H amaika urte behar izan ditu Iruñeko alkateak kale bati Jose Maria Jimeno Jurioren izena jartzeko. Arrotxapea auzoko bizilagunen kanpaina luze baten ondoren, eta Udalbatzak hiru bider eskatu ostean, azkenean hitza bete du Iruñeko Udalak. Yolanda Barcinak —alkate zela— 2002an hartu zuen kale bat topatzeko konpromisoa, eta egungo alkate Enrique Mayak burura eraman du prozesu luze hori. Dena den, kalea ez da Arrotxapean egonen, Arrosadian baizik.
Aurten hamaika urte dira Jimeno Jurio hil zela. Ordutik, historialari artaxoarrari merezitako omenaldia egin nahi izan diote Arrotxapeako Ezkaba aldizkariko erredaktoreek. Denetarik egin dute: alderdi politikoekin solasaldiak, elkarretaratzeak, udalean eskariak, txistor jateak... Azkenean, lan horrek guztiak eman ditu bere fruituak.
Ez, ordea, espero zuten moduan. Izan ere, Ezkaba aldizkariak 2005. urtetik darama Arrotxapeko plaza bati Jimeno Jurio dei dakion eskatzen. Plaza horrek ez du izenik, eta horregatik aukeratu zuten. 2006. urtean inauguratu egin zuten modu ez-ofizialean, eta orduan jarri zuten plakak han jarraitzen du. Udalean ere hainbat eskari egin dituzte, eta kalearen aldeko mozioak onartu zituzten 2002an, 2006an eta 2012an. Mayaren erabakiak, baina, Arrotxapetik urrundu du Jimeno Jurio, eta Arrosadian egonen da haren omenezko kalea.
Garaipen gazi-gozoa
Jimeno Jurioren seme Roldan Jimenok dioenez, «arraro xamarra» izan da alkateak hartutako erabakia. Hark du kale izendegia aukeratzeko eskuduntza, eta ezustean harrapatu ditu familiako kideak. «Bi egoera aurreikusten genituen: Arrotxapeko plaza ofiziala izatea, edo ukatzea», azaldu du Jimenok. Beraz, alde batetik kontent dira, zortzi urteren buruan lortu dutelako aldarrikatutako omenaldia. Hala ere, hasieran «atsekabez» hartu zuten albistea, haien asmoa Arrotxapeko plaza lortzea baitzen.
Gauza bera pasatu zaie Ezkaba aldizkariko erredaktoreei. «'Zergatik?', izan zen neure buruari egin nion lehenbiziko galdera. Zergatik Arrosadian bai eta Arrotxapean ez?», esan du Ines Zazu Ezkabako erredaktoreak. Hark azaldu duenez, Jimeno Jurio pertsona maitatua zen Arrotxapean, batik bat auzoko liburutegian egindako lanarengatik.
Egoera ikusita, Jimeno Jurio kalea Arrosadian egotea onartu du familiak, baita Ezkaba aldizkariak ere. Alkateak Roldan Jimenori azaldu dionez, plaza hori ezin da izendatu, ez dagoelako ataririk, ezta dendarik ere. Bestalde, Arrosadia ez da toki txarra, familiaren iduriko. Izan ere, Jimeno Jurio auzo horretan bizi izan zen lehenbiziko aldiz Iruñera joan zenean.
Kalea lortu arren, Jimeno Jurio gogoratzeko besta antolatuko dute aurten ere Arrotxapean, eta txistor jana ez da faltako garaipentxoa ospatzeko. Arrosadian kale bat eskainiko diote, eta Arrotxapean plazak haren izena izanen du,ofizialki ez bada ere. Hemendik aurrera, Iruñeak omenaldi bikoitza eginen dio han urte luzez bizitako artaxoarrari.
Azkenean, merezimendua
Jose Maria Jimeno Jurio izena jarriko diote Iruñeko Arrosadia auzoko kale bati. 'Ezkaba' aldizkariak zortzi urte daramatza Arrotxapeko plaza bati izen hori jartzeko eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu