Proposamenak

Auzo-herriak hauspotuz

Gipuzkoako eta Nafarroako hogei nekazari eta eskulangileren postuak egongo dira gaur Lekunberriko azokan. Tailerrak eta antzinako ogibideen erakustaldiak ere egingo dituzte

Iazko azokako postu bat. PLAZAOLA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Eskulangintza eta nekazaritza; bi lanbide plaza berean. Lekunberrik(Nafarroa) hartuko ditu biak gaur, nekazaritza azoka eta Plazaolako eskulangileen feria egingo baitituzte herrian. Azokez gain, tailerrak, erakustaldiak, bisita gidatuak eta kirol ikuskizunak ere egingo dituzte. Plazaolako Turismo Partzuergoak eta Andoaingo (Gipuzkoa) eta Lekunberriko Udalek antolatu dute.

Gipuzkoako eta Nafarroako hogei nekazari eta eskulangilek jarriko dituzte postuak azokan; 10:00etan hasiko da, eta 15:00 arte egongo da irekita. Eskuz ondutako elikagaien, arropen, lanerako tresnen, ukenduen eta beste hainbat produkturen erakusleiho bihurtuko da Iturritak kalea.

Eskulangileen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango da; hain zuzen, taloak eta oihalak egiten ikasteko tailerrak egingo dituzte, 10:00etan eta 11:00etan, hurrenez hurren. Antzinako ogibideen erakustaldiak ere izango dira.

Plazaolako meatze trenak Gipuzkoa eta Nafarroa lotu zituen hainbat urtez. Plazaolako eskulangileen azoka ere bi lurraldeetako eskulangileen topagunea da. Iaz egin zuten lehenengoz Andoainen, ekoizleak elkartzeko eta bertako produktuen salmenta zuzena bultzatzeko xedez. Aurten Lekunberrik hartuko dio lekukoa.

Nekazaritza Azoka eta PlazaolakoII. Eskulangileen Feria



Gaur, 10:00etan hasita, Lekunberrin(Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.