Franck Dolosor. Kazetaria

«Ausardia handiagoa behar da ETBn»

Irailaren hasieran, Dolosorrek EITBko etapa itxi zuen. France Bleu irratian ari da ordutik, euskaraz eta frantsesez. «ETB1ek ETB2ko morrontzatik atera beharko luke», adierazi du.

FRANCE BLEU.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Kazetari lanetan 1996an hasi zen Franck Dolosor (Senpere, Lapurdi, 1977). Radio France Bleu irratiko berriketari lanaz gain, kolaborazioak egiten ditu Noticias taldean eta Radio Euskadin.

22 urteko etapa itxi duzu. Zergatik erabaki duzu EITB uztea?

Oso gustura aritu naiz EITBn: bi urtez Radio Euskadin, eta beste hogei urteak ETBn. Ikusten nuen enpresan egin dezakedan guzia mila aldiz egin dudala, eta erronka egion diot neure buruari, bertze zerbait egiteko.

Zer moduz joan zaizkizu lehen asteak France Bleu irratian?

Oso ongi, ilusio handiz. Gogoz hartu dut lana, eta gogotik hartu naute. Euskal Herriko hedabide batetik Euskal Herriko beste hedabide batera pasatu naiz. Euskaraz eta frantsesez aritzen naiz, eta tarteka aurkeztea egokitzen zait.

Ba al da aukerarik France Bleu Urdin irratian euskararen presentzia handitzeko?

Orain, dagoena egonkortzea da asmoa. Handitzeko aukerak egon daitezke, zuzendaria oso euskaltzalea baita. Egun, euskarazko albistegiak daude 06:30ean, 07:30ean eta 08:30ean, eta ordubeteko euskarazko saioa egiten dugu 12:00etan —19:00etan berriro ematen dute—. Asteburuetan ere bada hori guztia. Zuzenean egiten da, gainera.

Talde publikoaren irrati batzuetan bideoaren bidea ere hartzen ari dira.

Bai, 44 France Bleu daude. Urdin irratia liderra da Iparraldean, eta sei herritarretik batek entzuten du egunero. Beste France Bleu batzuetan hasi dira goizeko saioak France3n telebistan ematen, eta gurera ere irits daiteke.

EITB utziko zenuela jakinarazi zenuenean, sare sozialetan zure aldeko mezu ugari zabaldu ziren. Harritu al zintuen?

Pentsatu nuen hobe zela albistea neronek ematea. Uste nuen bospasei mezu iritsiko zirela, baina sekulakoa izan zen: nire txioak izan zituen 18.000 interakzio, 204.000 inpresio, eta harrituta gelditu nintzen. Ez nuen uste hainbeste mezu jasoko nituenik, ezta halako aniztasuna izan ere. Biziki umila naiz; asko harritu ninduen. Jende askok lotu nau Iparraldearekin; beharbada, Iparraldearekin duten hari bakanetakoa nire lanaren bidez izan da. Baina hari txikiegia ez ote den...

Lander Arretxea BERRIAko telebista kritikariak esan zuen zure ibilbidea omentzeko modurik onena ETBn arituko direnei begira jartzea dela.

Niri aukera eman zidaten bezala, beste batzuei aukera eman behar zaie. Ausardia izan behar da langileak hartzeko: hartu, formatu, enpresak egokitu behar du egoerara... Hegoaldeko hiriburuetan kazetari gazte asko trebatzen dira. Baionako egoitzan lan bat egin behar da, baina harritzen naiz zein gazte gutxi lotzen den Iparraldean euskarazko kazetaritzari. Hautagai gutxi egon ohi dira; pena da.

Ez al dute ETBko zuzendaritzek gutxi mimatu Iparraldearen orena?

Orokorki, ausardia handiagoa behar da. Euskaraz egiten diren lanei balio handiagoa eman behar zaie. Argi dut gure indargunea duela 40 urte finkatu zena dela: euskara eta Euskal Herria. ETB1ek ETB2ko morrontzatik atera beharko luke. Erabaki sendoak hartu behar dira. ETB2 eta Radio Euskadi beharrezkoak dira, baina oreka behar da lortu, esaterako Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik duten oreka berbera. ETB1ek beti baitu aurrekontu txikiagoa, ordutegi okerragoa; albistegietan produktu berbera delarik ere, beti ditu baliabide gehiago ETB2koak. Bestalde, guk Iparraldeko hauteskundeei buruzko emanaldi bereziak egin izan ditugu ETB1en, eta %0ko kuota eman dute. Egiten ez bada, kritikatzen da; eta egiten delarik, ez da ikusten. Beste saio batzuekin ere antzekoa gertatzen da.

Zer behar du ETB1ek?

Euskal sena duten produktuek funtzionatu egiten dute, behar diren baliabideak eta lantaldeak dituztenean. Argi dut hortik jo behar dela. Bistan da jende berria erakarri behar dela, baina herri txikietako euskaltzaleei ez zaie bizkarra eman behar.

Euskal sena ere behar al da gaztelaniazko eta frantsesezko hedabide publikoetan?

Nik hala egiten dut. Horri txertatu behar zaio agenda zein den. Nahiago nuke agenda guk finkatzea: landu eta sakontzea. Zergatik jarraitu Madrilen edo atzerriko beste toki batzuetan finkatzen den agenda? Hemengo albisteekin zabaldu behar dira albistegiak. Epizentroa zein den ikusi behar da; enpresak behar du hori finkatu. Euskaldungoa bere osotasunean hartu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.