Aubduk txikitan egin zuen amets, nagusi zenean, arraza zuriko hainbat lagunekin bere sorterrira joan eta kamioi bat emango ziola familiari, lanerako lagungarri izateko». Hala dio Joxe Mari Aiertzak, Malitik itzuli berri den taldekideak. Izan ere, Abdu Sidibe 2007. urtetik bizi da Aian, eta herritarrek lagundu egin diote txikitan zuen ametsa betetzen; joan den abenduaren 22an irten ziren Aiatik, Malira bidean, eta, 20 egunetan, 6.000 kilometro egin dituzte autobusez; joan den igandean itzuli ziren.
«Antolatu genuen bazkari batean, Abduk Malira joateko zuen ametsaz hitz egin zuen. Alustiza Bidaiak-eko jabea ere bertan zegoen, eta hark, kamioia ez, baina autobus bat emateko prest zegoela esan zion», dio Aiertzak; ordutik aurrera, Malira joateko taldea osatu eta guztia lotzen hasi ziren. Sidiberen hasierako helburua autobusa ematea bazen ere, behin bidaia antolatuta, bertako herritarrentzat lagungarri izan zitezkeen hainbat gauza ere eraman zituzten; Aian dirua bildu zuten, eta, herriaren eta familiaren inplikazioaren bidez, arropatan eta medikamentuetan 2.000 kilo eraman zituzten, baita eskolako materiala eta lanerako erremintak ere. Baina bidaia hasi baino aste batzuk lehenago Al Kaedak Kataluniako hainbat boluntario bahitu zituen Mauritanian. Horrek bidaia bera baldintzatu zuen, eta, azkenean, Mauritania hegazkinez gurutzatu zuten, eta autobusa Maliko txofer baten esku utzi zuten.
Bizipen handiko bidaia
Abenduaren 22an, Aiatik irten ziren, eta Aljecirastik (Espainia) Tangerreko bidea hartu zuten. Baina Maroko gurutzatzeko hainbat arazo izan zituzten; «Maroko pasatzeko baimena behar genuen; garantia morala deritzona da; horren arabera, Maroko pasatzen den bitartean merkantziak ez du aldaketarik egin behar. Horrek Sahara mendebaldean ez genuela laguntzarik utziko bermatzen zuen. Baimen hori lortu arte, zazpi egun egon ginen aurrera jarraitu ezinik». Behin baimena lortuta, basamortuan sartu eta Sahara mendebaldeko hainbat herritako egoera ere harritzekoa dela dio Aiertzak, batez ere Marokoko gobernuak dituen interesekin; «Marokoko gobernua inbertsio handia egiten ari da herritarrei erraztasunak jartzen bertan bizitzeko, herria garatzen ari dela erakutsi nahian. Eta, zenbait herritan, Marokoko herri askotan baino bizi kalitate hobea dute».
Behin Mauritanian, Sidibe izan ezik, besteak hegazkinean joan ziren Malira, eta Sidibek autobusean jarraitu zuen. Bamakon elkartu ziren, eta bertan merkantzia banatzeari ekin zioten; «Bamakon partiketarekin hasi ziren, eta Salesiarren eta Maria Sortzez Garbiaren kongregazioari utzi genion merkantziaren zati bat».
Azkenik, Sidiberen jaioterrian bukatu dute bidaia, Komona herrian, Mali hegoaldean. Herrian mutilaren ama eta beste senide batzuk bizi dira, eta bertan autobusean geratzen zitzaien karga guztia askatu zuten.
Aiertzak bertako herrietan duten bizitzeko modua hemengoaren aldean guztiz desberdina dela dio, besteak beste, komunitatean bizi direlako: «Familia bakoitzaren etxeak sei txabolaz daude osatuta, eta guztiek zirkulu bat osatzen dute. Baina bizitza erdian egiten dute, komunitatean. Ondoren, handik beste 100 bat metrotara, beste famili bat bizi da, horiek ere egitura berberarekin».
Autobusez, ametsa betetzen
Autobusez, Aiatik Malirako ibilbidea egin dute zortzi lagunek; Abdu Sidibe taldekidearen familiari eman diote ibilgailua, eta herritarrentzako arropa eta sendagaiak utzi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu