Artista

Marisa Maestre Rebollo: «Azalpen asko emateak irudimena mugatu baino ez du egiten»

Artelanak sortu eta erakusteaz gain, tailerrak ematen ditu Maestrek; gaur, Lizarran (Nafarroa) eginen du ikastaroa. Interpretazioa eta sormena «hartzailearen esku» utzi ohi ditu beti.

Marisa Maestre, bere estudioan. MARISA MAESTRE
Marisa Maestre, bere estudioan. MARISA MAESTRE
Iratxe Muxika
2024ko azaroaren 16a
05:00
Entzun

Elementuak hartu eta nahastea. Hori baino gehiago ere izan daiteke collagea, eta Marisa Maestre Rebollok (Madril, 1977) argi du hori. «Komunikazio tresna bat» da harentzat collagea, eta gustuko duen leku horretan egon ohi da ahal duenetan: «Alde bisuala eta emozionala elkartzen diren puntu horretan, justuki». Konposizio artistikoa eta inprimaketa botanikoa tailerra emanen du gaur, Lizarran (Nafarroa). 

Aplikazio anitz daude collagea egiteko: erraza dirudi.

Kontua da aplikazio batek ez dizula eskuz egingo, eta hori berehala antzematen da. Adimen artifizialak era digitalean egingo du artea, nonbait ikusi dituen gauzak eta norbaitek esan dituenak nahastuta; besteren ideiak hartuta. Ez du ideia eta mezu propiorik garatuko, hori egiteko izaki biziduna izan beharra baitago. Egin daiteke collagea digitalki, noski, baina halakoetan ere segituan ikusten da obra nola sortu den.

Bi elementu hartzea eta nahastea da, ezta? 

Niretzat collagea da elkarren artean oso desberdinak diren elementuak hartzea eta bakoitza jatorrizko testuingurutik ateratzea. Hau da, adibidez, naturako hainbat elementu hartzea eta guztiz bestela erabiltzea. 

Zer elementu nahasten dituzu normalean?

Naturako elementuak eta material birziklatuak. Kanpoan topatzeko modukoak gehienak. Gustatzen zaizkit denbora eta memoria erakusten dituzten elementuak: argazki zaharrak, liburu zimurtuak, telak, hariak... Espazioak irudikatzea ere gustatzen zait: bizi ditudan espazioak eta bizigabeak. 

Testurekin jolasten zara, orduan.

Bai, maiz, eta horregatik gustatzen zait azaltzea collagea ez dela txikitan egiten genuen moztu eta pegatzeko tresna hori: aldizkariko orri bat hartu, moztu eta pegatu. Izan daiteke hori, baina ez hori bakarrik. Oso artelan demokratikoa da, gainera. Izan ere, edozeinek egin dezake, eta lortuko du emaitzarik, hain segur. 

Beti eduki behar du mezu bat gibelean?

Ez. Mezuren bat baldin badu, ondo; gustatzen zait lanek mezu bat izatea. Halere, ez dute beti zerbait esan behar; nireek, askotan, ez dute inolako mezurik atzean. Ez da beharrezkoa, alegia. Uste dut obra baten interpretazioa hartzaileak egin behar duela eta haren esku utzi behar dugula artistok

Librea izan behar du?

Obra bati buruzko azalpen asko emateak irudimena mugatu baino ez du egiten, eta arteari bidea ixten zaio horrela. Hartzaileek beren interpretazio propioa egin behar dute. Gainera, gerta daiteke lehendabizi obra bat sortzea eta gero, behin bukatuta, interpretazioa egitea eta zentzua jartzea. Ez dut uste ordenak ezer aldatzen duenik. Eta egongo dira, ziurrenik, sekula zentzurik eta interpretaziorik izango ez duten obrak. Edo dozena bat zentzu topatzen zaizkionak. Hori da artearen gauzarik politena, eta horrek ematen dio bide gure arteko komunikazioari. Interpretazioak ez luke agindua izan behar, baizik eta erabat norberarena. 

Zer prestatu duzu gaurko tailerrerako? 

Hainbat eta hainbat tailer egiten ditut, eta oso desberdinak izaten dira. Lizarrakoa, adibidez, neuk proposatu nuen. Duela gutxi, Iruñean izan nintzen, eta han nintzela erabaki nuen beste tailer mota bat egingo nuela inguruan. Bi saiotan banatuko dut biharkoa: batean, konposizio artistikoa azalduko da, eta, bestean, inprimaketa botanikoa egingo dugu hango naturako elementuekin. Lehenik, teoria; eta gero, praktika. 

Lehendabizi ideia pentsatu, eta gero obra sortu? 

Lan egiteko modu asko daude gurean, gainerako arte esparruetan bezala, noski. Batzuetan ideia bat oso garbi izaten dut buruan, eta zuzenean ekiten diot hura egia bihurtzeari. Horrelakoetan, gerta liteke aurrez pentsatutakoa zertxobait aldatzea, erabat aldatzea edo pentsatu bezalaxe ateratzea. Nik aurrez buru lan handia egiten dut, baina ez hainbeste pentsatzeko zehazki zer egingo dudan, baizik eta erabakitzeko zeren inguruan aritu nahi dudan. Beste batzuetan, mahai gainean elementuak jarri, eta halaxe hasten naiz lanean, aurretik ezertxo ere pentsatu gabe: ez araurik, ez eta pautarik ere. 

Collagea fikzioa da beti? Edo izan daiteke erreala ere?

Izan daiteke faltsua, baina izan daiteke oso erreala ere. Orain, adibidez, amonaren erretratu batekin ari naiz lanean, eta hari gustatzen zitzaion lore bat erantsiko diot. Horrek asko du errealitatetik, baina collagea da, halere. 

LOTSABAKO

Testura bat?
Hostoarena.

Bi irudi?
Erretratua eta zuhaitza.

Hiru forma?
Borobila, angeluzuzena eta karratua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.