Battitta Larzabal. Anai Artea elkarteko kidea

«Azken presoa aterako delarik bukatuko da Anai Artearen lana»

Ipar Euskal Herriko politikan buru-belarri aritu da, eta oraindik ere horretan dihardu Larzabalek, beste maila batean. Iheslariei laguntzeko elkartean sartu aurretik, Aljerian eta Parisen ibilia da. Frantziako Hezkuntza Nazionalean irakasle izan da.

BOB EDME.
Baiona
2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Baionan Errobi ibaiaren hegian bizi da Battitta Larzabal (Hazparne, Lapurdi, 1938), orain dela zenbait urte Harluxet familiarekin batera erositako etxean. Poliziak ongi ezagutzen zuen etxe hura, hilabetez egon baitzen zaintzen nor eta noiz sartzen eta ateratzen zen ikusteko.

Nolako heziketa izan zenuen?

Eskolan 6 urterekin hasi nintzen, eskola laikoan, eta han ezagutu nuen euskararen kontrako giroa. Eskolan ezin zen euskaraz hitz bat bera ere erran, eta espioitza lana ere egin behar zen. Ziri mutur bat ematen zuten euskaraz mintzatzen bazinen, eta, gero, beste bati pasatzen saiatu behar zinen. Zigorrak ez ziren, hala ere, basakeriak, gela garbitu behar zen edo horrelako zerbait. Frantsesa han hasi nintzen ikasten, etxean beti euskaraz egiten genuen, eta hori psikologikoki nekeza izan zen.

Hezkuntza frantses horrek markatu zintuen?

Ez dut erraten ahal. Gero, kolegioan antzekoa zen, euskaraz hitz egiteagatik ez zuten zigorrik aplikatzen, hala ere. Gu frantses gisa haziak izan gara; nik 20 urterekin abertzale hitza ez nuen ezagutzen, Aljeriatik jin eta ezagutu nuen, han egin nuen soldaduska.

Bankuko langile, irakasle... hainbat ofiziotan aritu zara.

1962an, Bordelen laborantzako aseguruak egiten hasi nintzen, eta, gero, Xarritonek [Piarres] deitu ninduen —Hazparneko kolegioko burua zen orduan—, irakasle bat behar zutela eta. Urtebete egin nuen irakasle, baina ez nuen segitu nahi, ez bainuen prestakuntzarik, eta, geroago, abertzale mundua ezagutzen hasi nintzen. Goiztiri argitaletxe txikian hasi nintzen, eta hor ezagutu nituen Benito Del Valle, Eneko Irigarai; Txillardegi ere ezagutzen nuen… Orduan sartu nintzen Enbatan.

Egun batez, istripu bat ukan nuen beste auto batekin Baionara heldu nintzela, Uztaritzeko lagun bat zen. Hark galdegin zidan zertan ari nintzen, eta bankuan lan egitea proposatu zidan. Nik bankuen berri ez nuen, baina aurkeztu, eta bi urte egin nituen. Gero, hezkuntza nazionaleko ikastaro bat banuen Miarritzen, eta lehiaketa batera aurkezteko proposatu zidaten. 'Zergatik ez?', erran nuen. Lehiaketa pasatu nuen, eta bost urterako kontratua egin zidaten. Urte horietanez nintzen ateratzen ahal hezkuntza nazionaletik. Parisko iparraldean hasi nintzen, Aulnay sous Boisen. Historia eta frantsesa ematen nuen.

Parisen zinela euskaldunekin harremanik bazenuen?

Parisko Euskal Etxeko giroan sartu nintzen. Orduan, giro bitxia zen. Hango presidenteak Espainiako kontsulatua errezibitzen zuen, eta horrelako gauzak egiten zituen, arrunt giro vasco-français zen. Talde bat bagenuen eta Operation Itzul egingo genuela pentsatu genuen, denak Paristik Euskal Herrira itzuli behar ginela. Iraultza txiki bat ere egin genuen: presidente berri bat jarri zen, espiritu irekia zuena. Klaudio Harluxet jarri nahi genuen. Presidente aldaketarekin gauzak lasaitu ziren.

Gero, Frantziako Gobernuak Enbata desegin zuen.

1971n izan zen hori, Paristik itzuli ginenean. Orduan atera genuen ere Zabal aldizkaria, dena euskaraz. Errefuxiatu anitz zeuden sartuak han. Enbata deseginda, HAS Herriko Alderdi Sozialista sortu genuen. Sortzaile gehienak Enbatatik heldu ginen. Hilabetekari bat ere atera genuen: Euskaldunak. Beste aldeko talde batzuekin harremanetan jarri ginen, eta hortik sortu zen EHAS Euskal Herriko Alderdi Sozialista. Alderdi bera baina bi buruzagitzarekin. Iparraldekoek guk sentitzen genuen bezala egiten genuen politika, eta Hegoaldekoek eurek sentitzen zuten bezala. Elkarren artean buru bateragile bat genuen. Han ziren Xanti Brouard eta.

Zer pentsatzen zenuten Iparretarrak taldeari buruz?

Alde berean ginen, baina ez ginen ados. Ideologian ez genuen diferentzia handirik, baina metodoetan guk pentsatzen genuen Iparraldean ez zela gaitasunik borroka armatu baten egiteko. Aski problema bagenuen Hegoaldeko borroka armatuarekin Iparraldean. Horrelako talde batekin Polizia besterik ez zela izanen pentsatzen genuen, abertzaleentzat ezin bizia izango zela, alegia. Nik nire aldetik ez nuen pentsatzen Iparretarrak taldeak iraun zuen bezainbat iraunen zuenik.

