1. Nola egiten diozu hitz zure buruari? Konturatu zaitez sarritan gure barneko pentsamendua, hau da, geure buruari esaten dizkiogun hitzak eta elkarrizketak guztiz ezkorrak direla: «Besteek pozik dirudite… nik ez», «gauzak beti irteten zaizkit hankaz gora»... eta antzekoak. Gure kalterik handiena sarritan gure barnean dago, eta horrek gure egonezina piztu eta gure autoestimua gaixotzen du. Saia zaitez zure buruan gertatzen diren elkarrizketak aldatzen: izan zaitez zure lagunik onena, eta lagun on baten moduan mintzatu zeure buruari. Saia zaitez.
2. Errealismoz begiratu eta aztertu zeure burua, zure emaitzak eta bizitza, eta geroko jartzen dituzun helburuak ere. Helburuak izatea osasuntsua da, baina sarritan lortu ezinak, idealak bilatzen ditugu: «Kirola egin egunero», «10 kg galdu bi hilabetean», «kirola egin astean birritan, eta, ahal izanez gero, gehiagotan»... Errealistagoa izan zaitez, eta, helburua eskurago egonik, errazagoa izango da betetzea eta, beraz, zeure buruarekin ondo sentitzea.
3. Zer edo zeren beldur zarenean, landu zeure burua: aurreikusi zure irudimenean nola egingo duzun ekintza hori, prozesu guztia lasai eta ondo aurrera eramaten, pelikula bat ikusiko bazenu bezala. Behin baino gehiagotan erabili irudimenezko pelikula hori, lagungarria izango zaizu eta.
4. Besteen alde egin itzazu ekintza onak, mesedeak, agurrak eta antzekoak. Orain arte lanean agurtzen ez zenuen norbait agurtu eta ezagutu, adibidez. Zure barneko balioa piztuko zaizu, eta igarriko duzu —ez pentsatu horren truke zerbait etorriko zaizunik—.
5. Perfekzionismoa, gure buruarekiko kritika zorrotzak eta errealismo gabeko helburu idealak autoestimuaren etsaiak dira. Gure munduko gaixotasun nabaria da hori. Aztertu, emaiozu daukan balioa lortu duzunari eta egin duzunari, eraiki duzun bizitzako bideari berari; gozatu, eskertu bizitzaren opariak ahal den guztietan.
6. Eta gogoratu, autoestimua bakoitzak bere buruari egiten dion ebaluazio indibiduala eta multifaktoriala da, eta ebaluazio horri dagozkion pertzepzioak, pentsamenduak, sentipenak eta jokaerak. Entzun besteen iritziak; baina zure usteak, nahiak eta balioak, zure buruari esaten diozuna da balio gehien daukana.
Osasuna. Aro berriakPsikologia
Autoestimua lantzeko: psikolaztanak eta aholku sorta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu