Austriako Pyrovison etxeak irabazi du Aste Nagusiko Su Festen 51. Nazioarteko Lehiaketako Urrezko Maskorra. Nerea Txapartegi Donostiako Udalaren Euskara eta Kultura arduradunaren zein epaimahaiko lehendakariaren esanetan, Pyrovision etxearen suek eskaini zuten «musikarik gabeko abestiak» nortasun indartsua eta sekulako ikuskizuna eman zuen. Txapartegiren esanetan, su horiek ikusleen «begietan iltzatuta» gelditu ziren, eta bereziki suek sortu zuten «ur-jauzi iraunkorraren efektuak» txunditu zuen jendea.
Hainbat kolore, soinu eta formatako suak ikusi ahal izan dira beste urte batez Donostiako Aste Nagusian. Ohi bezala, sekulako jendetza batu da egunotan su festak ikustera, gehienbat Kontxako badiaren inguruetan, eta askok goraipatu dute su etxeek eskainitako kalitatea.
Sari nagusiaz gain, Austriako su etxeak gazte epaimahiaren Euskaltel saria ere irabazi du. Ernesto Limousin epaimahaikidearen esanetan, azpimarratzekoa izan zen su horien «kolorea eta altueren koordinazioa». Joan den asteartean ikusi ahal izan ziren su horiek, eta Txapartegik azaldu zuenez, epaimahaiak «aho batez» onartu du Urrezko Maskorraren irabazlea.
Valentziarrentzat zilarra
Zilarrezko Maskorra iazko irabazleak eraman du, Valentziako Pirofantasia etxeak (Herrialde Katalanak). Su horiek ostiralean ikusi ahal izan ziren, eta Txapartegiren esanetan, «espazioaren zein isiltasunaren erabilera ona» egin zuten, eta «ikuskizun ederra» eskaini zuten.
Hirugarren postuan, berriz, Madrilgo Vulcano (Espainia) etxea sailkatu da. Joan den larunbatean, Aste Nagusiko lehen egunean, bota zituzten suak, eta Txapartegiren arabera, «hiru espazioen koordinazioa» eta «denbora maisutasunez erabili izana» izan dira brontzezko saria emateko arrazoiak. Bestalde, datorren astean esango dute nork irabazi duen Publikoaren Saria.
Donostiako Aste Nagusia
Austriako suen nagusitasuna
Pyrovision talde austriarrak irabazi du Aste Nagusiko Su Festen 51. Nazioarteko Lehiaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu