Natura

Aurtengo sugeen mapa osatzen hasi da Aranzadi, 'zientziauzolanean'

Suge bat ikustean hari argazkia egiteko eta Twitterren bidez non ikusi duten kontatzeko eskatu die herritarrei zientzia elkarteak.

Aurtengo lehen sugeak non ikusi dituzten erakusteko mapa. ARANZADI
Edu Lartzanguren.
2023ko apirilaren 21a
15:50
Entzun

Udaberriarekin batera, zulotik ateratzen hasi dira sugeak, eta etxe zulotik sugezainak. Aranzadi zientzia elkarteak martxan jarri du Sugebizi kanpaina beste sasoi batez, Euskal Herrian ikusitako sugeak sailkatzeko eta mapa batean kokatzeko. Zientziauzolana delakoa erabiliko dute aurten ere, hau da, zientzialari bihurturiko herritarren ekarpena.

2023ko lehenbiziko behaketen berri eman du elkarteak. «Adi #sugezain! Gaurkoan 2023ko #sugebizi-ren lehenengo datuak ekartzen dizkizuegu. Alde batetik, behaketen mapa eta bestetik, espezie bakoitzeko aipu kopurua grafiko batean. Animatu parte hartzera eta jarraitu dezagun!», idatzi dute Twitterren.

Ikusi diren lehenengo sugeak zein espezietakoak diren jaso dute grafiko batean, eta zenbat ikusi diren.

Aranzadik zabalduriko grafikoa, aurten oraingoz ikusitako suge espezieekin.

Iñaki Sanz-Azkue herpetologoa 2020. urtean hasi zen Twitter bidez sugeen argazkiak jasotzen. «Konturatu ginen bazegoela hor jendea agian kalean naturarekiko interes handirik ez zuena, baina sakelako bat zuena eskuan eta suge bat topatu bezain pronto sare sozialetara igotzeko prest zegoena. Hasi ginen pentsatzen aipu horiek denak artxibatzeko moduren bat egin behar genuela», adierazi zion BERRIAri 2021ean.

Gaur hasi da Sanz-Azkue aditua sugezaleek bidalitako irudiak partekatzen, Twitterren bertan.

Ekimenak arrakasta handia izan du azken urteotan. 2021ean, esaterako, 170 bat herritarrek 334 mezu bidali zizkieten. Euskal Herrian dauden 11 suge espezieetatik hamar atzeman zituzten.

Herritarrek eginiko zientzian, hau da zientziauzolanean, zientzialari profesional ez direnek hartzen dute parte. Askotan, gai baten inguruan zaletasuna edo jakin-mina daukan jendeak parte hartzen du horretan, baina berez edonork har dezake parte. Zientzia aldetik balio handiko datuak jasotzen dituzte zientzialariek herritarren ekarpenetik, bestela sekulako taldeak eta lan ordu asko eskatuko lituzkeen lan bat egiteko, edo, besterik gabe, gauzatu ezinezkoa litzatekeena.

Aranzadik emandako jarraibideen arabera, sugeak ezin dira ukitu edota hartu (hiltzea, ingurumen delitua litzateke). Herritarrari eskatzen diote sugea ikusiz gero, hari argazki bat egiten saiatzeko, ahalik eta argiena.

Argazkia egin ostean, lekuaren koordenatu geografikoak jasotzea eskatzen dute. Whatsapp, GPS nabigatzaileek eta beste hainbat aplikaziok aukera ematen dute norbera dagoen lekuaren kokapena markatzeko. Bestela, argazkiaren metadatuetan egoten da informazio hori, eta gero etxean atera daiteke (sakelakoan GPSa aktibatuta baldin badago, betiere).

Ondoren, argazkia argitaratu Twitterren, #sugebizi traola erabilita. Horren bidez, egitasmoaren bultzatzaileek jaso ahalko dute.

Aranzadikoek identifikatuko dute suge espeziea, eta erantzungo diote erabiltzaileari. Gainera, #sugezain titulua emango diote, ekarpena egiteagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.