Autonomikoak pribatizatzeko lehen xedea, Madrilen

PP agintera heldu bezain pronto Madrilgo telebista saltzeko asmoa agertu du erkidegoko gobernuak

Edu Lartzanguren.
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Atonomietako telebistak pribatu bihurtzeko asmoa duela iradokitzen ari da PP azken hilabeteotan, eta, lehen aldiz, izen-abizenak jarri dizkiote neurriaren lehen biktimari. Madrilgo Erkidego Autonomoko Ogasun sailburuak elkarrizketa batean adierazi duenez, Madrilgo telebista saldu egingo dute Mariano Raxoi PPko hautagaia Espainiako Gobernuko presidente bihurtzen bada.

«Ez dago gure esku, estatuko lege bat badago, hori egitea debekatzen duena. Legea aldatzen bada, pribatizatuko dugu», esan du Antonio Beteta sailburuak.

Ideia euren asmoen artean «beti» egon dela gaineratu du, baina «beste erkidegoen presioarengatik» Espainiako Gobernuak orain arte proposamena baztertu egin duela. «Zapaterok agintzen duen bitartean ez. Baina aginteari uzten dioenean, bai. Eta uste dut urtebete geratzen dela horretarako».

Betetaren arabera, Raxoik «pribatizatzeko aukera» eman nahi die erkidegoei, baina ez behartu. «Nahi duenak egin dezala, lehentasun politikoen arabera eta defizit publikoaren kontrolaren barruan».

Ildo beretik mintzatu zen asteartean Ramon Jauregi Espainiako Lehendakaritza ministroa. Telebista izatea «komeni» ote zaien erkidegoek berek erabaki behar dutela esan zuen.

ETB pribatizatzeko asmoa ote duten galdetuta, «inolaz ere ez» erantzun zuen urrian Antonio Basagoiti PPko buruzagiak. Halere, ETB «moldatu» behar zela nabarmendu zuen, eta neurria soilik bigarren kateari eragingo liokeela iradoki zuen: «Niretzat,ETBren esanahi nagusia hizkuntza propioa izatea da, eta horrek bere lekua izan behar duela».

EITB pribatizatzeko aukera aztertzen ari zirela ukatu zuen ekainean Patxi Lopez lehendakariak, Twitterren bidez emaniko elkarrizketa batean. Halere, gaineratu zuenez, ETB1 «euskara bultzatzeko» sortu zen, eta «ikusle kopuruak adierazten digu ez dabilela ongi horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.