Iragan industrialaren jagolea

Esther Vegas Zugasti: «Azkenerako, jada ez zegoen hainbeste andre fabrikan lanean. Etxean zeuden gehienak»

Industriak Aranguren auzoko hainbat belaunaldi baldintzatu ditu. Neska askok fabriketan egin zuen behar gerraostean, baldintza oso gogorretan, Vegas Zugastik gogoan duenez: gizonek jazarri egiten zieten, esate baterako.

Esther Vegas Zugasti astelehenean, Zallako Aranguren auzoko erretiratuen etxean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Esther Vegas Zugasti, astelehenean, Zallako Aranguren auzoko erretiratuen etxean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
amaia igartua aristondo
Zalla
2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Memoriak kontatua izan behar du desagertu ez dadin, eta tokian-tokian badaude horretan tematzen diren eragileak. Zallako Aranguren auzoan (Bizkaia), bertoko iragan industrialaren jagoleetako bat da Esther Vegas Zugasti (Aranguren, 1944). Sopuertako (Bizkaia) Enkarterriko Museoa harekin jarri zenean harremanetan eskualdeko fabriketan aritu ziren andreen inguruko ikerketa baterako (Lantegietako emakumeak, Javier Barrio Marro, 2022), ilusioz hartu zuen proposamena, «oso ezkutuan zegoen bizitza bat» azaleratzeko abagunea izan baitzuen; eta eskertuta eskaini du bere denbora oraingoan ere. Bankuko langile ohia da, eta saltsa ugaritan ibilitakoa, besteak beste parrokiako arduradun izan baita 34 urtez, baita Arangurengo jubilatuen elkarteko presidente ere. Jarduera horiek guztiak utziak ditu orain, ahizpak zaintzeko.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroko Aranguren?

Guretzat sekulako garai ona izan zen. Ahizpei asko gustatzen zaie urte horiek oroitzea, orduan kantatzen eta dantzatzen genituen abestiak gogora ekartzea... Ibaira joaten ginen, eta inor ez zen gure bila etortzen; Balmasedara (Bizkaia) joaten ginen bizikletaz... Erabateko askatasuna genuen.

Gerraostea izanik, egoera ekonomikoa ez zen samurra izango...

Ez genuen ezer, baina denok ginen erdi aberatsak; gurasoak asmatzaile bikainak ziren, bizitza ateratzen zuten dirurik gastatu gabe. Nire aitak tutu bat sortu zuen fabrikan, eta fideoak egiten zituen; gauez sikatu egiten ziren, eta zopan jaten genituen. Ez genuen sekula goserik izan, beti baitzeuden patatak eta indabak. Nire aita doitzailea zen, Zallako Maristen eskolan hezitakoa. Nire senarra eta koinatuak, hirurak ziren elektrikariak, Maristetatik ateratakoak horiek ere. Izan ere, Arangurengo La Papelerak lanpostua eskaintzen zien Maristetan ikasten zutenei; oso traketsak izan behar zuten han beharrik ez lortzeko...

Ikastera etorritako asko bertan geratu ziren lan egitera, beraz.

Bai, bai. Oso gazte etortzen ziren, 14 urterekin, eta 18rekin bukatzen zuten eskola. Elektrizitatea eta zurgintza ikasten zuten, baita egokitzaileak izaten ere, paperen koloreak nahasten... Ikastera etorri ziren Donostiatik, Leondik (Espainia)... eta hemengo etxe askotan egon ziren ostalari. Gurean ere bai. Hiru alaba ginen, eta amak bizilagunen etxera bidaltzen ninduen lo egitera, ostalarientzako ohe bat egon zedin.

Gerraosteko urte haietan, 1940ko hamarkadan, jada aparretan zegoen inguruko industria?

Goraldian, bai, baina diru gutxi zegoen. Hala ere, Aranguren beti izan da herri alai eta parte hartzailea: jendea elkartu egiten zen talde katolikoetan, emakume batzuek kozinatzen irakasten zieten beste batzuei... Komunitate sendoa egon izan da beti. Askok seme-alabak seminariora bidali zituzten han jaten eman ziezaieten, beste batzuk Gijongo (Espainia) langile unibertsitatera joan ziren, edo Tarragonara (Herrialde Katalanak), ofizio espezializatuagoak ikasteko. Poliki-poliki, familia ugari guztiak joan ziren haurrak beste leku batera bidaliz.

«Ez genuen ezer, baina denok ginen erdi aberatsak; gurasoek bizitza ateratzen zuten dirurik gastatu gabe»

Garai hartan, 1940ko eta 1950eko urteetan, emakumeak hasiak ziren fabriketan lan egiten?

Bai. Nire amaginarreba, adibidez. Eta nire ahizpak ere ibili ziren: biek egin zuten lan Plazan. 14 urterekin, eskolatik ateratzen zituzten, eta fabriketara eramaten zituzten behar egitera. Bazegoen Arangurengo andre bat La Papelerako bulegoetan egiten zuena lan, Bilbon; oso emakume isila zen. Iruditu zitzaion neska batzuek ezingo zutela fabrikako egoera jasan. Hamahiru-hamalau neska batu gintuen, eta lanetik ateratzen zenean, gauez, takigrafia, kontabilitatea, mekanografia eta abar irakasten zigun, fabrikako girotik urruntzeko. Hark irakatsitakoari esker, Banco Bilbaora sartu nintzen lanera, oposizioak gaindituta, 16 urterekin.

Inoiz ez zenuen industrian lan egin.

Ez, ez. Tira, bai. Izan ere, nire ahizpak fabrikatik lana ekartzen zuen etxera. Borneak jaisten zituen orgatxo batean. Ahizpa txikia eta biok eskolatik heltzen ginen, eta plantxei toxikoa zen leungarri bat ipintzen ibiltzen ginen lanean, ohera joan arte. Fabrikan esaten zieten esnea hartzeko, toxikoak birikei kalterik egin ez ziezaien. Ez zuten-eta erizainik, ez medikurik, ez ezer. Ahizpa nagusia ibiltzen zen erizain, ausartena zelako: ebakitako atzamarrak sendatzea ere egokitu zitzaion.

Ireneri, ezta?

Bai, Irene da ahizpa nagusia. Ze ahizpa gaztea, Ana Mari, ez zen luze egon Plazan, eta Higienikora joan zen gero. Higienikoa askoz handiagoa zen. Eta beste emakume asko La Guatara joan ziren.

Ohikoa zen etxeek hartzea fabriketako lanaren zati bat?

Bai. Adibidez, La Guatak ere beharra bidaltzen zuen etxera, lehen konpresak eskuz egiten baitziren, etxean. Kamioi bat ekarri, eta hemen deskargatzen zituzten. Gure beheko bizilagunak 05:00etatik edo 06:00etatik aritzen ziren lanean, zapiak tolesten.

«Ahizpa txikia eta biok eskolatik heltzen ginen, eta plantxei toxikoa zen leungarri bat ipintzen ibiltzen ginen lanean»

Eta zuek zelan aritzen zineten etxean?

Zikinkeria hutsa zen, sudurra ere belzten zitzaigun eta. Nire aita bizikleta batekin eta berak egindako orga batekin joaten zen fabrikara, orga bete, eta etxera ekartzen zuen; eta egindako borneak eramaten zituen bueltan.

Lan hori ordaintzen zizueten?

Oso gutxi. Plantxa kopuruaren arabera ordaintzen zizuten. Edo mikazko zerrenda kopuruagatik, plantxak berotzeko erabiltzen ziren horiek. Eta entxufearekin kordoiak ere egiten genituen. Hori guztia etxean egiten zen, ez fabrikan. Fabrikan, plantxak muntatzen ziren.

