Maite Arraiza (Iruñea, 1985) gazte-gaztetatik izan da feminista, eta Farrukaseko kide hasiera-hasieratik. 2014an, eraso sexista bortitzak jazo ziren Iruñerrian; gisa horretako erasoak salatu eta horiei erantzun irmoa emateko sortu zen kolektiboa. Arraizak honela adierazi du: «Gure aldarria autodefentsa feminista da. Inposatutako feminitate rola irauli eta puskatzen dugu» .
Orain arte, zer helburu lortu ditu kolektiboak? Eta zer duzue lortzeke?
Helburua ikaragarri handia da: bortizkeria matxista bukatzea. Sekulako lana denez, modu kolektiboan egin behar diogu aurre: bai feministok, bai gizarte osoak. Ikusten dugu, behintzat, sortu dela nolabaiteko kontzientziazioa. Euskal Herrian, autodefentsa feministaren ideia zabaldu egin da; gizarteari helarazi nahi diogu guk ere erantzuteko tresnak ditugula eta ez garela esperoan egongo.
Uztailaren 4an, manifestazioa antolatu zenuten. Pozik al zaudete lortutako erantzunarekin?
Bai, oso pozik. Manifestazioak amaiera polita izan zuen, eta sekulako indarra, boterea eta energia; mugimendu feminista indartsu dagoela erakutsi genuen.
Manifestazioaren leloa Beldurra aldez aldatuko da izan zen. Azal zenezake horren zergatia eta helburua?
Guk zerbait probokatzailea egin nahi genuen, gure ahotsak harrotu nahi genituen, eta eztabaida mahai gainean jarri. Izan ere, ez dago biolentzia eta emakumea erakusten duen ez pelikularik, ez irudirik; guk egiten dugun ia guztia biolentotzat jotzen da, feminitate rol zurrun horrengatik, hain zuzen ere. Bestalde, guk ez diogu beldurrik sorrarazi nahi genero maskulinoari, baina bai erasotzaileari; zilegi ikusten dugu erasotzaileak beldurra izatea, guri ez erasotzeko. Orain arte, beldurra feminitateari lotu izan zaio, eta inork ez du esan hori gaizki zegoenik; beldurra sinbolikoki maskulinitateari lotzean, ordea, mundu gerra dirudi honek. Ildo beretik, esan nahiko nuke gu ez garela biolentzia erabiltzen ari: performatibitate sinbolikoa eta autodefentsa feminista erabiltzen ditugu.
Zer beste ekintza egiten duzue indarkeria matxista salatzeko?
Hainbat manifestaziotara joaten gara: Hernanira, Bilbora, Donostiara... Kontzentrazioak ere egiten ditugu plataformarekin. Feminismoa eta biolentziaren inguruko tailer bat antolatu dugu; kontzientziazio lana ere egiten dugu, hortaz. Orain, topaketa batzuetan parte hartuko dugu autodefentsaren gaia jorratzeko.
Gazteen artean nolako jarrerak nabarmentzen ari direla uste duzu?
Oso galdera zabala da hori. Gauza batzuk ez dira aldatu. Baliabide digitalek, adibidez, biolentzia errazten dute. Alde horretatik, oso jarrera gogorrak eta atzerakoiak ikusten ari gara. Halaber, amatasunaren diskurtsoa naturaltasunari, alternatibotasunari, eta hippy mugimenduari lotuta irensten ari gara, emakumea menderatzeko tresna gisa, eta ez gara hori zalantzan jartzen ari. Bestetik, kontzientzia ikusten ari gara gure inguruan, eta ospatzekoa da; gizartea ere erantzuten ari da, hein batean. Halere, argi dago lan handia dagoela egiteko.
Zer iritzi daukazu Iruñeko Udalak aurkeztu duen indarkeriaren aurkako kanpainaz?
Ondo deritzot instituzioek bitartekoak, baliabideak eta diru publikoa jartzeari, eraso matxistak amaitu edo, behintzat, kontzientziatzeko, informatzeko eta salatzeko. Halere, guk ez dugu lan instituzionalik egiten, mugimendu feminista autonomo eta alternatiboa baizik.
Nola jokatu behar dugu eraso matxista baten aurrean?
Ez dago gidarik, ez eta moralki ona edo txarra den erantzunik ere. Emakume bakoitzak ahal duen moduan erantzuten du. Zoritxarrez, emakumea da zalantzan jartzen dena. Garrantzitsua da, hortaz, kolektiboki sare bat sortzea horri aurre egiteko.
Bada feminismoa gizonen kontua ez dela dioenik.
Hori pribilegioa duen norbaitek esaten du, estatusa edo sistema aldatu nahi ez duen norbaitek. Noski gizonen kontua dela! Bada garaia, beldurra bakarrik ez, erantzukizuna ere aldez aldatzeko. Horren harira, azkenaldian, beren burua feministatzat duten gizon asko ikusten ari gara; ni ez naiz hor sartuko, baina diskurtsoa eta praktika bereizi behar ditugu: nork bere burua feministatzat izatea gauza bat da, baina, gero, zein da gure eguneroko jokaera?
Maite Arraiza. Farrukaseko kidea
«Autodefentsa feminista da gure aldarria»
Kolektiboaren sorrerarekin, feminismoan modu aktibo eta kolektiboan militatzen hasi zen, eta «oso beharrezko» zen lanari ekiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu