Manuel H. Martinekin batera La Claqueta ekoizpen etxea sortu zuen Olmo Figueredok (Sevilla, Espainia, 1980). Irusoinekin eta Moriartirekin elkarlanean, La trinchera infinita filmaren (2019) ekoizleetako bat da.
Sei urtez aritu zara El Estado contra Pablo Ibar saioan lanean. Zer sentimendu dituzu biharko estreinaldiari begira?
Zintzoa izanda, urduri nago. Urte askotako lana izan da, eta urduri nago erantzukizunagatik. Ikusle batzuentzat entretenimendua izango da, baina Ibar sendiarentzat eta Miramarren [AEB] hil zituztenen senideentzat beren istorioa da. Haiei zauria irekitzen zaie gaiaz hitz egiten den bakoitzean.
Ibarren auziaren berri izan ez duten ikusleengana ere irits daiteke lana?
Pabloren auziaz ezertxo ere ez dakiten horientzat egin dugu dokumental saioa. Baina gaiaren berri izan dutenek ere ikusiko dute uste baino gutxiago dakitela auziaz. Sei urteko bidean zailtasun asko izan ditugu ekoizpen aldetik, baina aurrez aurre prozesu judizial bat nolakoa den bizitzeko aukera izan dugu. Denbora luzatu izana, bestalde, zoragarria izan da sormen prozesurako: konfiantza lortu dugu familiekin, eta ez genukeen beste modu batean lortuko. Epaitegi barneko irudiak ere grabatzeko modua eduki dugu. Eta, funtsean, aurrekaririk gabeko ikerketa bat egin ahal izan dugu sei urtez. Aurretik ikusi gabeko irudiak eta agiriak azalduko dira, eta prozesuko lekukotza guztiak ere bai.
Aipatu izan duzu 2.000 ordu zenituztela grabatuak.
Bai, artxiboan dagoen materiala demasa da: prozesu osoa dago grabatua. Hilketak gertatu zirenetik Ibarrek iazko sententzia jaso zuen arte 25 urte pasatu dira. Mende laurden bat da. Epaiketa bost aldiz errepikatu da, dozenaka lekuko egon dira, abokatu eta fiskal ugari aritu dira auzian, hainbat epaile... Urpekaritzan aritu gara artxiboan, eta horrek modua eman digu istorioa gertatu ahala kontatzeko. Esan nahi dudana da ez dela narratzailerik behar; gertatzen den guztia azaleratzen da zuzenean. Telefono deiak, Pabloren eztabaidak abokatuekin... dena dago.
Negar malkoak ere badira bidean. Sentimentaltasunean erotzeko arriskua zegoen?
Pablo oso gutxi agertzen da saioan, eta auzia mende laurden horretan sufritu dutenekin azaldu nahi izan dugu: ikus-entzuleek Pabloren emazte Tanyarekin enpatia izatea nahi genuen, baita Kandido Ibarrekin eta Miramarren hil zituzten biktimekin. Negar malkoak egotea normala da, kontuan hartuz 25 urte daramatzatela sufritzen. Horrek esan nahi du sentimentaltasunean erori garela? Uste dut ezetz. Eta iruditzen zait ikusleak gehiago hunkituko direla sententzia ematen den unean, senideak negarrez daudenean baino. Epaiketan tentsioa zegoen, eta tentsio hori erakutsi nahi genuen, baina ezinezkoa da hori sentimenduak azaleratu gabe ematea.
La Claqueta eta Irusoin ekoiztetxeen artean egin duzue saioa. Nola batu dira gero telebistak proiektura?
Irusoingo bazkideek erabateko konfiantza erakutsi digute, nahiz eta zalantza handiko uneak egon diren bidean. HBO plataformarekin akordioa Donostiako Zinemaldian lortu genuen, saioa amaituta zegoela. Zortea izan genuen, aurretik Canal Sur eta ETB proiektuan sartu zirelako. ETBk 2021. urtearen hasieran emango du. Pozik gaude, baina prozesua gogorra izan da.
Heriotza zigorraren gaia ere hor dago saioaren bukaeran...
Nik ez nuen heriotza zigorraren inguruko eztabaida bat sortu nahi. Parte guztiei azaldu diet heriotza zigorraren aurka nagoela. Seigarren atalean, erakutsi dugu Europako Batasuna heriotza zigorraren aurka dagoela.
La trinchera infinita filmak poz handiak ekarri dizkizue. Oscar sarietan heldu daiteke azkena?
Netflixek ez ditu ikustaldien datuak ematen, baina babes handia eman digu. Haiek badakite lehiakide ona izan daitekeela Oscar sariei begira. Uste dugu aukerak izan ditzakegula Oscar sarietarako bost hautagaien artean egoteko. Ikusiko dugu...
Olmo Figueredo. 'El estado contra Pablo Ibar' dokumental saioko zuzendaria
«Aurrekaririk gabeko ikerketa bat egin ahal izan dugu»
HBOk Pablo Ibarren auziaren inguruko dokumental saio bat estreinatuko du bihar. 2.000 orduko grabaketak sei ordutan laburbildu dituzte Figueredok eta haren taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu