Gasteizko jaiak

Azken aldiz igaro du plaza

Milaka pertsonak eman diete hasiera Gasteizko jaiei, Zeledonen jaitsierarekin. Azken aldiz hezurmamitu du Gorka Ortiz de Urbinak Zalduondoko baserritarra

Zeledon, Andre Maria Zuriaren plazan, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
Unai Etxenausia - Julen Otaegi Leonet
Gasteiz
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Azken jaitsiera izan zen Gorka Ortiz de Urbinarentzat. Azken aldiz zuzendu zitzaien atzo Zeledon gisa gasteiztarrei. Arratsaldeko seietan eman zien hasiera Gasteizko jaiei, atzo. Ortiz de Urbinak Zeledon haragituko duen azken urtea izango da. 21 jaitsieraren eta 23 urteren ondoren, gasteiztarrek agur esan zioten gazte askok ezagutu duten Zeledon bakarrari. Gutxienez udazkenera arte itxaron behar da hurrengoa nor izango den jakiteko.

Dagokion orduan iristen diren horietakoa da Zeledon. 18:00etarako esan, eta 18:00etan agertzen diren horietakoa. Alaveseko jokalariek eta Arabako Garrasia harmailako zaleek orduan eman zioten abisua Zeledonen panpinari; suziria jaurti ostean jaitsi zen San Migel elizako kanpandorretik.

Puntuan eman zieten hasiera ofizialki Gasteizko jaiei, baina bi ordu lehenago hasi zen giroa berotzen Andre Maria Zuriaren plazan. Prest zeuden larrialdietako langileak eta udaltzainak. Goizean goizetik festan hasi ziren milaka lagunak prest zeuden plazara sartzeko. Urtero legez, istripuak eragozteko, baina, beira eta latak plazara sartzea debekatu zuten, eta, arautegia betetzeko, sarbide guztiak hesitu zituzten. Poliziak zeuden bertan kontrola egiteko.

Ilara luzeak sortu ziren plazara sartzeko, eta, behin barruan, milaka pertsona bildu ziren, jai giroan ospakizunei hasiera emateko. Poliki-poliki, guztiek sartzea lortu zuten, eta 16:30erako betea zen plaza. Alkoholak berotu zituen itxaronaldian zeudenak. Udako egunik hotzenetakoa izan zen atzokoa: tenperatura 19 graduren bueltan zegoen.

17:00etan, kanpai hotsek jo zutenean, jendea erotu egin zen. Zapiak aireratu zituzten askok; elkarri bultzaka zebiltzan beste asko. Dantzan pasatu zuten jaitsiera aurreko azken ordua. Bozgorailuetako musikarekin girotu zuten plaza, eta jendea dantzan jarri. Plaza inguratzen duten etxeetatik, bizilagunek ur pertzadak botatzen zituzten.

Udako modako abestiak, euskal kanta tradizionalak, ingelesez direnak... denetarik dantzatu eta abestu zuten plazan ziren herritarrak. «Gero etxera joango zara dutxa bat hartzera?», galdetu zion lagun batek besteari. «Berriz zikintzeko? Ezta pentsatu ere», erantzun besteak barrezka. Kamiseta zuria zena busti-bustita zeukaten biek, baina etxera joatea ez zen aukera bat inorentzat.

Euskal Herriko mugimendu politikoetako kideek ere lortu zuten pankartak erakustea. Euskal presoen askatasunaren aldeko mezuek inguratzen zuten plazako eskultura. Horretarako, hesia eta eskulturaren goiko zatia eskalatu behar izan zituzten. Horrez gain, Arabako mendiak aske!, Independentzia!, Sozialismoa eraiki... agertzen ziren pankarta erraldoiei eusten ari ziren beste asko.

Azkenean, jaiak

Musika gelditu zenean, jendea ero moduan hasi zen oihuka, saltoka eta Zeledonen abestia abesten. Orduan bota zuten suziria, arratsaldeko seietan. Bertan agertu zen Zeledon, Ortiz de Urbinak hezurmamituta, milaka gasteiztarren aurrean, eta hainbat lagunen babespean zeharkatu zuen plaza. Kalimotxoarekin arrosa kolorekoa utzi zioten alkandora; busti-busti eginda heldu zen beste aldera. «Gora Gasteiz! Gora Andre Maria Zuriaren jaiak! Gora Gasteiz!», esanez hasi, eta Zeledonen abestia kantatzeari ekin zion.

Tartean, Alavesen ereserkia ere abestu zuen —gizonezkoen taldea Lehen Mailara igo zen ekainean—. Aterkia itxi zuen agurtu ostean, baina irekiarazi egin zioten, azken aldiz abesteko berriro Zeledonen abestia. «Primeran tratatu nauzue! Bihotzean eramango zaituztet betiko!», oihukatu zien plazan ziren gasteiztarrei. «Mila esker! Tabernetan ikusiko dugu elkar!», amaitu zuen diskurtsoa.

Gasteiztarrek aurpegi ezaguna dute Ortiz de Urbinarena: 21 alditan izan du eskuan Zalduondoko (Araba) baserritarraren aterkia. Aurtengoa du azkena, ez baititu gainditu nahi bere aurretik Zeledon izan zirenak—22 urtez aritu zen Jose Luis Isasi, eta 21 urtez Iñaki Landa. «Harro» dago 2001etik gaurdaino egindako lanaz. Irailean egingo diote aitortza, Urrezko Zeledon saria jasoko du eta. Gasteizko hiriari ospe ona emateagatik eta urteetan zerbitzu ona eskaintzeagatik ematen da sari hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.