Auzolanari ekin, bidean jarraitzeko

Araba Euskaraz ospatu zuten igandean Olarizuko zelaietan, '-Ekin' leloarekin. Irabazi guztiak Aguraingo Lautada ikastolaren azpiegiturak hobetzeko izango dira. Aurten, balioa eman nahi izan diote ikastoletako ikasleen, gurasoen eta irakasleen borondatezko lanari. Horretan aritu ziren atzo ere.

6. Desmuntatze eguna. Desmuntatze lanetan aritu ziren atzo ikastolako ikasleen hainbat guraso eta irakasle. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun

Eszenatokia ia desmuntatuta zegoen, hozkailuak hutsik, eta jendea umoretsu dena batzen. Ekitaldiak antolatzen dituzten enpresetako langileen artean, boluntarioak zeuden Olarizuko zelaietan. Arabako ikastoletako ikasleen gurasoak eta irakasleak ziren atzo goizeko lehen txandan auzolanera apuntatu ziren gehienak. Igandea oroitzapenerako eguna izan zen arren, ajearekin ala gabe, Olarizu garbi uztea eta dena jasotzea tokatzen zitzaien atzo. Lanean ari ziren bai, baina alaitasuna nabari zen giroan.

 

Paradoxikoa badirudi ere, euriak jende euskaltzale uholdea biltzea eragin zuen. Haur, gazte, guraso... Araba Euskaraz jaiaren 43. aldia ospatu zuten herenegun lurraldeko ikastolek, -Ekin lelopean. Aurtengoa Aguraingo Lautada ikastolaren aldekoa izan da. Urtero legez, bildutako dirua ikastola edo proiektu baterako bada ere, Arabako zortzi ikastolek guztien artean elkarlanean prestatu zuten dena ezerk huts egin ez zezan: Lautada, Argantzon, Assa, Armentia, Amurrioko Aresketa, Oiongo San Bizente, Bastida eta Laudio. Guztiak batu ziren Aguraingo Lautada zentroaren alde.

Roberto Gonzalez Araba Euskaraz-eko koordinatzailea jo eta su ari zen desmuntatze lanetan atzo goizean. Tarte bat hartu zuen aurtengo Araba Euskaraz-en balorazioaren berri emateko. Ingurura begiratu zuen lehenik, oraindik ere irauten zion igandean bizitakoaren emozioak. Eta argi esan zuen auzolanik gabe ez zela ezer posible izango: «Jendearen borondatezko lanik gabe, ezin izango litzateke Araba Euskaraz antolatu. Auzolana da garrantzitsuena». Aurreko prestaketa egunetan, jai giroan, desmuntatze egunean eta urte osoan zehar: «Beharrezkoa da auzolana». Funtsean, gurasoen, ikasleen eta irakasleen lankidetza garrantzitsua da jaia aurrera ateratzeko.

Bada, horren isla da atzo desmuntatze egunean zegoen elkarlan giroa. Boluntarioak zelaietan sakabanatuta zeuden. Batzuk hozkailuak mugitzen ari ziren bitartean, beste hiru taloak egiteko xafla jasotzen ari ziren. Lanerako eta lankidetzarako deia egin zuten igandeko ekitaldian, eta jendeak erantzun zuen atzo ere. Lan eta ahalegin kolektibo horrek, baina, denboran iraun behar duela uste du koordinatzaileak: «Lehen ikastola bati tokatzen zitzaion Araba Euskaraz antolatzea. Joan den urtetik, ordea, ikastola guztiok elkarlanean antolatzen dugu jaia. Desmuntatzean ikus daiteke nola laguntzen dugun elkar».

Halere, Aguraingo Lautada ikastolako irakasleak ziren atzo desmuntatze lanetan ari ziren gehienak, haiek izan baitziren igandeko antolatzaile eta protagonista nagusiak. Lautadako azpiegiturak hobetzeko baliatuko da aurten bildutako dirua. Hain justu, horrek daukan garrantzian sakondu zuen Araba Euskaraz kultur elkarteko lehendakari Unai Mendizabalek igande goizeko ekitaldian: «Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen duen irakasle talde profesional eta konprometituarekin, guraso kooperatibisten ahaleginari bultzada emateko. Agurain euskaldun bat dugu amets, Lautada euskaldun batean, Euskal Herri euskaldun batean, eta amets hori egia bihurtzeko ekinean dihardugu».

Igandeak emandakoa

Goibel esnatu zen igandea. Salome Martinez de Ilarduia Lautada ikastolako zuzendariak «inpotentzia» sentitu zutela onartu zuen. Sekulako euri zaparrada ari zuen, eta zalantzak zituzten ea jendeak erantzungo zuen: «Euriak ez zigun batere lagundu. Egindako lan guztia kolokan ikusi genuelako eta horren eraginez egitaraua moldatu behar izan genuelako. Eskerrak eman behar dizkiegu ondoren gerturatu zirenei. Eguraldiak laguntzen ez bazuen ere, jendea gerturatu zen, eta zelaiak bete ziren azkenean». Koordinatzaileak ere bat egin zuen zuzendariak esandakoarekin, eta eskerrak eman zizkien igandean Olarizura joan ziren guztiei: «Esperotakoa baino jende gehiago agertu baitzen, eta eguneko ekintzak gozatu genituen».

Goizeko hamarretan hasi zen aurtengo Araba Euskaraz, euriagatik parkeko etxaldera lekualdatu behar izan zuten harrera ekitaldiarekin. Arabako ikastolen presidenteaz gain, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere hartu zuten hitza ekitaldian. Batik bat ikastolen lanari balioa eman zion Urtaranek, gainerako hizlariek bezala, eta ikastolek aurrerantzean ere egiteko asko dutela azpimarratu. Koldo Tellituk Ikastolen Elkarteko lehendakari gisa egin zuen azken ekitaldia izan zen igande goizekoa, hamalau urteren ostean, kargua utziko baitu

Hasierako ekitaldi horretan, Bostak Bat elkarteari egin zioten omenaldia; besteak beste, Sinonimoen Hiztegia sortu zuen elkarteari. 1981. urtean sortu zenetik, hiztegigintza izan zen Bostak Bat elkartearen egiteko nagusia, eta Adorez hiztegi sortak uzta oparoa utzi zuen: 19 liburukik eta bi diskok osatzen dute. Elkarte horretako hiru kide izan ziren aitortza jaso zutenak: Patxi Uribarren, Juan Luis Goikoetxea eta Rikardo Badiola.

Egun handia igandekoa izan bazen ere, urte osoan zehar askotariko ekitaldiak antolatzen dituzte lurraldeko ikastolek. Antolatzaileek hainbatetan nabarmendu zutenez, ospakizun sonatuena Gasteizen egin bazuten ere, ikastolen aldeko lana urte osoan eta lurralde osoan zehar zabaldu eta ikusarazi nahi dute. Besteak beste, aurten kontzertuak, dantzaldiak, kalejirak, ibilaldiak eta zesta-punta jaialdiak egin dituzte.

Bildutako diruari dagokionez, oraino esku artean kopuru zehatzik ez dute, eta ez dute daturik aurreratu nahi izan. Hala ere, anekdota gisa, Lautada ikastolako zuzendariak azaldu zuen goizeko eguraldiaren ondorioz «inoiz baino jertse gehiago» saldu zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.