Laurogeiko hamarkadaren amaieran eraiki zuten Europa parkea Bilboko Txurdinaga auzoan. Txatartegi bat izandakoa zen, eta, 30 urteren ostean, ingurua guztiz eraldatuta dago. 170.000 metro koadroko eremua du, eta, beraz, inguruko auzoetako berdegune nagusia da.
Duela aste bi jakinarazi zuen Bilboko Udalak Txurdinagako Europa parkea izango dela aurtengo Aste Nagusiko kontzertuen agertoki. Albistea entzun orduko hasi zituzten auzokideek protestak. Joan den astean, bizilagunek espero zuten bezala, udal langileak zuhaitzak mozten hasi ziren. Bi manifestazio eta hainbat elkarretaratze eginak dituzte. Jendetsuena iragan larunbatekoa izan zen, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Santutxuko ehunka auzokide parkera bildu ziren Suntsiketarik ez! El parque Europa no se toca! lelopean.
Atzokoa egun euritsua izan zen arren, jendea bazebilen parkean paseatzen. Zuhaitzak moztu zituzten tokitik hurbil igaro da Ricardo Garcia Txurdinagako auzokidea. Ez dago udalaren erabakiaren alde, eta astelehenean egin zuten mobilizazioan parte hartu zuen. «Ez zait batere ondo iruditzen zuhaitzak moztu izana. Hainbat urtek pasatu behar izan dute parkea gaur egun dagoen moduan egoteko, horren ondo zaindua», azaldu du.
Txakurra paseoan eramaten du egunero parkera Eva Perezek. «Ez dut nahi parke polit hau txikitu dezaten. Kristalak egongo dira nonahi, eta umeek zein txakurrek horiek zapaltzeko eta zauritzeko arrisku handia egongo da». Parkearen ondoan hainbat etxebizitza bloke daude, eta, Perezen aburuz, bizilagunei ez zaie «batere» gustatuko kontzertuek eta jendeak sortuko duten zarata.
Zarata jasateko prest egongo litzatekeela kontatu du Marisa Hernandezek. «Gazteak dira, eta, Bilboko jaiak izanda,ez zait gaizki iruditzen, gauean giro handia egoten baita». Baina berdeguneak zikinkeriaz betetzea eta zuhaitzak moztea «ezin du onartu».
Sinadura bilketa auzoan
«Beste hogei zuhaitz moztuko dituztela diote», kontatu du Eztizen Alvarez auzokideak. Atzo arratsaldean bilera informatzailea egin zuten bizilagunek parkean, eta hainbat sinadura bildu zituzten. Izan ere, asteotan sinadurak biltzen egon dira hainbat auzokide, eta ekainaren 7an, 10:30ean, parkean dagoen kioskotik udaletxera abiatuko dira, jasotako guztiak hara eramateko, «auzokideen desadostasunaren berri emateko xedearekin». Facebooken ere talde bat sortu dute, deialdi guztien berri emateko; El parque Europa no se toca du izena.
Kontzertuak egiteko toki egokiagoak badaudela uste dute bizilagunek, eta iritzi berekoak dira Bilboko Konpartsak ere. Adierazi dutenez, kontzertuak Etxebarria parkean egin litezke, zirkua Botika Zaharrera eramanez gero. Haienus tez, jaien onerako izango litzateke musika emanaldiak jai esparrutik ahalik eta gertuena egotea.
«Europa parkea auzoaren arnasgunea da, eta asko kostatu da honaino iristea», adierazi du Jose Vilariñok. Uste du parkeak ez direla kontzertuak egiteko leku aproposak, beste funtzio bat dutela, pasealeku edo umeentzako jolastoki gisa, esaterako. «Kontzertuak hemen egiten badituzte, guztia hondatuko dute». Dena dela, itxaropentsu dabil Vilariño: «Jendea amorratuta dago, eta erabaki hori bertan behera uztea lortuko dugulakoan nago».
Plaza giro
Auzoko altxorra babestuz
Bilboko Udalak Aste Nagusiko kontzertuak Txurdinagako Europa parkean izango direla erabaki ondoren, auzokideen erantzuna berehalakoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu