Ausardia izan zuen emakumea

Perpetua Saragueta idazle nafarraren lanari buruzko liburu bat idatzi du Andres Iñigo euskaltzainakEmakume aitzindaria izan zen, orduan gutxi zirelako euskaraz idazten zuten emakumeak

Perpetua Saraguetaren alabetako lau, atzoko prentsaurrekoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Perpetua Saragueta idazle nafarraren bizitza eta idatziak biltzen dituen liburu bat aurkeztu zuten Iruñean atzo: Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia. Liburua Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak idatzi du, eta akademiaren eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako Mendaur bildumaren 9. zenbakia da. Liburuan idazlearen obra osoa argitaratu dute. Beraz, argitaratu gabeko testuak ere jaso dituzte.

Aurkezpen hunkigarria izan zen Perpetua Saraguetaz Andres Iñigok egin zuena. Aurkezpenean izan ziren, besteak bestea, Saraguetaren lau alaba eta Xabier Azanza Euskarabideko zuzendaria. Saraguetaren alabek, une batzuetan, ezin izan zieten malkoei eutsi. Saraguetaren alabetako batek, Maite Urtasunek, bere amaren lana ezagutarazteagatik egiten duten lana eskertu zien Euskaltzaindiari eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea erakundeari.

Baina, bereziki, liburuaren egilearentzat izan zuen esker ona, Andres Iñigorentzat. Amaren idatzien ikerketan «egindako lana eta erakutsitako maitasuna» eskertu zituen. Urtasunek bere amaren lana ondorengo belaunaldientzako eredutzat jarri zuen. «Ea ondorengoek haren euskara aztertzen duten eta haren bizitza ereduaz ikasten duten».

Emakume aitzindaria

Haren bizitzari erreparatuz gero, ezin uka Perpetua Saragueta kemen bereziko emakumea izan zela. Mezkiritz herrian jaio zen, Erroibarren (Nafarroa), 1905. urtean, eta Iruñean hil, 1986an. Baserri giroko hamahiru anai-arrebetatik zaharrena izan zen, eta eskolara lau urtez besterik joan ez bazen ere, azkar eta ongi ikasi zuen idazten eta irakurtzen. Baztango Irurita herrira ezkondua, Trinidad Urtasun okina eta bertsolaria izan zen haren senarra. Familiako okindegiko lanetan laguntzeko, gidabaimena atera behar izan zuen, eta Nafarroan baimena eskuratu zuen bigarren emakumea izan ei zen. Horretaz gain, sei alaba hazi eta hezi behar izan zituen. Etxean eta etxetik kanpo lana ezin buka izan zuen arren, idazteko gogoa eta zaletasuna izan zuen beti.

Eskolan emandako urte eskasetan sartu zitzaizkion ikasteko eta irakurtzeko gogoa, bai eta euskara maitatu eta balioestekogrina ere. Gogo horrek bultzatuta hasi zen idazten, eta kazetaria eta idazlea izan zen.

Emakume aitzindaria izan zela esan daiteke, haren garaian gutxi zirelako Nafarroan idazten zutenak, eta are gutxiago euskaraz aritzen zirenak. «Nafarroan garai haietan euskaraz idaztera ausartu ziren emakume bakarretakoa izan zen, eta horrek berak handiago egiten du emakume mezkiriztarraren merezimendua».

Bi garai

Andres Iñigoren aburuz, bi epe bereizten dira Perpetua Saraguetaren idatzietan. Batetik, 36ko gerraren aurreko urteetan egin zuen kazetari lana. Iruñeko El pensamiento navarro eta La Voz de Navarra egunkarietara hasi zen igortzen sorterriko berriak, bai eta Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara ere Mezkirizko eta Arizkungo kronikak, Txorrondo izengoitiaz sinatuak ia beti. Txorrondo jaio zen baserria zegoen auzoaren izena zen. Eta, bestetik, urteetan zehar —batez ere 70eko hamarkadan— egin zituen idatziak. Horietan hainbat gai ditu hizpide: sorterriko deskribapenak, ohiturak, gertaerak, pasadizoak, familiako kontuak, fede eta erlijioa, besteak beste.

Horietako zati batzuk plazaratuta zeuden dagoeneko, baina Perpetua Saraguetak idatzirik utzitako multzorik handiena argitaratu gabe zegoen. Orain, horiek guztiak bildu dituzte liburu honetan, xedea Saraguetaren lan guztiak argitaratzea izan baita.

Liburua bi kapitulutan antolatu dute. Lehendabizikoan, ondare hori hiru ataletan sailkatu da: lehenengoan, idazleak «oroimenak» izendatzen dituen idatziak ageri dira; bigarrenean, ongi ezagutu zituen bere garaiko zenbait emakumeri buruzko aipamenak eta balorazioak egiten dira, eta, hirugarrenean, idatziak utzi zituen bertso batzuk irakur daitezke.

Bigarren kapituluan, berriz, eskuidatzietako hiztegi hautatua ageri da, «Erroibarko hiztegia osatzeko eta euskal hiztegiaren corpusa aberasteko lekukotasun interesgarria izanen delakoan».

Horretaz gain, liburuari bi eranskin txertatu dizkiote: bata, gerra aitzineko garaian Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara igorri zituen Mezkirizko eta Arizkungo dozena erdi bat kronika; bestea, CD bat, Jose Mari Satrustegik Perpetua Saraguetari 1977 eta 1979 urteetan egin zizkion hiru grabazio luze jasotzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.