Aurreiritziei kolorea aldatzeko

Haurtzaroan barneratzen dira jokabide eta aurreiritzi arrazista asko. Nahi gabe gertatzen da askotan, oharkabean, eta etorkizuna baldintzatu dezake. Azkenaldian, Euskal Herrian hainbat ekinaldi abiatu dituzte arrazakeriaren gaia eskoletan lantzeko.

Azal kolore desberdineko panpinak. BERRIA
Azal kolore desberdineko panpina batzuk. BERRIA
Ane Etxandi.
2025eko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

«Bietan zein da umerik azkarrena?»; «Eta zein da politena?»; «Zein da bietan zintzoena?»; «Zeinekin jolastuko zinateke?»... Halako galderak egin zizkieten 1939. urtean Mamie Phipps Clark eta Kenneth Clark psikologoek Ameriketako Estatu Batuetako haur batzuei. 2023an, galdera berberak egin zituzten Euskal Herrian, Donostiako Amara Berri eskolako ama talde batek sustatuta. 84 urteren aldea izanik batzuetatik besteetara, espero zitekeen AEBetako haurren erantzunak eta gaur egungoak oso ezberdinak izatea. Baina, pentsa zitekeenaren kontra, antzeratsu erantzun zuten haurrek.

Mamie Phipps Clarken master amaierako lanaren barruan, esperimentu bat egin zuten panpinak erabiliz. Hain zuzen, aztergai izan zituzten segregazioa ezarritako Washingtongo eskola bateko umeak eta segregaziorik gabeko New Yorkeko beste eskola batekoak. Bi panpina aurkeztu zizkieten haurrei: bata, zuria eta ilehoria; bestea, aldiz, beltza eta ile beltzekoa. Gainerakoan, berdin-berdinak ziren. Emandako erantzunei erreparatuta, argi geratu zen haur gehienek nahiago zutela panpina zuria. Esperimentu horren bitartez, ondorioztatu zuten haur beltz batek 5 urte zituenerako bazekiela Ameriketako Estatu Batuetan beltza izatea estatus apalagoko herritarra izatea zela. Horrek eragin zuzena zeukan umeen autoestimuan eta autokontzientzian.

Esperimentuak argi utzi zuen eskola segregazioak kalte egiten ziela umeei, eta, beraz, kaltegarria zela gizarte osoarentzat ere. Eskola publikoetako segregazioa amaiarazteko, erabakigarriak izan ziren Clark psikologoen lanak, eta, batez ere, panpinen esperimentua.

«Guraso askoren ustetan, arrazakeria ez zen landu behar haur txikiekin: esaten zuten Euskal Herrian ez dagoela arrazakeriarik»

ESTEFANIA QUILEZAmak Contra el Racismo taldeko kidea

Ikerketa hori egin zenetik 84 urtera, esperimentua Euskal Herrira ekarri zuen Donostiako Amara Berri eskolako ama talde batek. «Gure eskola publikoa da, eta, gizarteko esparru guztietan bezala, aniztasuna geroz eta handiagoa da eskolan ere», adierazi du Estefania Quilezek, taldeko kideetako batek. Kezka zuten haurrek zer aurreiritzi ote zituzten. «Gizartean arrazakeria badago, eskoletan ere egon behar du», erantsi du. Horregatik, Amak Contra el Racismo taldea sortu zuten. 

«Guraso askoren ustetan, arrazakeria ez zen landu behar haur txikiekin. Askok esaten zuten Euskal Herrian ez dagoela arrazakeriarik; egotekotan, beste toki batzuetan zegoela, baina ez hemen, Euskal Herrian», esan du Quilezek. Ideia hori gezurtatzeko balio izan zuen panpinen esperimentuaren bideoak. Quilezek nabarmendu du, gainera, bideoan agertzen diren umeak Amak Contra el Racismo taldeko kideen seme-alabak direla. Etxean apur bat lantzen dute gaia, gurasoek kontzientzia hori dute, eta, hala ere, umeek barneratuak dituzte mezu arrazistak. 

Iaz, Kayaren ipuina sortu zuten, lanketarekin jarraitzeko, eta aurreiritziak apurtzeko, pixkanaka-pixkanaka. Migratzen duen ume baten bizitza nolakoa den kontatzen da ipuinean: «Ama gisa, badakigu ipuinek zer-nolako eragina daukaten umeengan, eta uste dugu balioak helarazteko tresna ezin hobea direla». Aurten, umeen txanda da. Jarraipena eman behar diote Kayaren istorioari, eta arte lehiaketa bat antolatu dute horretarako.

