Baztandarren Biltzarra

Aurtengoa ospatu eta hurrengoak bermatu

Baztandarren Biltzarra ospatuko dute igandean, Elizondon, pandemiagatik bi urtez bertan behera utzi eta gero. Antolatzaileek «ohiko» besta moldeari eutsi diote, eta orgen desfilea eta bazkaria izanen dira ekitaldi nagusiak. Ohartarazi dute elkarteak jende berria behar duela baztandarren besta antolatzen segitzeko.

Baztandarren Biltzarra elkarteko kideak, astelehenean, Elizondoko Merkatuko zelaian egindako aurkezpenean. NAFARROAKO HITZA.
edurne elizondo
Elizondo
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Lan handikoak dira azken egunak». Baztandarren Biltzarra ospatuko dute bihar, Elizondoko karriketan, eta izen bereko elkarteko kideek zer egin ez dute falta. Lana badute, baina baztandarren besta handia egiteko gogo eta ilusioa ere bai. Berezia izanen dela garbi dute, gainera, azken bi urteotan bertan behera utzi baitute pandemiagatik. «Karrikan sumatu dugu egunotan jendea ospatzeko gogoz dela», erran du Alvaro Garde antolatzaileak.

Gogo horri eutsi nahi diote Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek, hain zuzen ere, eta herritarrak haiekin bat egitera deitu dituzte. Baztandarren Biltzarra antolatzen segitu nahi dute, eta horretarako jendea behar dute. «Dozena bat pertsona gaude elkartean, eta gehienak, aspalditik; laguntza behar dugu. Ez bestaren egunean aritzeko laguntza: elkarteak bazkideak behar ditu, urte osorako konpromisoa hartuko dutenak», erran dute.

1963. urtean ospatu zuten Baztandarren Biltzarra lehendabiziko aldiz. «Badut gogoan egun hartako besta. Polita izan zen! Baztandarren Biltzarra hasi zen baztandarrok biltzeko. Ni hamar urtez aritu nintzen lanean», oroitu du Joaquina Bengoetxeak (Arraioz, 1946). Igandean Elizondora joanen da, hasierako gogoa ez baitu galdu, baina aitortu du Baztandarren Biltzarra orain ez dela lehen zena. «Oraingo besta ere maite dut, baina bertze gauza bat da. Lehen, baztandarrena zen; orain, jende anitz etortzen da».

Naiara Elolak horri eman dio balioa, hain zuzen. «Euskaldun guztion biltzar bat da», nabarmendu du. Donostian jaioa da Elola, baina Irurita du bizitoki 2014ik. Aurtengo besta ospatzeko «gogoz» dela erran du, «berezia» izanen dela, azken bi urteotan hutsean gelditu eta gero. Etorkizunarekin «kezka» ere badu: «Auzolanean antolatzen da, eta ez da erraza».

Elolak ongi daki hori, antolatzaile lanetan aritu izan baita. «Pena litzateke galtzea, patrozinatu gabeko besta eredu bat galduko genukeelako. Kontzientzia hartu beharko genuke, eta denok ale txiki bat jarri, ospatzen jarraitu ahal izateko», azaldu du.

Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek ere garbi dute bidean urratsak egiten segitu nahi dutela; ez dutela ibarreko herritarrak batzen dituen besta galdu nahi. Dozena bat gazte ari dira elkartean lanean, egun. Elkarteari eusten dion taldea osatzen dute. Baztango zenbait herritakoak dira, baina ez da Baztango herri guztietako jendea elkartean.

Urtarrilean hasi ohi dira uztaileko egun handia prestatzen, baina pandemiak hutsean utzi du errutina hori azken bi urteotan, eta aurten ere, seigarren olatuak betean harrapatu zituen elkarteko kideak, urte hasieran, zer egin erabaki behar zutenean.

1.600 pertsona bazkarian

«Azkenean, ohiko besta eginen genuela berandu erabaki dugu, ekainean edo», kontatu dute elkarteko kide Izargi Zumarragak, Oihana Retegik, Garazi Arretxeak eta Ana Iribarrenek. «Ohiko» erraten dutenean, bestaren dimentsioaz ari dira. Izan ere, azken bi urteotan etxeak apaintzera deitu zituzten antolatzaileek herritarrak, eta musika eraman zuten herri guztietara. Besta txiki bat egin zuten, biltzar handiaren oroigarri. Ez zuten biltzarraren sua erabat itzaltzen utzi nahi.

Aurten, berriz ere, 1.600 pertsonarentzako bazkaria antolatu dute, eta egitaraua hasiko duen eskulangileen azokarekin batera, herrietako orgen desfilea izanen dute eguneko ekitaldi nagusi. Guztia prestatzeko, lan eta lan aritu dira elkarteko kideak azken asteotan. «Besta bizitzeko bertze modu bat da, barrutik. Lan egin behar da, baina bada gozatzeko aukera», nabarmendu du Alvaro Garde antolatzaileak.

Horixe da herritarrei helarazi nahi dietena: ospatzeko, lan egin behar dela; eta lan egitea ere badela ospatzeko modu bat. Elkartea sendotzen ez bada, ordea, dena egonen da airean. «Hurrengo urteko Baztandarren Biltzarra kolokan dela erran dezakegu, bai», berretsi du Gardek.

1963. urtean aurrenekoz ospatu zutenetik, zenbait oztopo gainditu eta zenbait garai zail pasatu ditu Baztandarren Biltzarrak. Frankismoaren mugak gainditu behar izan zituzten antolatzaileek, hasieran. Baztandarren Biltzarra elkarteak 1976tik du besta egun horren ardura. 1986an, hain zuzen, ospakizunak bertan behera uztea erabaki zuten, euskal presoen alde antolatutako kalejiran Guardia Zibilak zenbait pertsona atxilotu zituelako. Antolatzaileek erabaki zuten aurrera ez jarraitzea.

1990eko hamarkadan ere zaila izan zen bidea. 1997an besta ez antolatzea erabaki zuen elkarteak. Laguntzarik eza utzi nahi izan zuten agerian, eta herritarrei erakutsi zer galtzen ahal zuten, auzolanari segida ematen ez bazioten. Antzekoa izan zen egoera, 2017. urtean. Urte hartako abenduan agerraldia egin zuten Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek, hedabideen aurrean, eta ultimatuma eman zuten: «Kideak ez baditugu lortzen, jaia bertan behera geldituko da». Azken unean salbatu zuten hurrengo urteko besta.

Elkarteko kideen deiak jaso zuen herritarren erantzuna, eta aurrera egin zuten; pandemiak, berriz ere, bertan behera utzi arte. Osasun krisiak eragindako etenaldia ere gainditu du Baztandarren Biltzarrak, eta, igandean, Elizondon eginen dute bat herritarrek eta bisitariek.

Baztandarren Biltzarra elkarteko kideak igandeko besta prestatzeko azken txanpan dira. Hedabideen aurrean agerraldiaegin dute Elizondon, asteon,jaiaren nondik norakoak azaltzeko. Elkarteko kideek errateko dutena jasotzen izan da Xorroxin irratiko kazetari Fernando Anbustegi. Baztandarra izanik, ibarreko bertze herritar anitzen sentsazio bera du egunotan: «Berezia izanen da; gogo berezia dago aurtengo Baztandarren Biltzarra ospatzeko».

Goiz eta arratsaldez egin beharko du lan, baina, «aspaldiko partez», bazkarian izanen da. «Gustura, bestan murgiltzeko aukera izanen baitut. Baztandarren Biltzarra da bestarik kutunena baztandar anitzentzat», erran du.

10:00etan hasiko da Baztandarren Biltzarra, eta ordubete beranduago izanen da herrietako orgen desfilea. «Herri guztiek parte hartuko dute», baieztatu du Izargi Zumarragak. Aurten, Amaiur herria izanen da desfileko abanderatua, antolatzaileek oroitu nahi baitute bostehun urte bete direla aurten Amaiurko gaztelua suntsitu zuen bataila gertatu zenetik.

Amaiurko batailari bertze keinu bat egin nahi izan diote antolatzaileek, eta, ohi ez bezala, ezpata dantzariak izanen dira aurten bastan ariko diren dantzarien artean, «Amaiurko guduaren ikur». Baztangoekin batera, Euskal Herri osoko dantza taldeak izanen dira igandean, Elizondoko karriketan.

«Dantza baztertzailerik ez»

Mutil dantzek ere izanen dute toki bat Baztandarren Biltzarraren egitarauan, eta antolatzaileek garbi erran dute «nahi dutenek» egin ahal izanen dutela dantza. «Ez dugu dantza baztertzailerik nahi; Baztandarren Biltzarra elkarteak erakutsi du tradizioa eta gaurkotasuna uztartzen ahal direla», nabarmendu du Alvaro Garde kideak.

Eraso sexisten aurka ere ozen egin dute elkarteko kideek. «Baztandarren Biltzarra denen gozamenaren eta harreman parekideen aldeko besta bat» dela erran dute antolatzaileek. Eraso sexisten aurkako protokoloa martxan jarriko dutela erantsi dute.

Elizondon ia dena dute prest biharko: Baztandarren Biltzarra ospatzeko prest dira, azkenhilabeteotako ziurgabetasuna bazter utzi eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.