaitza on bat». Bien bitartean, Azpeitian lanean jarraituko dute, hostoz hosto eta izpiz izpi, eguzki loreak argi egiten jarrai dezan.