Bizitzan zehar lortzen, mantentzen eta sendotzen dugun ahalmena da autokontrola. Ez da batere erraza, eta ez da berez gauzatzen. Txikitan geure burua kontrolatzeko ahalmen gutxi daukagu, eta gure garapen fisikoari, esperientziari eta hezkuntzari esker lortzen dugun gaitasuna da.
Orain dela urte batzuk, 1960ko hamarkadan, Walter Mischel psikologoak ikerketa berezi bat sortu zuen laborategian, umeen autokontrola aztertzeko. Gozoki zuri bat—marshmallow delakoa bereziki— jarri zuen haur bakoitzaren aurrean, eta zera esan zien: «Minutu batzuk irtengo naiz, eta bueltatzerakoan gozokia jan ez baduzue beste bat emango dizuet». 600 haurrek egin zuten proba, eta herenak lortu zuen itxarotea, baita saria lortzea ere. Adinaren arabera, autokontrola indartsuagoa da txikitan. Merezi du bideo laburtua ikustea. Youtuben erraz aurki daiteke. Dibertigarria da ikustea haurrek euren buruak kontrolatzeko egiten dituzten keinuak, nola jokatzen duten beren burua konbenzitzeko, nola estaltzen dituzten begiak, nola usaitzen duten gozokia edo nola ematen dizkioten aginkadatxoak.
Zergatik da batzuentzat erraza itxarotea eta nahi dutena lortzea, eta beste batzuentzat ez? Geure buruak, garunak, barne gogoetak eta bulkadak sortzen ditu, automatikoki. Sarritan oharkabean egiten du. Txikietan errazagoa da hori ikustea.
Aurreko esperimentuan, umeetako askok bat-batean jan nahi zuten gozokia, eta horrela egin zuten batzuek, zuzenean, laborategiko partaidea irten bezain laster. Gazteenek jokatzen dute horrela, baina baita ume inplusiboenek ere. Borrokan, inpultsoak orainak irabazi egiten du. Adimenak argi dauka itxarotea komeni zaiola sari bikoitza lortzeko, beraz, «oraintxe nahi dut» inpultsoa borrokan jarri da bere garunean, «itxaron, ez jan eta gehiago irabaziko duzu eta». Geure buruarekin horrela hitz egiteko barne hizkuntza eta gure inpultsoan kontrola lortu behar dugu. Ez da inteligentzia hutsa behar dena, autokontrola baizik: gure barneak bulkada indartsuak sortzen ditu, eta bide batez gure barneak irtenbide desberdinak baloratzen ditu komeni zaiguna aukeratzeko.
Helduak bilakatzeko autokontrol konplexuagoa landu eta lortu behar dugu: inpultso primarioak ezagutzen, gainditzen, eta neurriz betetzen. Motibazioari esker, gure helburu eta abiapunturantz gure gogoa eramaten.
Osasuna. Aro berriak. Psikologia
Autokontrola: non gogoa han zangoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu