Izena 183. lege proposamena du, eta Islandiako Legebiltzarrean eztabaidatzen ari dira egunotan. «Zirkunzisio erlijiosoaren legea proposatu dugu, haurraren eskubideak zaintzeko, erabakitzeko eskubidea izan dezan, adina duenean», esan du Silja Dogg Gunnarsdottir legebiltzarkideak. «Ordura arte, haurren gorputzek ukigabeak izan behar dute, gure ustez». Zentro eskuineko Alderdi Progresistako kidea da Gunnarsdottir, eta berak proposatu du legea. Legeak alde ditu ezker eta eskuineko hainbat alderdi, eta herritarren sostengu zabala.
Emakumeen genitalen mutilazioa 2005. urtean debekatu zuten legez Islandian. Europako herrialde gehienetan dago galarazita. Orain proposatu duten legean, neskak hitza haur berbarekin ordezkatu nahi dute, mutilei ere zabaltzeko, Gunnarsdottirrek azaldu duenez. Eskandinaviako herrialdeak aitzindariak dira Europan mutilen zirkunzisio edo erdainketa erlijiosoaren kontrako borrokan. 2013an, herrialdeetako herri defendatzaile guztiek agiri bat sinatu zuten debekatzea eskatzeko, Nazio Batuen Erakundearen Haurren Eskubideen Konbentzioaren aurkakoa delakoan.
Islandiako egitasmoak haserrea piztu du uharteko zein Europako kontinenteko komunitate judu eta musulmanen artean. Izan ere, aurrekaria ezarriko luke, eta lege debekua beste herrialdetara zabal liteke. Nabarmendu dute haurren zirkunzisioa edo erdainketa euren erlijioaren funtsezko praktika dela. Esan dute eztabaida hori beste ohitura erlijiosoak —jantzi islamikoak, kasurako, edo animaliak hiltzeko koxer (judua) eta halal (musulmana) prozedurak— debekatzeko boladaren parte dela .
Zientziaren hitza
Baina zer dio zientziak mutilen erdainketaren inguruan? «Gaur, ez dugu egiten ez bada beharrezkoa», esan du Roberto Llanera sendagileak. Urologia irakasten du EHUn. Llanerak adierazi duenez, zirkunzisioak zentzua izan zezakeen behinola, Ekialde Hurbileko paraje lehorretan, higiene gutxiko garaietan. Gizonezkoen zakileko puntako azalpean zikinkeria eta isuriak pila daitezke, eta horiek gaitzak eragin ditzakete.
«Niri etorri zait baten bat estetikarengatik egitera. Baina nik ez dut halakorik egiten». Izan ere, prepuzioak edo moko-azalak «zer baitetarako balio du», esan du sendagileak. Zakil moko edo glandearen sentsibilitatea babesteko balio du, esaterako. Uretra kaltetzen denean ere, urologoek prepuzioko azala erabiltzen dute berreraikitzeko, txerto bat egiteko. «Haurrak fimosiarekin ekartzen dizkigutenean, azala hazi eta zabaldu arte itxoiteko esaten diegu gurasoei, edo kortikoide ukendu bat ematen diegu. Horren bidez, erdaintzea saihesten dugu. Bakarrik oso itxita dagoenean egiten dugu, edo balanitisa [zakil mokoaren infekzioa] dagoenean».
Badira, edonola ere, zirkunzisioaren aldekoak. 2007. urtetik, Osasunaren Munduko Erakundeak gizonezkoen borondatezko zirkunzisioa gomendatu du Afrikako 14 herrialdetan, horrek %60 murrizten duelakoan emakumeek gizonezkoei GIB Giza Immunoeskasiaren Birusa transmititzeko arriskua. Betiere, GIBarekin kutsaturiko populazio handiak dituzten estatuak dira, babesteko beste neurririk ez dutenak. Horrez gain, zirkunzisioak zakileko minbizitik babesten du, fimosia eta behar bezalako garbitasunik ez dagoenean. Edozein kasutan, gizon helduen zirkunzisioaz ari da OME.
Osakidetzak osasun arrazoiengatik bakarrik egiten ditu erdaintzeak. Urtero, familia musulmanetako ehunka haurri egiten diete ebakuntza klinika pribatuetan. 2009an, Komunitate Islamikoen Batasunak lan hori bere gain hartzeko eskatu zion Osakidetzari. «Neuk debekatu egingo nuke zirkunzisioa haurrei arrazoi erlijiosoengatik egitea, baina 2.000 urteko historiaren kontra joatea litzateke», esan du Llarenak.
Osasuna eta osotasuna
Yolanda Rodriguez Munduko Medikuak erakundearen Nafarroako presidentea da, baina bere iritzi pertsonala eman du, taldeak ez duelako jarrera ofizialik gaiaren inguruan. Rodriguezen arabera, mutilak erlijio arrazoiengatik erdaintzeak «ez du zentzurik», baina ezin dira parekatu gizonezkoen zirkunzisioa eta emakumezkoen genitalen mutilazioa. «Gizonezkoenak ez du emakumezkoenak duen osagai patriarkala eta generokoa, eta ez ditu haren ondorio fisiko eta psikiko larriak, egoera txarrean dauden tresnekin egiten ez bada, behintzat. Horrez gain, gizonezkoen zirkunzisioan ez da organo genitalik mutilatzen».
Bi prozedurek badituzte antzak, ordea. Biak dira arriskutsuak: infekzioak, odol isuriak... Biak dira traumatikoak umearentzat, eta biek kalte egiten diote sexu bizitzari, gizonezkoei glandeko azala gogortzeak sentikortasuna murrizten baitie. Baina aldeak oso handiak dira. Gizonen zirkunzisioan inoiz ez da sexu organoaren muina kentzen. Emakumeen mutilazioak arrisku handia dakar, bai egiteko orduan, askotan ehun gehiago kentzen direlako, bai ondoren, alua estutu izana hilgarria izan daitekeelako erditzean. Emakumeen mutilazioak kalte handiagoa egiten dio biktimaren sexu bizitzari —organoen zenbat zati kendu diren, horren arabera—.
«Eskandinavian dagoen eztabaidak gehiago du zerikusia estatuaren laikotasunarekin, giza eskubideekin baino», esan du Rodriguezek.
Save The Children taldeko David Del Camporen arabera, ordea, nesken mutilazioaren kasuan ez bezala, ez dira egin kanpainak mutikoen erdaintzearen kontra, tradizio judu-kristauko Mendebaldeari loturiko praktikak direlako: «Herrialde horien jarduera erlijiosoen gainean ez dago halako presiorik nazioartean». Del Campok onartu du zirkunzisioa osasun baldintza hobean egiten dela normalean. Estatistikekin ez fidatzeko ohartarazi du, zirkunzisio erlijioso asko osasun arrazoiekin mozorrotzen dituztelako.
«Heldu bat ezingo genuke behartu zirkunzisio erlijiosoa egitera. Orduan, zergatik haurrak bai?», galdetu du Del Campok. Normalean gurasoek eramaten dituzte mutikoak erdaintzera, eta adituak uste du haiekin lan egin behar dela: «Hautsi egin behar da haurren bizia arriskuan jar dezaketen praktika ez normal horien normaltasun itxura, batez ere gurasoengan. Inongo erlijiok ez duelako justifikatzen jendearen bizitza arriskuan jartzea». Save The Childrenekoek honela ulertzen dute: «Erlijio askatasuna bai, baina aurretik dago umeen osasuna eta osotasuna».
Danimarkan ere, legea
Lena Nyhus danimarkarrak iritzi artikulu bat irakurri zuen IsraelgoJerusalem Post egunkarian. Horretan, gizon batek salatzen zuen Eskandinavian antisemitismoa dagoela erdaintzearen kontrako jarreren atzean. «Ezin nuen sinistu, Danimarkan beti haurren babesa egon delako eztabaidaren atzean», esan du Nyhusek. Emakumeak erantzun bat bidali zuen egunkarira. «Kritika latzak espero nituen; haatik, jende askok idatzi zidan eskerrak emateko, mundu osotik». Antzeko istorioak kontatu zizkioten erdaindutako gizonezko horiek: «Bakarrik sentitu zirela, ez zietela errespeturik izan, euren gorputzak bortxatuak izan zirela, batzuk osasun arazoak izan zituztela, gurasoekin zuten konfiantza hautsi zitzaiela...». Nyhusek haserre topatu zituen osasun arrazoiengatik erdaindutako asko ere, ez zietelako beste aukerarik eskaini ebakuntza egin aurretik.
Nyhus Danimarkako Intact taldean hasi zen zirkunzisioaren aurka lanean. Haren arabera, erlijio askatasuna beti dagokio gizabanakoari, eta, oraingo honetan, haurrari. «Izan al du askatasunik erlijioa aukeratzeko, edo esateko erlijio hori bere gorputzaren atal bat erauztearekin adierazi behar dela? Erantzuna ez bada, ez dago erlijio askatasunik».
Halere, Nyhusek onartu du Eskandinavian badaudela ahots batzuk eztabaida diskriminatzeko erabili nahi dutenak, xenofobiak bultzatuta. «Intactera datozkigunean, leku okerrera etorri direla esaten diegu». Gaiaren inguruko eztabaida galarazteak haiei bakarrik egiten die mesede, gaineratu duenez.
Urte hasieran aurkeztu zuen Nyhusen taldeak herri proposamena Danimarkako Legebiltzarrean. «Islandiakoa eta Danimarkakoa prozesu paraleloak dira», esan du. Nyhusek ziurtzat jo du eztabaida beste herrialdetara zabalduko dela. Esan du Kanadan gaiaren inguruko mugimendu handia dagoela dagoeneko. Danimarkako legebiltzarrean ekainaren 1a baino lehen izango da gaiaren inguruko lehen eztabaida. «Gehiengo handi bat nahi dugu honen alde, argi erakusteko ez duela zerikusirik diskriminazioarekin, baizik eta haurren eskubideekin».
Eztabaidak Islandian ere badirau. Gunnarsdottirrek argi ikusten du erdaintzea eta nesken mutilazioa ezberdinak direla, baina bietan erabakitzeko eskubidea kentzen zaiola haurrari. «Beharrezkoak ez diren ebakuntzak dira, baimenik gabe eginikoak; ez dute atzera bueltarik, eta mota guztietako konplikazioak eragin ditzakete, desfigurazioak eta baita heriotza ere», esan du legebiltzarkideak. «Kasu bat aski da debekatzeko».
Azaleko ebaki sakona
Mutilen zirkunzisio erlijiosoa legez debekatzeko aukera mahai gainean dago egunotan Islandiako eta Danimarkako legebiltzarretan, eta baliteke eztabaida Europa osora zabaltzea. Erlijio askatasuna, tradizioa, osasuna eta haurren eskubideak daude ezbaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu