Onddoek eragindako pandemia global bat. Mundu zabalean hedatu da onddoen infekzioa, eta kutsaturiko gizakiak odol egarri diren erasotzaile bortitz bilakatu dira. 2013ko bideojoko bat zena telesail bilakatu da, eta ez edonola. HBO Max plataformaren The Last of Us telesaila urteko lehen hilabeteetako fenomeno bilakatu da.
Craig Mazin eta Neil Druckmann dira telesailaren sortzaileak —Mazinek arrakasta handia lortu zuen Chernobyl telesailari esker—. Bigarren denboraldiari begira, iragarri dute «zonbi edo kutsaturiko» gehiago egongo direla. Izan ere, bideojokoaren zale askok telesailari kritikatu diote akziozko eszena gutxi egotea. Beste batzuentzat bertutea izan da hori, HBO Maxeko fikzioak eraginkortasunez lortu baitu pertsonaietan sakontzea. Adin ertaineko gizon bat (Pedro Pascal) eta neska nerabe bat (Bella Ramsey) dira protagonista nagusiak. Bizirik irauteko borrokan dabiltza mundu apokaliptiko batean, eta haien arteko maitasun samurrak telesailaren istorioa zeharkatzen du. Elkar zaintzen dute. Bizitza salbatzen dio neskak gizonari, eta gizonak neskari.
Lehen denboraldiko istorioetan, bada aipatzea merezi duen atal bat: hirugarrena. Nick Offerman eta Murray Bartlett aktoreek bi gizonen arteko maitasun istorio hunkigarria interpretatzen dute atal horretan. Oso goraipatua izan da kapitulua sare sozialetan, eta batek baino gehiagok esan du telesail batean egin den atalik ederrenetakoa dela. Ikus-entzuleen botoak ere ez dira batere makalak izan: IMDB atarian, 10etik 9,4ko puntuazioa du. Denboraldi osoak 9,1 puntu ditu.
Mazinek sortutako Chernobyl-ek 9,4 puntu lortu zituen, eta hori ere HBO Max plataforman ikus daiteke.
Euskarazko azpidatziak
HBO Maxek ez du aukerarik ematen The Last of Us euskaraz ikusteko. Euskal Encodings atariko ekintzaileek, ordea, denboraldiko atal guztien euskarazko azpidatziak prestatu dituzte, eta haien webgunetik har ditzakete erabiltzaileek. «Goza ezazue telesaila jatorrizko bertsioan euskarazko azpitituluekin», aipatu dute sare sozialetan asteotan.
Telesaila herrialde gehienetan streaming plataformen bidez iritsi baldin bada ere, Ameriketako Estatu Batuetan HBO ordainpeko katean eman dute igande gauetan. Emankizun horietan gorantz egin du, lehen ataletik aurrera: azken-aurreko atalak 8,1 milioi ikus-entzule bereganatu zituen, estreinaldi egunekoak baino %74 gehiago. Azkeneko atalak 8,2 milioi ikus-entzule izan ditu,eta kontuan hartu behar da igande gauean Oscar sarien gala izan zela. Han izan zen Pedro Pascal aktore protagonista ere, aurkezle —Txilekoa da, eta aitona Euskal Herrikoa zuen—.
Bigarren denboraldiari begira, ez dute argitu Pascalek jarraituko ote duen. Aldiz, Mazinek ziurtatu du Bella Ramsey atal berrietan egongo dela. Bideojokoaren bigarren zatiarekin alderatuta, Mazinek aipatu du telesaila desberdina izango dela. Aktoreak 19 urte ditu egun, Ellie pertsonaiak bideojokoaren bigarren zatian duen adin berbera. Hiru denboraldi egongo direla ziurra da.
Aurten gehien laudatu dutena
HBO Max-eko 'The Last of Us' telesailaren lehen denboraldia goraipamen askorekin amaitu da. Bideojoko batean oinarrituta dago. Beste bi denboraldi grabatuko dituztela ziurra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu