Joanes Etxebeste: «Azkenean atzeman dut nire pailazoa, edo Joanesena»

Haurtzaroan miresten zituen pailazoek inspiratu, eta bere baitatik sortu zuen berea, 12 urterekin: Pontx. Emanaldi berri bat plazaratu du azaroan, 'Denak plazara'. Horrekin batera, hamar kantuko disko bat ere argitaratu du.

Joanes Etxebeste Sarako plazan, ostiral goizean. PATXI BELTZAIZ
Joanes Etxebeste Sarako plazan, ostiral goizean. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
2025eko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Arrunt libre sentitzen da Joanes Etxebeste sudur gorria ezartzen duelarik (Sara, Lapurdi, 2005). Ttipitik, pailazokeriatan ibiltzen da saratarra, baina 12 urte zituelarik sortu zuen oraindik ere jokatzen duen pertsonaia: Pontx pailazoa. Musika, dantza, antzerkia eta umorea ditu ardatz bere emanaldietan. Sarako plazan den ostatu bat hautatu du bere ibilbideaz eta azaroan abiatutako Denak plazara emanaldiaz hitz egiteko: «Aspalditik aipatu nahi nituen aberastasuna, pobrezia, injustiziak eta klase sozialak».

Joanes ala Pontx?

Egunaren arabera, umorearen arabera, eta betebeharraren arabera aldatzen da hori. Erranen dut ongi etortzen zaidalarik Joanes hautatzen dudala, eta ongi etortzen zaidalarik Pontx.

Zertan zarete desberdinak?

Bi pertsonaia dira, baina pertsona bera. Desberdintasuna bada janzteko moduan, izateko eran eta gauzak errateko modua. Aldiz, antzekoak gara zozokerian, umorean, dena axola izatean.

«Pailazoa izan nahiko nuke» erran, eta pailazo izatea lortu duzu gerora. Nola?

Biziki modu naturalean izan zen. Betidanik ikusten nituen pailazoak telebistan eta emanaldietan, izan Txirri, Mirri eta Txiribiton, edo izan Pirritx, Porrotx eta Marimotots, beti erraten nuen: «Nik handitan pailazo izan nahi dut». Eta horren harira, ganbaran gauzak asmatzen hasi nintzen. Amaren lagun baten urtebetetze batean izan nuen antzezteko lehen aukera, eta geroago, Sarako ikastolaren bestan. Dena naturalki egin nuen, momentuan bertan, konturatu gabe urte batzuk berantago nire ogibidea bilakatuko zela.

12 urterekin hasi zinen Pontxena egiten. Egun 19 urte dituzu. Zu aldatu ahala, nola aldatu da Pontx?

Hasieran, ezagutzen nituen pailazoen nahasketa edo kopia zen Pontx. Ez nekien ongi nondik hasi, zer egin... Ezjakintasunez egiten nituen gauzak. Baina gaur gauza anitz ez nituzke berdin eginen, eta segur hemendik hamar urtera gaur egiten ditudan gauza batzuk ez ditudala gehiago eginen. Pontxek ukan duen eboluzioa ikusita, biziki kontent naiz. Iruditzen zait azkenean atzeman dudala nire pailazoa, edo Joanesena: zirikatzailea, umore onekoa, ironikoa, saltsa guzietan sartzen dena...

Azaroan emanaldi bat aurkeztu duzu, Denak plazara.

Lan hori nire lan handienetan bigarrena da. Emanaldiarekin batera, hamar kantuko disko bat plazaratu dut. Emanaldian hainbat berritasun ekarri ditut: nirekin batera, beste antzezle bat dut, Alazne Etxeberria. Laburki, saltzailea den bere lagun bat laguntzera joanen da Pontx, herriko denda batera. Lagunak Pontxi utziko dio denda denbora baterako. Baina arazoa da herriko auzapezak saltegia itxi nahiko duela aireportu bat eraikitzeko. Auzapezak dirua lortu nahi du turismoaren eta modernitatearen bitartez. Emanaldi denboran, Pontxek ahal duen guzia eginen du denda ez ixteko; herri osoa plazan elkartuko da aterabide bat atzemateko.

Emanaldia sortzeko, Beskoitzeko ikastolako gertakarietan inspiratu zineten, ezta?

Beskoitzeko auzapezak herriko ikastola itxi nahi zuen, Euskal Herriko kultura eta hizkuntza gutxietsi. Gertakari hori beste modu batera islatu nahi genuen, eta, ikastola hartu ordez, herriko denda hartu dugu. Gainera, emanaldiko denda Leizarra da, arbolaren hostoa, eta justuki, arbola horren hostoa da Beskoitzeko ikastolaren logoa. Ipar Euskal Herriko izanki, garrantzitsua zen gai hori jorratzea. Aspalditik aipatu nahi nituen aberastasuna, pobrezia, injustiziak eta klase sozialak.

Beste pertsonaia bat duzu ikusgarrian, eta Alazne Etxeberriak du antzezten. Goazen! telesailaren grabaketan ezagutu zenuten elkar. Nola oroitzen duzu abentura hura?

Bi urte egin nituen Goazen!-en. 16 urterekin sartu nintzen, 2021-2022ko eta 2022-2023ko denboraldietan izan nintzen. Goazen! ene biziko ametsa zen. Kristoren esperientzia izan zen, ber zaletasunak dituzten gazteak topatzeko parada bat. Grabaketa udan izaten da; beraz, bai, lana da, oso nekagarria, baina, zinez, berriz ere berdin-berdin parte hartuko nuke. Euskara, antzerkia, dantza, kantua... Maite ditudan gauza guztiak nahasten ditu. Alazne [Etxeberria] bigarren denboraldian ezagutu nuen, eta segituan harreman ona sortu genuen. Nire emanaldi berrian parte hartzeko proposatu, eta segituan onartu zuen.

Harreman estua duzu Katxiporreta kooperatibakoekin. Iaz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldian parte hartzea proposatu zizuten.

Iazko urte hasieratik parte hartzen dut haien emanaldietan: Lore antzezten dut. Ohore bat da niretzat.

Tipidanik miresten dituzu. Zein da eman dizuten kontseilurik baliagarriena?

7 urte ditudanetik ezagutzen ditut bertatik bertara. Betidanik sostengatu naute egiten dudan guzian, eta beti animatu naute segitzera. Hasieran, harritu nituen: 7 urteko haur bat ikusten zuten osoki bere baitatik ari zena. Haien emanaldiak kopiatzen nituen; zortzinaka egiten zutena bakarrik erreproduzitzen nuen. Katxiporretakoak beti esker onekoak dira, eta aholku bikainak ematen dizkidate. Sekula ez dituzte honelako oharrak egiten: «Hori ez da ongi, horrela egin behar duzu», edo «Hori aldatu behar zenuke»; baina, bai, nire bidea eta estilo propioa atzematera bultzatu ninduten: «Egin ezazu ateratzen zaizuna, eta zure estilo propioa atzeman ezazu». Horrez gain, kooperatibako batek erran zidan emanaldiaren hasierak eta bukaerak beti bikainak izan behar dutela; tartean gertatzen dena barkatzen ahal da. Hori da atxiki ditudan aholkutako bat.

LOTSABAKO

Sudur gorria ala bilo-ordea?
Sudur gorria.

Denak plazara, baina zer plazatara?
Sarako plazara.

Diskoko kantu kuttunena?
Kantatzera gatoz edo Opari ederra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.