Lurreko eta itsasoko zaporeak uztartzen dira jatetxe eta tabernetan, eta aukera handia dago bertako jakiak dastatzeko. Ardozaleek enoturismoa egiteko aukera ere badute. Bertako txakolina hondarribi zuri eta hondarribi beltz barietateekin egina da, eta mahatsondoen kokapenak zapore berezia ematen dio edariari.
Herriak baditu bisitatu beharreko hainbat txoko. Hondarribiko turismo bulegoak bisita gidatuen eskaintza zabala du bidaiarientzat. Hondarribia funtsezkoa izena du bisita horietako batek. Juncal Carredano turismo bulegoko langilearen arabera, bisitariek gehien eskatzen duten bisitetako bat da. Bi aukera daude: alde batetik, ordubeteko bisita, taldea herriko alde zaharretik eramaten duena; eta, bestetik, ordu eta erdikoa, alde zaharraz gain, arrantzale auzoa ere bisitatzen duena. Asteartetik igandera egiten da bisita hori, eta sei euro balio du. Hondarribiarrentzat eta 12 urtetik beherakoentzat doan da.
Aurten bisita berri bat jarri dute martxan herrian: Argi gauak. Ostiraletan, 22:00etan hasten da Armen plazatik, eta ordubete irauten du. Carredanok azaldu du bisitak Hondarribia «beste modu batera» ezagutzeko aukera ematen duela. Hamabi laguneko taldeak osatzen dituzte, eta egunean bertan ordaintzen da. Bisitaren prezioa hamar eurokoa da. Herritarrentzat eta 12 urtetik beherakoentzat, berriz, doan.
«Taldeetako bisitari kopurua mugatuta dago; beraz, guk aldez aurretik erreserba egitea gomendatzen dugu», argitu du Hondarribiko turismo bulegoko langileak. Bisitarako erreserbak Internet bidez egin daitezke, www.hondarribiaturismo.com webgunean; baita [email protected] helbidera idatzita ere; edo (0034) 943-64 36 77 telefonora deituta. Turismo bulegoaren webgunean eskaintzen dituen gainerako bisiten inguruko informazioa ere eskura daiteke.
Kutxa eguna
Bihar, Santiago egunez, ospatuko da Hondarribian Kutxa eguna. 1361. urtean, San Pedro marinelen kofradia sortu zuten, arrantzaleei eskubide batzuk bermatzen zizkien erakundea. Sortu zenetik, uztailaren 25ean kofradiaren barneko botereak eskualdatzeko zeremonia egiten dute, desfilea barne. Ekitaldian, herriko neska bat izaten da protagonista, eta egurrezko kutxa bat eramaten du buruan, kofradiako dokumentu garrantzitsuak gordetzen dituena.
Kofradiaren egoitzaraino desfilean joaten da, kideen eta arraunlarien laguntzarekin, kutxa buruan duela. Iritsitakoan, biraka hasten da: zenbat eta bira gehiago eman, orduan eta hobea izango da arrantza urtea.
Hondarribia
Uda osoan.