Aditu askok azpimarratu dute oso garrantzitsua dela arrazakeriaren gaia umeak txikiak direnetik lantzea. Julia Shershneva Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariak ere berretsi egin du hori; bai familian bai eskolan landu beharra dagoela. «Uste dugu umeek ez dutela ezer ulertzen, baina entzuten duten hori erreproduzitu egiten dute», adierazi du Shershnevak. Jarrerak etapa batean baino gehiagotan barneratzen direla azaldu du adituak. Sozializazio prozesuan, gizakiek ezaugarri soziokulturalak barneratzen dituzte, eta beren izaeran txertatu. Hurbilekoei eta familiako kideei entzun dieten hori errepikatzen dute umeek, pentsatu gabe, eta zalantzan jarri gabe. Baina ez dute entzun eta errepikatu bakarrik egiten. Adituaren arabera, esandakoak eragindako erreakzioei ere erreparatzen diete, eta horrek informazio asko ematen die. Txiste arrazista baten kontatu eta ingurukoak barrez hasten badira, umeak ulertuko du eta barneratuko du txiste arrazista hori barregarria dela. 

«Uste dugu umeek ez dutela ezer ulertzen, baina entzuten duten hori erreproduzitu egiten dute»

JULIA SHERSHNEVAIkuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria

Shershnevaren ustez, zabaltzen ari den ideologia da gaia lantzeko beste arrazoi garrantzitsu bat. Duela hogei urtetik hona, Ikuspegi behatokiak Barometroa izeneko txostena argitaratzen du urtero. Hartan, aztergai izaten dute euskal gizarteak zer pertzepzio eta zer jarrera dituen atzerriko jendeari dagokionez. COVID-19aren pandemiaren garaian eta Ukrainako gerra piztu zenean hauteman zuten ikerlariek tolerantziarik handiena. Baina, geroztik, joera kontrakoa izan da, eta beherantz doa. «Horrek,  batetik, zerikusia du larrialdia amaitzearekin, eta, bestetik, Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeekin». Datuek diote azken urteetan tolerantzia txikiagoa dela. Gainera, muturreko ideologiak gehiago babesteko joera nabari da gazteen artean, eta diskurtso horiek errazago eurenganatzen dituzte. 

«Bai politika hartzen ari den norabidea eta bai zabaltzen ari den ideologia oso arriskutsuak dira», adierazi du ikerlariak. «Zalantzan jartzen ari dira azken urteetako aurrerapen guztiak, bai migrazioari dagokionez eta baita gainontzeko giza eskubideei dagokienez ere». Gogorarazi du aurrerapen horiek oso ahulak direla eta oso erraz galtzen direla. 

Nahitaez sortzen da galdera: nola aldatu norabidea eta nola gelditu joera hori? Shershnevak dio oso zaila dela, eta ez dagoela errezeta magikorik. Hala ere, uste du ezinbestekoa dela jarrera aktiboa izatea mezu arrazistak salatzeko eta zalantzan jartzeko. 

«Garrantzitsua da ulertzea aniztasunean denok sartzen garela»

ITZIAR GOROSTIDIGipuzkoako SOS Arrazakeriako hezkuntza arloko arduraduna

SOS Arrazakeriak, adibidez, lan handia egiten du aspalditik arrazakeriaren kontra borrokatzeko. Ahalegin handia egiten dute eskoletan eragiteko ere. Gipuzkoan, esaterako, tailer eta proiektu ugari egin dituzte azkenaldian. 2022an, martxan jarri zuten Hezkuntzari bira, kanpora begira programa. Ekintza parte hartzaile bat izan zen; ikasleek parte hartzea zen asmoa, batez ere. Baina beharrezkoa zen aurretik diagnostiko bat egitea, eskoletako egoera zein zen ikusteko. Hau da, gaia nola lantzen zuten, nola ikusten zuten bai gazteek eta bai irakasleek, zenbateraino zeukaten garatua...

Itziar Gorostidi Gipuzkoako SOS Arrazakeriako hezkuntza arloko arduradunak azaldu du prebentzioan ez dela batere lan egiten. Horixe izan zen ondorio nagusia, hain zuzen. «Gelan arazo bat hautematen denean, edo gazteei komentario arrazistak entzuten dizkietenean, konponbideak bilatzen dituzte, baina ez dago aurretiazko lanketarik». Gainera, irakasle askok ez dakite bereizten umeen komentarioak noiz diren kalterik gabekoak eta noiz diren benetan mezu arriskutsuak. Horrek argi utzi zuen gaia landu behar zutela, bai gazteek, baita irakasleek ere. Horretarako, irakasle eta hezitzaileentzako gida bat eta gazte eta nerabeekin lantzeko jarduera koaderno bat prestatu zituzten.

Gaia zenbat eta gehiago landu, orduan eta galdera gehiago sortzen dira, Gorostidik adierazi duenez. Baina, hain zuzen, helburua hori da: galderak egitea eta hausnartzea. «Garrantzitsua da ulertzea aniztasunean denok sartzen garela», nabarmendu du, eta zera gehitu: «Denok gara desberdinak eta elkarrekin bizitzen eta errealitatea normalizatzen ikasi behar dugu, bizitzaren arlo guztietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.