ATZEKOZ AURRERA

Aurrizkiak erakusgai

Abian da Bioterra, produktu ekologikoei eta bizimodu arduratsuago bati buruzko azoka, Irungo Ficoban. Janariez gain, eraikuntza, energia eta ehungintzako produktuak daude.

Bioterrako saltoki bat, atzo. 85 parte hartzen ari dira aurtengo azokan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jakes goikoetxea
Irun
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Bi aurrizki: eko eta bio. Eta aurrizkiei lotuta, nahi adina hitz eta produktu, osasuntsuago bizitzeko, Lurra eta ingurumena errespetatuz, edo, gutxienez, kontsumo ohitura iraunkorragoekin. Bioeraikuntzatik energia berriztagarrietara, elikagai ekologikoetatik olibondoz, kortxoz edo artilez egindako produktuetara... Eta horiekin guztiekin batera, lanbasak, masajeak emateko besaulkiak, oftalmologia klinikak, garbiketa robotak, lisagailuak, holosintesia... Bioterra azoka da, Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa). Atzo zabaldu zuten eta astelehenera arte egongo da irekita.

Sartu orduko, hormak argazkiz beteak dituen erakusleku bat. Etxeak eta baserriak ageri dira, obretan. Egur asko, adobea, kortxoa... Erakuslekuan, Silvia Ortiz de Elgea arkitektoa, Arkmonia estudiokoa, eta Javier Barcina bioeraikitzailea, Etxezar enpresakoa.

«Bioeraikitzailea baino gehiago, artisaua», zehaztu nahi izan du Ortiz de Elgeak. Artisau lana egiten baitute: egurrarekin, harriarekin, adobearekin... Porlanik ez. «Kare morteroa». Etxeak isolatzeko kortxoa, artilea, kalamu zuntza, egur zuntza... erabiltzen dituzte. Bi hamarkadako eskarmentua dute: «Jada ez gara arraroak», laburbildu du Barcinak.

Lan eskaera handia dute. Orain, etxeak berritzeko batez ere. Ez dira eraikuntza prozesu arruntak, eta etxejabeekin sortzen den harremana ere ez. «Lotura oso estua sortzen da, emozionala», Ortiz de Elgearen esanetan. «Pertsonak ezagutu egin behar dira; entzun egin behar zaie».

Oihalezko hormak

Parean, oihalezko hormen eta sabaien eskaintza. Poliesterrezko «oihal tenkatuak», azaldu du Paulo Elkorok, Sabaitek enpresako ordezkariak. Igeltsuaren eta pladurraren ordez jar daitezke. Haien aldean, gainera, obrarik, hondakinik eta hautsik gabe. Hidrofugoak izan daitezke, lurruna uxatzen dutenak eta lizunik sortzen ez zaienak; soinu isolatzaileak; bigungarria dutenak, eskoletako baloikadak jasateko gai; zeharargitsuak, argiteriaren argia pasatzen uzten dutenak; bakterioen kontrakoak; serigrafiatuak edo norberak aukeratutako argazkiarekin...

Eraikin publikoetan jarri dituzte batez ere: Bilboko Arte Ederren Museoan, Ziortza-Bolibarreko frontoian (Bizkaia), Donostiako Bidebieta auzoko kiroldegian, Usurbilgoan (Gipuzkoa)...

Jende gutxi dabil Ficobako lurrean zinta itsaskorrarekin jarritako gezietan aurrera eta atzera. Eskuko poltsa mordoxka bai, baina erosketa poltsa gutxi.

Egurrezko aulki baxuak ezkerretan; ur iragazkiak eta berogailuak eskuinean; Goiener kooperatibaren erakuslekua; kortxo zuntzarekin egindako diru zorroak eta poltsak aurrerago; mineralak handik gertu; depilazio ekologikoa ere bai; eta, nola ez, bi klasiko: aloe verarekin egindako produktuak eta intsentsua.

Eta, erakusleku batean, artilea. Goian, Artilezko hodeiak, dio errotuluak.Azpian, Alain Flores, ziordiarra. Aurrean, artilezko eskularruak, etxeko txapinak, barne zolak, lanparak, mantalak... eta «belaki xaboiak». Koloretako artile belakietan sartutako xaboiak, busti eta zuzenean erabiltzeko prest.

Nafarroako artilea

Floresek eta bikotekideak Nafarroako artzainei erosten diete artilea. Artzainek eskertuko dute, beste askok ez baitakite zer egin ardiei moztutako artilearekin. Artilea bildu eta garbitzera eramaten dute. Duela bi urte Auverniara (Frantzia), iaz Cuencara (Espainia). Hiru tona artile. Urte guztian lan egiteko adina. Azoketan saldu ohi dituzte produktuak, baina aurten azokarik ez dagoenez, Bioterrara joan dira, lehen aldiz. Webgunea ere badute.

Jende gehixeago dago janarien erakuslekuetan. Produktuak, asko: olioa, ardoa, eztia, ahabiak, ahuntz gazta, gazta beganoak—anakardoekin egindakoa tartean—, fruitu lehorrak, azafraia, txerrikiak... eta kombucha, te hartzitua.

Horien guztien artean, baita Julen Altzelai talogilea ere, Ekotalo enpresakoa. Taloez eta arto irin ekologikoaz gain, salgai ditu etxean taloak egin ahal izateko egurrezko gailuak. Talo maker dio gailuaren aurreko txartelak.

Janarien artean, teledendako iragarki bat zuzenean. Saltzailea mikrofono eta guzti. Etenik gabeko hitz jarioa. Salgai: barazkiak eta frutak mozteko mandolina. Zati handietan, txikietan, karratuak, luzeak, xerrak... eta, mandolina erosiz gero, barazkiak kiribil baten moduan mozteko gailua opari. Era guztietako barazkiak moztu ditu. Bukatutakoan, lanbasaren txanda da. Ur parrasta ederra bota du lurrera, eta mikrozuntzezko lanbasak ur guztia xurgatu du. Ez du tantarik isurtzen, gainera. Erakustaldia bukatu da, eta ikusle apurrak sakabanatu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.