Antropologoa eta irakaslea da Patxi Azparren (Donostia, 1968). Batzarrak, jatorrizko antolaketa liburua argitaratu zuen urte amaieran, eta horren inguruko hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Zabaldi kulturgunean (Nabarreria 25, Iruñea).
Zein da batzarren jatorria?
Euskal Herria esaten diogunak bere burua asmatu egin du behin baino gehiagotan, eta antzera gertatzen da batzarra hitzarekin. Batzarra hitzaz dakiguna Erdi Arotik etorri zaigu, orduko testu idatziak ditugulako, baina ziur gaude izen horrekin edo antzekoekin behin baino gehiagotan antolatu izan dela euskal orubean. Gure ustez, jatorria oso-oso arkaikoa izango da. Oraingoz, ez dago ziurtatzerik hori noiz izan zen, baina ziur Burdin Arorako beharra sortu zela.
Sistema horren aztarnarik ba al da?
Munduko beste tokietan, aldez aurretik zeuden gizarte sistema guztiak desagertu egin dira, baina hemen ez. Eta hori ez da bereziki bakarturik egon garelako; hori gezurra da. Hori izan da hemen guztiz errotuta zegoelako bestelako eredu bat, eta eredu hori azken muturreraino defendatu delako. Eredu hori toki batzuetan bizirik egon da ezaugarri gehienekin: lurraren jabetza, antolaketa eta lurraren defentsa.
Baina eredu hura gaur egun baliagarria al da?
Garai haietan, batzarrek jendearen iraupena bermatu nahi zuten; ahal zen neurrian jendearen zoriontasuna lortu, bizitza bermatu, beharrak ase. Orain, jendearen beharrak berberak dira; oinarrizko beharrak berak ditugu. Eta lapurrak ere antzekoak dira. Lapurrak, garai batean, soldaduak ziren, gero erromatarrak, gero jauntxoak, eta, orain, gorbata janzten dute. Azkeneko urtetan globalizazio izena hartu duen fenomeno horretan dena lapurtzen digute; ez bakarrik lurra, baita denbora, aisialdia eta orain erretiroa ere.
Eta hori ikusirik, zer?
Lehenbizi, elkartu eta elkar ezagutu behar dugu, hau ez delako orain dela 3.000 urteko Euskal Herria. Orain, Euskal Herrian mundu asko daude. Lehen, batzar horietan senitartekoak elkartzen ziren, baina, orain, gugandik gertuen bizi dena ezezagun bat da. Gune txikietan, Euskal Herriko aniztasun osoa ikusten da. Ikaragarrizko erronka da berriro gu guztiok ezagutzea eta komunitate bat osatzeko gaitasuna dugula ohartzea.
Proposamena praktikan jarri nahi duzue.
Bai, bi proba aitzindari martxan jarri ditugu auzo elkarteen laguntzaz, San Pedron [Pasaia, Gipuzkoa] eta Egian [Donostia]. Ikusi behar dugu benetan egungo gizartean garai bateko tresna horiek balio duten edo aldatu behar ditugun. Beharrak berak dira, eta komunitatea, egon, badago; komunitate handiagoak dira, askoz konplexuagoak, baina behar berberekin. Gertuko komunitateak, ziurrenik, hobeto lagunduko digu horiei erantzuten, oso urrun dagoen eta ezezaguna den ez dakit noren buruak baino.
Beraz, auzoa, erreferentziazko gune gisa, eta auzolana, lanerako tresna.
Gure ustez, auzoen bitartez antolatzea logikoa da, posible eta eraginkorra, nahiz eta toki batzuetan auzo horiek oso handiak izan. Herri txikietan hau berriro asmatzea errazagoa da, baina erronka da hiri handietan dauden auzo horietan komunitatea osatzea. Populazio mugimenduak apaldu egin dira azkenaldian, eta jaiotzen ari diren belaunaldiengan berriro sortzen ari da komunitatearen beharra.
Patxi Azparren. Antropologoa
«Auzoen bitartez antolatzea logikoa da, posible eta eraginkorra»
Euskal Herriko batzarrak Europako antolaketa molderik zaharrenaren aztarna direla uste du Azparrenek, eta tresna baliagarritzat ditu gaurko herri mugimenduentzat. Iruñean azalduko ditu gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu