«Gasolinaren menpe dagoen mugikortasun eredu batean bizi gara; behartuta gaude autoa hartzera ia edonora joateko». Ula Iruretagoienaren hitzak dira (Bilbo, 1979). Arkitekto hirigilea da, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Arkitektoa izaki, lurralde antolaketaren prismatik planteatzen du konponbidea: «Hiriko guneak elkartu behar ditugu, distantziak gutxitu, eta ez sakabanatu». ¡Gasolina a 60 euros el el litro! (Gasolina litroa 60 eurotan) hitzaldian aipatuko ditu, besteak beste, ideia horiek. Gaur ariko da, Bilbon;18:30ean hasiko da.
Gasolina litroagatik 60 euro pagatuko ote ditugu noizbait?
Ez, ez. Hitzaldiari dramatismo kutsu bat eman nahi izan diot. Muturreko planteamendu horretatik abiatuta, gizarteari jakinarazi nahi diot egoera larri batean gaudela, petrolioaren menpe gaudelako erabat. Toki batetik bestera joateko ia derrigortuta gaude ibilgailu pribatua hartzera. Eta, jakina, autoa martxan jartzeko ezinbestekoa da gasolinaz betetzea depositua. Imajinatu erregai litroak 60 euro balioko balitu. Zoratuta bukatuko genuke.
Askotan, ordea, autoa hartzea beste erremediorik ez dugu. Esaterako, lanera joateko edo erosketak egiteko.
Hor dago gakoa. Gure eguneroko jarduna baldintzatuta dago erabat. Gizarteak badu mugikortasun eredu jakin bat, lurraldearen antolaketa bat: gune bakoitzak funtzio konkretu bat betetzen du, aukera espezifiko jakin bat eskaintzen du, eta, sarri askotan, toki horien artean distantzia handiegia dago. Horrek behartzen gaitu autoa hartzera, eta deposituak gasolinaz betetzera. Oinez edo bizikletan ere joan gaitezke agian, baina ez gara garaiz iritsiko joan nahi dugun tokira.
Erregai fosilen menpe dagoen mugikortasun eredu hori aldatzea ezinbestekoa da, beraz.
Erabat beharrezkoa. Eraldaketa ez dugu egun batetik bestera lortuko, baina arazoa gizarteratu behar dugu; has daitezela herritarrak mugikortasun ereduari buruz hausnartzen. Gasolinaren menpeko modelo horrekin funtzionatu dugu orain arte, baina aldatzeko ordua da, berandu baino lehen. Alternatibak badaude.
Zeintzuk dira alternatiba horiek?
Batzuk aski ezagunak dira: garraio publikoa erabiltzea, autoak partekatzea... Hala ere, arkitektoa naizen aldetik, beste mota bateko aukerak proposatzen ditut. Esaterako, hiri mistoaren planteamendua. Lehen aipatu dut gune bakoitzak funtzio konkretu bat betetzen duela, eta elkarren artean distantzia handia dagoela. Bada, gauza bera gertatzen da hirietan ere. Labur esanda, honetan da hiri mistoaren kontzeptua: hiriko bertako funtzioak sakabanatu beharrean, elkartzea, distantziak murrizteko eta autoa ez den beste garraio mota batzuk erabili ahal izateko.
Proposamen horiek gorpuztu dituzue? Eratu duzue kolektibo edo elkarteren bat?
Ez. Ideiak garatzen eta ikertzen ari gara oraindik. Hurrengo urratsa arazoa gizarteratzea izango da, ahalik eta jende gehienak izan dezan arazoaren berri. Ondoren, adostasun maila jakin bat lortu beharko dugu, eta, azkenik, kolektibo sendo bat sortu. Aurrerapen gisa esango dizut mugikortasunaren ereduaren aldaketa Euskal Herri mailan garatu eta aplikatu nahi dugula.
Herritarrak soilik kontzientziatu behar dira?
Ez, noski. Agintariak ere bai. Izan ere, gizabanakoak bakarrik ezin du lurralde antolaketa aldatu.
Ula Iruretagoiena. Arkitektoa eta EHUko irakaslea
«Autoaren eta gasolinaren menpe dago gizartearen mugikortasun eredua»
Gizartearen mugikortasun eredua aztertu du EHUko irakasle Ula Iruretagoienak; horri buruz arituko da gaur, Bilbon, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Bizkaiko Ordezkaritzan, 18:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu