ATZEKOZ AURRERA. Julen eta Paskal. Merina Griseko kideak

«Aurreiritziak sortzeko zailtasunak jarri nahi genizkion entzuleari»

Gaur joko du Merina Gris taldeak Donostiako Aste Nagusian, Flamenka gunean. Etxetzat dute kaia, eta, horregatik, «inoiz baino urduriago» daude, baina, era berean, «gogotsu, oso».

MERINA GRIS.
Miren Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun

Dagoeneko ezagun bihurtu diren melodia itsaskor eta elektronikoak jotzen ditu Donostiako Merina Gris taldeak. Hain justu, etxetzat daukaten hirian joko dute gaur: Donostian. Hiru dira taldekideak: Julen, Paskal eta Sara. Apropos gorde dute abizena. Eta, gordetzen hasita, aurpegia ere gordea izaten dute, nahiz eta orain gutxi hasi diren maskara kentzen zuzenekoetan. Badu, ordea, zentzuzko arrazoi bat horrek; hain zuzen, indarra eman diona taldearen nortasunari. Julen eta Paskal taldekideek azaldu dute.

 

Nola definituko zenukete Merina Gris taldea?

JULEN: Guk guretzat sortutako eremu bat da. Artistikoki eta kontzeptualki ordezkatuak sentitzeko sortu genuena. Zakarkeriatik edertasunik goibelenera abesten dugu, eta musika edo soinu hutsetik haratago doan ikus-entzunezko adierazpen batean sinisten dugu.

Aurretik musikan ibilitakoak zineten. Baina nola elkartu zineten taldea sortzeko?

PASKAL: Gu biok lagunak ginen lehenagotik, eta musika asko partekatzen genuen gure artean: «Entzun hau», edo «entzun beste hau» esaten genion elkarri. Azkenean, momentu bat iritsi zen, non lokalean elkartu ginen musika sortzeko. Abeslaria behar genuen, ordea. Beraz, gure inguruan erakutsi genituen bion artean sortutako abestiak; eta, bide batez, abeslari gisa arituko zen norbait gomendatzeko eskatu genien. Horietako batek bere burua aurkeztu zuen proba bat egiteko: Sarak. Harekin sortu genuen gaur egun garena.

Taldea ezagutarazten hasi zineten ondotik. Baina maskara batez estaltzen duzue aurpegia. Zergatik?

JULEN: Gustatzen zaigun jolas puntu bat du horrek. Begira: aurreiritziak sortzeko zailtasun handiak jarri nahi genizkion entzuleari, gure artelana ahalik eta erarik puruenean jaso zezan. Bestalde, egia da igorlearen identitateari garrantzi handia ematen diogula orokorrean. Guri gustatzen zaigu gogoko dugun artista baten nortasuna eta testuingurua ezagutzea, eta aurpegia estaltzea handikap txiki gisa ikusten genuen horretarako. Nolanahi ere, jendearen harrera oso polita izan da, eta, paradoxa badirudi ere, gure nortasuna indartu du maskarekin ateratzeak.

Besteek zer kantuarekin hasi zineten, eta beste hainbat sortu dituzue geroztik. Zer eboluzio izan du taldeak?

JULEN: Ildoa mantendu dugula esango nuke; zakarkeriatik goibeltasun eta leuntasunera joanez. Agian, ekoizpenetan nabaritu dugu eboluzio nabarmena. Asko trebatu gara horretan: sintetizatzen jakin dugu, elementuen zein instrumentuen garrantzia uztartzen eta gutxirekin soinu lodiak sortzen. Izan ere, finean, soinua mezuaren parte da gure musikan.

Eta kantuak idazteko garaian?

JULEN: Horretan ere garapena egon dela esango nuke. Alegia, hor dauden baina modu horretan erabili ez ditugun hitzen edo adierazteko modu kostunbrista horien bila jarraitzen dugu. Eraginkorrena dela uste dugu, guri gehien transmititzen diguna hori da, behintzat. Erraza da sinplekerian erortzea, baina oreka horretan dago edertasuna.

Beraz, entzun edo ikustea gustatuko litzaizuekeen talde bat zaretela esango zenukete?

PASKAL: Erantzun bakarra du horrek: bai! Entzun, entzuten dugu gure musika, baina gure kontzertu bat kanpotik ikustea asko gustatuko litzaiguke hiruroi. Askotan komentatu izan dugun gauza bat da.

Musika berria egiten duzue, nolabait. Berria edo ez hain ohikoa, agian. Horrek beste eszenatoki batzuetan aritzeko ateak ireki dizkizue?

JULEN: Baliteke. Horrek, hala ere, ez dizu ezer bermatzen. Orduan, ateak irekitzeak beste hainbat gauzarekin zerikusia izan duela pentsatu nahi dugu [barrez]. Jendeak jakin-mina duela nabaritzen dugu, eta gustatzen zaigu hori.

Eta nola imajinatzen duzue taldea hemendik aurrera?

PASKAL: Lanean jarraituz, musika berria sortuz eta kontzertuak emanez. Garbi dugu luzako etorri garela.

JULEN: Agendan baditugu beste hainbat artistarekin elkarlanak. Beraz, eremu berrietara zabaltzea gustatuko litzaiguke.

Gaur izango zarete protagonistetako bat Donostiako kaian, Flamenkan. Gogotsu zaudete? Zer espero duzue?

PASKAL: Uf! Askotan esaten da etxean jotzea bezalakorik ez dagoela. Gure etxea da Donostia, eta eszenatoki gaineko etxetzat ditugu Donostiako kaia eta Donostiako Piratak. Jaietako eredu dira, eta ohore handia da bertan egotea.

JULEN: Hori bai, inoiz baino urduriago gaude [barrez], baina gogotsu, oso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.