Zer ibilbide egin zuen EHASek?

Zazpi urte iraun zuen, 1981ean desegin zen. Batasun bat egiten saiatu ginen, baina beste taldeek uste zuten dena dominatu nahi genuela. Guk frantses ezkerrarentzat bozkatzen genuen. Legeak frantsesak dira, eta gu abertzale sozialista gisa ezkerretik hurbilago ginen eskuinetik baino. Orduko giroa ulertu behar da. Bagenekien Iparraldean biziki mugatuak ginela, ez ginela zabalduko.

Bozetara joan behar ginela konbentzituak ginen. Hegoaldeko jendeak, ordea, ez zuen pentsatzen gauzak zeuden bezala ikusita demokrazia bezalako zerbait sortu ahal zitekeela. Orain ageri da trantsizioa nola egin zen, katalanekin zer pasatzen den ikusi besterik ez dago. Frankismoaren DNA hor dela ageri da. Gero,Euskal Batasuna sortu zen, baina talde txiki gisa.

Zein garaitan iritsi zinen Anai Artea elkartera?

1971n sartu nintzen elkartean, eta orduan Frantziako administrazioarekin ezin zen harremanik ukan, ez zen gehiago iheslaririk, denak terroristak ziren estatuarentzat. Presoen alde lanean ari ginen. Alde guztietakoak presoen hurbilketaren alde jartzea zen gure helburua, eta, emeki-emeki,Euskal Herriko kontseilarien gehiengoaren atxikimendua lortu genuen. Eskatzen genuen ea amnistia eskatuko zuten preso politikoentzat. Guk beti erran dugu preso politikoak zirela, eta ETAkoak preso politikoak zirela onartzea politikan den pertsona batentzat kalkulu bat eskatzen du. Kontseilarien gehiengo batek sinatu zuen.

Zer-nolako trabekin egin zenuten topo?

Hastapenean iheslariei estatu politikoa lortzea erraza zen, baina gero zaildu zen, eta gero ezin zen. Espainia demokrazia zela deklaratu zenean, borroka armaturik ezin zela egin erran zuten. Kontua hori da. Bestalde, miaketak izan ziren, bonba ere jarri zuten, poliziek ere jarraitzen gintuzten...

GALen garaiak nola gogoratzen dituzu?

Ez ginen sobera fidatzen, egia erran. Mesfidatzen ginen, GALekoak zenbaitetan tronpatzen baitziren, eta kasu ematen genuen. Autoaren azpian so egiten genuen ezer ez zela ikusteko. Errefuxiatuak zoko guztietan zeuden, ezin zen sobera mintzatu… Zangoak non pausatzen genituen kasu ematen genuen.

Etxe honetatik, gure etxetik, nor ateratzen zen eta sartzen zen ikusteko Espainiako Polizia uraren bestaldean hilabetez egon zen. Nire alaba Idoia La rubia deitzen zuten, eta kolegiora joateko motxila batekin ateratzen zela eta horrelako gauzak apuntatzen zituzten. Hori guztia Jose Maria Irujo eta Ricardo Arquesen ETA, la derrota de las armas liburuan dago jasota.

Noiz bukatuko da Anai Artearen lana?

Azken presoa aterako delarik bukatuko da Anai Artearen lana. Norbaitek gure segida hartzea nahi dugu, eta hori prestatzen ari gara, gu adinean aitzina goaz eta. Oraingoz, ez dut erranen zertan ari garen baina ideiak baditugu, zerbaitetan hasiak gara, baina oraindik ez dira ofizialak. Sinbolikoki Anai Artea garrantzitsua izan da gizartearentzat, batez ere Monzonen garaian. Xibertako aktak ere hor daude.

Beste Xiberta bat beharrezkoa litzateke?

Neke da. Frantziak eta Espainiak estatu gisa jokatzen dute, diplomazian, hezkuntzan… eskuinekoak zein ezkerrekoak izan. Guk ere estatu gisa jokatzen ikasi behar dugu, batasun bat lortu oinarrizko gauzetan, bederen.

Kataluniako afera Euskal Herrirako baliagarri izango dela uste duzu?

Katalunia Euskal Herria baino handiagoa da, ekonomikoki eragin handiagoa du Espainian eta ikusiko dugu Espainiak nola jokatuko duen. Euskal Herrian jeltzaleek badute beren politika, eskuineko besoarekin Madrilera lotzen dira eta ezkerrekoarekin Euskal Herrira.

Kataluniarrek eskatzen dute euskaldunek duten maila bereko estatutu bat izatea. Ez dute hein horretakoa. Nolatan dute, beraz, euskaldunek katalanek baino estatutu hobea? Orduan ETA karriketan zen, eta euskaldunek lortutako estatutu hori ETAri esker izan da. Euskal gobernuak ez du hori eskertu oraindik.

Nola sentitzen duzu gaur egungo egoera?

Gauzak asko aldatu dira. Orain bada Euskal Elkargoa, lehen pentsaezina zen. Lehen aldiz historian ttitta batzuk emanak dira mapan Euskal Herriaren inguruan. Pentsa ezazu Parisko jakobinoentzat gauza hori onargarria ote den. Elkarte horrek ez du indar handirik, baina baditu zenbait eskumen, oinarri bat da. Baionan ere lizeo berri bat bada, horrek ere zerbait erran nahi du. Bakearen Artisauen lana ere biziki positiboa da. Abertzaleen aldetik ontsa antolatu dira gauzak baita prefeturaren aldetik ere, gauzak zintzoki egin dira. Zerbait erran nahi du horrek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.