Txita proiektuaren sortzailea eta kudeatzailea

Dani Ruiz: «Autoa izorratzen dugun egunean, orduan aukeratuko du jendeak bizikleta»

Adinez nagusi bihurtu da Txita proiektua: 18 urte txirrindularitza zerbitzuak eskaintzen. Beste urrats bat egin dute orain: karga bizikletak probatzeko gune bat ireki dute Donostian. «Hau da etorkizuna».

Dani Ruiz, karga bizikleta batekin, joan den astean, Donostiako lokalean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Dani Ruiz, karga bizikleta batekin, joan den astean, Donostiako lokalean. ANDONI CANELLADA / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2024ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Sinisten duten horren guztiaren erakustaretoa ireki dute Donostian: Txita Showroom. Mugikortasun jasangarriaren aldeko mezua eta aldarria karga bizikleta elektriko, bizikleta tolesgarri eta triziklo artean Dani Ruizek (Cabra, Kordoba, Espainia, 1982) eta haren taldekideek egina: «Ez dut uste erotuta gaudenik. Guk horren garbi ikusten dugu...». 

Unibertsitaterako proiektu bat eta Londres daude honen guztiaren oinarrian.

Bartzelonakoa naiz. Enpresa ikasketak egin nahi nituen han, baina tokirik gabe gelditu nintzen. Hemen lortu nuen tokia, EHUn. Ezagutzen nuen hiria. Triatloia egin izan dut urte askoan, eta lehiatzera etorri nintzen batean maitemindu nintzen hiriaz. Ikasgai batean, proiektu bat geneukan aurkeztu beharra: enpresa bat asmatu. Arreba bisitatzera joan nintzen garai hartan Londresera, eta hango Soho auzoan ikusi nituen lehen aldiz taxi bizikletak, pub batetik bestera joateko. 

Donostiarako egokia. 

Horixe pentsatu nuen. Aurkeztu nuen proiektua Maria Matxinbarrena klasekidearekin batera. Ospatu genuen, dena ongi joan zelako, eta elkar agurtu genuenean, moto istripua izan zuen Mariak, eta koma egoeran gelditu zen. Ospitalean egon zen garai horretan, haren anaiarekin hizketan, proposatu zidan aurkeztutako proiektu hura martxan jartzea, eta Maria esnatzean, egia bihurtzea. Orduantxe sortu zen Txita. Mariak, Gorkak eta nik hala erabakita. Bizitzaren kasualitateak dira.

Taxi bizikletak zineten 2006an. Noiz gertatu zen aldaketa?

2009an, Seur enpresako banatzaile bat gure geltokira joan zen —Donostiako udaletxearen alboan zegoen—, eta eskatu zigun mesedez ea pakete bat eramango genion Abuztuaren 31 kalera; ordaindu egingo zigula. Orduan piztu zitzaigun argia. Turistak uztailetik irailera bakarrik mugitzen zirelako, baina paketeak urteko egun guztietan. Parte Zaharrean orduan arautu zuten trafikoa: erabaki zuten 11:00etan banaketarako ibilgailu guztiak handik kanpo egon behar dutela.

Soluzio bihurtu zineten.

Denda askok 11:00ak pasata irekitzen zutelako, eta ez zegoelako modurik haietara paketerik helarazteko. Ongi hartutako erabakia izan zen, eta hiri eta herri gehiagotan ere hartu beharko lukete: hesiak jartzen badizkiezu furgonetei, soluzioa berez sortzen da.

Banatzaileak haserretuko zaizkizu... 

Merkantzien garraioa oso inportantea da, baina hiriguneetan ez dago egiten den moduan egin beharrik: furgoneten bidez. Egin daiteke trizikloen bidez, eta horretan ari gara gu 2009tik. Gure bezeroak logistika antolatzaileak dira: Seur, MRW, GLS... eta azken miliako zerbitzua eskaintzen diegu. Haiek geure biltegira ekartzen digute euren merkantzia —Atotxako dorrearen azpira—, eta handik egiten dugu azken miliako banaketa. Hori baita hiria gehien kutsatzen duena.

Eta lokal hau ireki duzue, eskaria sortzeko?

Ez baitago, oraindik. Ikusi dugu beste herrialde eta hiri askok sekulako iraultza egin dutela alor honetan. Agian ez da behar bat izango, baina bada aukera bat. Guk horren garbi ikusten dugu... Hau da etorkizuneko mugikortasuna. Ez dut uste erotuta gaudenik. Etorkizuneko hirietan mugitzeko modua bizikletan izango da, eta eskaintzen dituen aukerak ezagutzen ditugunak baino gehiago dira.

Adibidez?

Zerbitzu teknikoak. Orona enpresako teknikari batek Gros auzoko galdara bat konpontzeko ez du furgonetarik behar. Erreminta kaxa bat darama, ordezko piezaren bat... Benetan behar duena da arin mugitu abegikorra izango den hiri ingurune jasangarri batean. Zergatik segitzen dugu hori furgonetan egiten? Guk enpresa horiei gure karga bizikletak probatzeko aukera eman nahi diegu, eta helburua ez da komertziala, helburua da aukera jasangarri eta erabilgarri bat aurkeztea.

Baina hiria prestatuta dago horretarako?

Emisio gutxiko eremuaz asko hitz egiten da orain, baina guri hori anbizio gutxikoa iruditzen zaigu. Izan ere, eremu horietan salbuetsita daude garraioak. Ulertzen dugu udalarentzat oso zaila dela mezularitza konpainien ibilgailuei murrizketak ezartzea, baina harritu egiten gaitu salbuespen horrek. Bultza egin behar dugu beste modu batera egin dadin, badakigulako egin daitekeela, eta Europako hainbat hiritan horrela egiten ari direla. Bizikletan joateak izan behar du modurik seguruena eta azkarrena. Zergatik dute lehentasuna autoek? 

Zergatik?

Ohiturarengatik. Autoz joatea bizikletaz joatea baino motelagoa den egunean, orduan aukeratuko du jendeak bizikleta. Argiago: autoa izorratzen dugun egunean, orduan aukeratuko du jendeak bizikleta. Orduan aldatuko dute txipa. Baina aparkatzeko tokia baduzu, eta modurik azkarrena eta seguruena bada, jendeak autoaren alde egiten segituko du. Guretzat mugikortasuna hiri baten ezaugarri bereizlea da. 

LOTSABAKO

Nola etorri zara Donostiara?
Bizikletan, Errenteriatik.

Zer bizikleta daukazu?
Brompton elektriko urdina.

Hiri eredugarri bat mugikortasunari begira?
Gante [Belgika].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.