Irati Agirreazkuenaga EHUko ikerlariak (Bilbo, 1986) hizkuntza gutxituetan lan egiten duten irrati esatariak aztertu eta alderatu ditu. Euskara eta eskoziar gaelikoa lanabes duten profesionaletan jarri du arreta; Euskadi Irratiko eta BBCko Eskoziako Radio nan Gaidheal irratiko langileen ezaugarriak, lan ohiturak, jarrerak eta pertzepzioak alderatu ditu ikerketan. 2009an ekin zion tesia garatzeari, eta lau hilabetez izan zen Eskozian. Bada bi irratiko kazetariek partekatzen duten ezaugarri nagusi bat: gizarte erantzukizuna euren lanaren bereizgarritzat dute.
Nola ikusten dute euren burua gizartean hizkuntza gutxituetan aritzen diren esatariak?
Kazetarien jarrerak aldatu egiten dira gizartean eragina izateko antzematen duten ahalmenaren arabera. Gizartean eragiteko zenbat eta ahalmen handiagoa antzeman, euren jarrera desberdina da. Horrez gain, gainontzekoek euren lanaz pentsatzen dutenari garrantzi handia ematen diote bi irratitako kazetariek. Adierazle horiek nahastean, kazetariak gizarte erantzukizuna dutela ikusten da. Bi irratietan bat zetozen puntu horretan.
Hizkuntza gutxitu batean aritzeaz gain, zein beste antzekotasun dituzte eskoziar eta euskaldun irrati estariek?
Alde batetik, profil soziologikoari begiratzen badiogu, jatorriaren aldetik badago antzekotasuna. Tradizionalki euskal edo eskoziar gaeliko hiztunen lurraldeak izan diren tokietatik datoz. Euskadi Irratiaren kasuan: %75-80 gipuzkoarra da. Gaelikoz aritzen diren esatariak, zifra oso antzerakoetan, Highlands ingurutik datoz. Ama hizkuntza euskara eta gaelikoa dituzte bi irratietakoek.
Zer eragina du kazetarien lan ohituretan hizkuntza gutxitu batean lan egiteak?
Haien hizkuntzan hitz egiten duen jendea topatzea dute zailena. Barneratuta duten arazo bat da, eta pertsona topatzean jartzen dute indarra, gero itzulpenak egin behar badituzte ere. Bi irratietako kazetariek ez dute beren burua kanpotar gisa ikusten. Ez dute gizartearen beste kulturetatik erabat aparte bizi nahi, baizik eta eragina izan gizarte osoan, eta, era berean, gizarte horrentzako iturri izan. Finean, nazio izaera dute, eta euren agenda propioa sortu nahi dute, baina, halere, ez dute beste hedabideen agendatik guztiz bakandurik geratu nahi.
Hizkuntza gutxitu bat dute lanabes bi irratietako kazetariek. Bada antzekotasunik lan egiteko eran?
Komunikazio dinamikak antzekoak dituzte. Hizkuntza berari baino garrantzi handiagoa ematen diote komunikazio dinamika sendoak lantzeari. Kazetaritzat dute euren burua, ez hizkuntzalaritzat. Momenturen batean hizkuntzaren arauren bat kanpo utzi behar badute zerbait adierazkorragoa esateko, arazorik gabe egingo dute, komunikazioaren mesedetan. Hizkuntzaren adar hori Eskozian ez dute Euskadi Irratian bezain landua. Euskadi Irratiak bere euskara zuzentzaile propioa du. Gaelikoen kasuan, zalantzak izaten zituztenean, erredakzioan gehien zekienari galdetzen zioten.
Zeintzuk lirateke desberdintasunak?
Konbergentzia maila altuagoa dute Radio nan Gaiheal irratian. Irratirako eta telebistarako lan egiten dute, eta Euskadi Irratian ez. Eskoziako kazetariek gauza gutxiagoren jarraipena egiten dute, telebistarako albisteak egin behar baitituzte. Albiste kopuru gutxiago ekoizten dituzte, baina haiek uste dute kalitatean irabazten dutela.
Autonomia maila desberdina al dute bi hedabidetako kazetariek?
Elkarrizketak, galdetegiak eta behaketak egin ditut informazioa ateratzeko. Edukiak lantzeko orduan independentziari buruz hitz egiten genuenean, dinamika desberdinak zituzten. Autore batzuek diotenez, Europa hegoaldeko herrialdeetako hedabide publikoak alderdikoiagoak dira. Euskadi Irratiko kazetariek berez hautemandako autonomia txikiagoa zuten BBCkoek baino. Barne dinamiketan, ordea, kazetarien profilen arabera desberdintasuna zegoen; gai batean espezializatutako kazetariak autonomoagoak direla sentitzen dute.
Nazio guztirako emititzen dute gaelikoz aritzen diren kazetariekere?
Gaelikoen hiztun komunitatea euskaldunena baino askoz ere txikiagoa da. Irratiak nazio osorako emititzen du, baina oso hertsiki lotua dago bere komunitate hurbilari, batez ere, Highlands eta Islands alde horri. Saiatzen dira Eskozia guztira heltzen, baina eztabaida asko zituzten horren inguruan. Euskadi Irratikoen imajinarioa askoz ere argiagoa da. Zazpi probintzietan entzungo den irratia egin nahi dute, eta oso presente dute hori.
Komunikazioa. Irati Agirreazkuenaga. EHUko ikertzailea
«Autonomia gutxiago hautematen dute Euskadi Irratian»
Euskadi Irratiko eta Eskoziako Radio nan Gaidheal irratiko kazetarien ezaugarriak eta lan ohiturak aztertu ditu Agirreazkuenagak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu