Lontzo Sainz. EITBko Transformazio Digitaleko zuzendaria

«Aurki 'Nire EITB' izeneko erregistroa sortuko dugu»

EITB Nahieran aplikazioa aurkeztu dute asteon, baita EITB Albisteak aplikazio berritua ere. Sainzek nabarmendu du bilatzailearen gainean eratu dutela nahieran aplikazioaren egitasmoa.

EITB.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
1989. urtetik ari da EITBn lanean Lontzo Sainz (Bilbo, 1966). Azken hamarkadan, bereziki arlo digitaleko ardurak bete ditu.

EITB Nahieran aplikazio berriak bilatzaile oso erabilgarria dauka, euskarazko telebista edukientzat orain artean ikusi gabekoa. Nola lortu duzue hori?

Bilatzailea hasierako oinarrietako bat izan da. EITB Nahieran aplikazioaren proiektuak bi oinarri izan ditu: erabiltzailearen esperientzia eta bilatzailea. Izan ere, bilatzailearen gainean eraiki da egitasmoa.Agerian geratuko da hori hemendik hilabete batzuetara webguneko bertsioa ateratzen denean. Metadatuetan egin den lana oso garrantzitsua izan da, zeren sekulako bilatzailea izan dezakezu, baina gasolinarik edo datu onik ez badauka, akabo. EITBko ingeniaritza taldea eta Elhuyarreko lantalde bat aritu dira bilatzaile hori garatzen. Emaitza begi bistakoa da.

Bilatzailea soilik telebistaren alorrean dago. Irratian, saioen zerrendak daude, eta kontsumoa desberdina da.

Barruko tripei begira, bi mundu desberdin dira telebista eta irratia. Irratietan, ez dugu orain arte eduki gestore bat horri begira, baina hemendik gutxira egongo da hori ere. Horretan ari dira lanean.

Zer moduzko harrera izan du aplikazioak lehen egunetan?

Balorazioetan, oso ona. Erabiltzaileek nabaritu dituzten gabeziak eta akats txikiak bigarren eta hirugarren eguneratzeetarako zerrendatuta daude. Egunez egun, erabiltzaile kopurua gorantz doa.

Zenbait erabiltzailek sare sozialetan aipatu dute ez dagoela aukerarik norberaren erregistroa egiteko.

Aukera hori laster jarriko dugu martxan, bai aplikazioetarako bai gure komunitateetarako. Adibidez, gure newsletter-ak jende askok jasotzen ditu. Eta, aurki, Nire EITB izeneko erregistroa sortuko dugu. Zerbitzu gehigarriak nahi dituenarentzat ere modua eskainiko dugu.

Noiz iritsiko da ordenagailuentzako EITB nahieran webgunearen berritzea ?

Lantaldeak aurten egin nahi du hori. Erabiltzailearen esperientziatik abiatuta, lehenbizi aplikazioa sortu dute. Gero, Hbbtv-ra eramango da, baita Android TVra ere. Telebista konektatuetan nabigatzaile esperientzia aplikazioek duten berbera izango da. Eta azkenean, webera helduko da. Koherentzia lortuko da modu horretan.

EITB Albisteak aplikazioa ere aurkeztu duzue egunotan. Zer berritasun ditu aurrekoarekin alderatuta?

Berrikuntza nagusia jakinarazpenena da. Horrez gainera, gauza ona da toki bakarrean dauzkazula aktualitatearekin lotura duten zuzenekoak: adibidez, Eusko Legebiltzarreko zuzenekoak edo kultur ekitaldiak hor ikusteko aukera dago. Erabiltzailearen esperientzia eta argitasuna ere nabarmenduko nituzke aplikazio horretan. Eta aplikazio berriak aurrekoak baino askoz eduki gehiago ditu.

Zer moduz doaz EITBko beste hiru aplikazioak: Gaztea, Go!azen eta Hiru3?

Gaztea erabat pentsatu behar dugu, berriro: gazteentzako estrategia digital osoa ondo pentsatu beharra daukagu. Aurten tokatuko da hori. Ezertan hasi aurretik, hausnartu behar dugu benetan zer egin nahi dugun. Go!azen telesailaren aplikazioa eta Hiru3 katearena oso-oso ondo doaz. Go!azen-en denboraldiak iraun duen bitartean, aplikazioaren 37.000 erabiltzaile egon dira.

EITBko zuzendaritza berriak behin baino gehiagotan aipatu du zeharkakotasuna. Hori zertan islatuko da zure arloan, transformazio digitalean?

Transformazio digitalean azken bi urteetan saiatu naiz lankideei laguntzen, eta modu desberdin batean nola lan egin beharko luketen pentsatzen eta hori aurrera eramaten. EITBn talde gisa funtzionatu nahi baldin badugu, zeharkakotasunaren ikuspegia izan behar dugu. Helburua litzateke esparru guztiak ikusaraztea EITB Media talde moduan. Ardura duena da zer kontatzen dugun eta nola kontatzen dugun, eta, horretarako, oso profesional onak baditugu taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.