Esan duzu ez zegoela medikurik eta erizainik... Ba al zegoen segurtasun neurririk?

Batere ez. Beharginek plantxa multzo bat egin behar zuten, eta buru-belarri ibiltzen ziren horretan. Handik gutxira kontrola ezarri zuten, eta okerragoa izan zen, fabrikako lausengarienak eta alferrenak ipini baitzituzten lana kontrolatzen.

Noiz utzi zioten etxera lana bidaltzeari?

Ahizpa nagusia ezkondu egin zen, eta fabrikako beharra utzi zuen. Lehen, ezkondu, eta lanetik ateratzen ginen. Nik banketxean behar egin nuen, eta nirekin batera sartu ziren guztiek lana utzi zuten ezkondu zirenean.

Esther Vegas Zugastik testigantza eta argazki asko utzi zituen Enkarterrietako museoak argitaratutako 'Emakumeak lantegietan' ikerketa libururako. Irudian, argazki horietako bat, Arangurengo koruarena. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Esther Vegas Zugastik testigantza eta argazki asko utzi zituen Enkarterriko Museoak argitaratutako 'Lantegietako emakumeak' ikerketa libururako. Irudian, argazki horietako bat, Arangurengo koruarena. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Zuk ere bai?

Bai, bai. Garai hartako mentalitatea beste bat zen: zure senarrarekin eta haurrekin etxean egoteko ezkontzen zinen. [Lantegietako emakumeak liburua begiratzen ibili da berba egin bitartean, eta berak utzitako argazkietako batean ipini du arreta bat-batean. Dozena inguru emakume gazte ageri dira, zuri-beltzean]. Emakume hori da esan ziguna denok ez genuela zertan fabrikara joan; horrek eman zizkigun klaseak: Angelita Berroeta. Eta, inguruan, haren dizipuluak. Lehen, etxetresna denda asko zeuden hemen, eta administratzaileak behar zituzten. Ni izan nintzen bankura sartu nintzen bakarra.

Berroetak zergatik ez zuen nahi zuek fabrikan lan egiterik?

Tira! Badakizu zer iskanbila den hainbeste neska gazte sartzea, hainbeste gizon goseturen tartera?

Alde horretatik ere arazoak egon ziren?

Inork ez zuen ezer esaten. Baina sekulakoa zen egoera, sekulakoa. Ez pentsa guk jasan duguna txantxa bat izan denik... Fabrikako kapilauaren gainean, adibidez, zementuzko estalki bat bota dute. Fabrikatik sekulako dirutza lortu zuen gizon hark. Oso trebea zen jendea kolokatzen, batez ere semeak. Eta, noski, jainkoa bezalakoa zen. Bikarioa —on Ignacio Goikuria, korala sortu zuena— gurekin bildu zen behin, konturatu baitzen zerbait gertatzen ari zela. Neska guztiek kontatu genion kapilauarekin zer gertatzen zitzaigun, eta guztion bizipenak bat etorri ziren. Azkenean, bikarioak eta kapilauak elkar jipoitu zuten.

Horren ondorioz, zeozer aldatu zen?

Bai, biak lekualdatu zituzten.

Beraz, fabrika ez zen izan leku seguru bat emakumeentzat, ezta askatzailea ere...

Ez, ez. Pentsa, orain ere arazoak badaude, eta ustez neskak babestuago daude... 14 urteko neska bat, makina bat gizonekin batera lanean... Guretzat oso gogorra izan da. Baina, tira, aurrera egin dugu.

«14 urteko neska bat, makina bat gizonekin batera lanean... Guretzat oso gogorra izan da. Baina aurrera egin dugu»

Emakumeen arteko antolakuntzarik egon al zen?

Ez. Bakoitzak ahal zuen bezala eramaten zuen: ez ziren salatzera atrebitzen, lotsa ematen baitzien. Bikarioak etorri behar izan zuen egoera azaleratu zedin.

