Azkarra eta garbia

Sei zauritu izan dira Cebada Gago ganadutegiko zezenen entzierroan, eta horietarik lau ospitaleratu dituzte.

Mercadereseko bihurgunean blusa urdina daraman gizonak izandako erorketaren sekuentzia (II). VILLAR LÓPEZ / EFE.
Zezen beltz bat eta blusa urdineko gizona estropezu egiten, Mercaderes kaleko bihurgunean. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
Iruñea
2024ko uztailaren 8a
09:00
Entzun

Bi minutu eta 41 segundo. Denbora hori behar izan dute Cebada Gagoko zezenek San Domingoko ukuilutik zezen plazara bitarteko 800 metroak osatzeko. Arriskutsu ospea izan ohi dute Medina Sidoniako ganadutegiko (Cadiz, Espainia) zezenek Iruñean korrika egin ohi duten bakoitzean, baina aurtengo bigarren entzierroan ez da adarkaturik izan.

Suziriak jo, eta, beti bezala, San Domingoko aldapan gorantz egiterakoan, oso azkar aritu dira sei zezenak. Haietako bi atzerago geratu dira, eta alde bietara zuzendu dute begirada. Ez dute, baina, imintziorik egin mehatxua errealitate egiteko. 

Aurreranzko bidean, Mercadereseko bihurgunean sortu da tentsio handiko beste uneetako bat. Blusa urdin argia zeraman korrikalari batek estropezu egin du bihurgunean ordurako erorita zegoen zezenarekin, eta, altxatzerakoan, adarra paretik pasatu zaio. Zezena irauli egin da, baina aurrerantz jo du, alboan zuena panpina bat balitz bezala atzean utzita.

Hutsuneak sortu dira korrika egiteko Cebada Gago zezenen aurrean, baina jendetza egon da. JON URBE / FOKU
Korrika egiteko hutsuneak sortu dira Cebada Gago zezenen aurrean, baina jendetza egon da gaur ere. JON URBE / FOKU

Estafeta kalean, taldeak sakabanaturik egin du aurrera. Ez da bezperako jendetzarik izan, baina jende ugari zegoen ibilbide osoan. Zezenen alboan korrika egiteko parada izan dute haietako batzuek. 

Telefonicako bihurgunean multzo bat osatu da, baina zezenek ez dute harantz jo. Atzetik zihoazenek, joaldunen arrastoa galdu arren, aurrera egin dute, alboetan zuten jendetzari erreparatu gabe.

Plazara oso sakabanaturik heldu dira, eta zezenetako bi, harea zapaltzearekin batera, jendeari begira hasi dira, eta imintzioa egin dute haienganantz jotzeko. Palmosillakoek igandean plaza osoari egindako bi biren oroitzapena oso gogoan izan dute denek. Azkenean ukuiluetara zuzendu dituzte bi zezen horiek. Zezenetako bati nabari zitzaion ezkerreko adarra gaizki zuela. Ziurrenik, bizitza luzatu ahalko du istripu horren ondorioz, ez baita izango arratsaldeko zezenketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.