Babesgabetasun horrek fabrikak itxi arte segitu zuen?

Nik uste baietz, baina azkenerako jada ez zegoen hainbeste emakume fabriketan beharrean. Etxean zeuden gehienak. Senar batzuek aparteko lanak egiten zituzten —pinuak ebaki, adibidez—, eta, orduan, jadanik ez zegoen premiarik andreek aparteko soldata bat lor zezaten. Hala eta guztiz ere, nik etxean brodatu egiten nuen: oherako oihalak egiten nituen ezkontideentzat, soldatak miseriazkoak ziren eta. Behin, fabrika zarratu zen, beharginek greba egin zutelako domeketan lanik ez egiteko eskatzeko, eta nire senarrak mendira joan behar izan zuen pinuak ipintzera.

1970eko azken urteetan eta 1980ko aurrenekoetan, krisialdian sartu zen industria. Garai hori nola bizi zenuten Arangurenen?

Bada, diru gutxirekin.

Hemengo gizon gehienek fabriketan lan egiten zuten, ezta?

Bai, gehienek. Batzuk joanak ziren Errenteriara (Gipuzkoa) lanera, beste batzuk Bartzelonara, eta asko Euskaldunara eta Etxebarriara (Bilbo), ez zutelako lortu plazarik Arangurengo fabriketan. Hemendik kanpo gehiago ordaintzen zuten. Gureak —bi ahizpen eta hiruron senarrak— hemen geratu ziren, lantegi elektrikoan. Nire senarra fabrikan hil zen, 30 urte zituela. Hiru haurrekin utzi ninduen: bost urte, lau urte eta bi hilabete zituzten, hurrenez hurren. Bankuko bulegoetan lana eskaini zidaten, aparteko orduak egiten nituen, eta arratsaldez psikiatra batekin egiten nuen lan, txostenak egiten banaketetarako, jendea soldaduskatik salbatzeko... Psikiatrak alaba baten modura hartu ninduen. Jende onarekin egin dut topo bizitzan. 25 urtez, Deustun (Bilbo) ibili nintzen lanean eta bizitzen.

«Industriaren garairik indartsuenean, zazpi janari denda zeuden. Orain, bakarra dago»

Noiz hasi zinen garai industrialeko lekukotzak eta argazkiak jasotzen?

Ba, ez zaizkit inoiz burutik joan. Nik argazki asko nituen. Aitak oso gustuko zuen argazkiak ateratzea, eta, gurasoen etxea nik hartu nuenez, han zeuden gordeta haren argazki guztiak. Eta, ikerketaren harira, jendeari eskatzen hasi nintzen.

Lantegietako emakumeak libururako utzi zenituen argazki asko kalean ateratakoak dira. Baina badaude fabriken barruan ere hartutakoak. Adibidez, La Papelerako laborategietan lan egiten zuten andre batzuk ageri dira zenbait iruditan. Nork ateratzen zituen halako argazkiak?

Laborategikoak nire ahizpa gazteak hartutakoak dira, hura ere argazkiak atera zalea zen eta. Berarekin lan egiten zutenei argazkiak ateratzen zizkien.

Nola aldatu da Arangurengo paisaia?

Orain oso leku tristea da. Industriaren garairik indartsuenean, zazpi janari denda zeuden, eta zortzi taberna. Orain, janari denda bakarra dago, eta hiru bat taberna. Asko Zallara joan dira bizitzera, eta hemen gaudenok ahal dugun bezala eusten diogu, esfortzu handia eginez. Nik neure burua derrigortzen dut egunero 10:00etarako kalera ateratzera. Herria abandonatuta dago.

Zelakoa da Arangurenen zahartzea?

Oso gauza txarra. Nik ikusten badut herritarren bat sekulako bakardade egoeran, edo jakiten badut norbait burua galtzen ari dela, mankomunitatean jakinarazten dut. Baina seme-alabak dituzte...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.