Komunikazioa. Irrati lizentziak Hego Euskal Herrian (III). Ramon Zallo. EHUko irakaslea

«Aukera galdu bat da Jaurlaritzaren dekretuaren emaitza»

EAEko dekretua «euskararentzat txarra» eta «neoliberala» da, Zalloren ustez.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Azkeneko hilabeteetan FMko irrati lizentzien banaketarekin kritiko azaldu diren bakanetako bat da Ramon Zallo EHUko irakaslea (Gernika, Bizkaia, 1948).

1986tik Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean egondako dekretua nolakoa zen?

Lainotsua zen. Intentzio onekoa bai, baina ez zen batere formalista. Euskarari garrantzia ematen zion neurri batean, baina ez zegoen inolako kontrol sistemarik. Gaztelaniazko irratiek ez zuten betebeharrik euskaraz emititzeko. Irrati pribatuen mapa ez da batere ona izan euskararentzat. Pentsatzen zen aurreko dekretuak ez bazuen ondorio eraginkorrik euskararentzat hurrengoak neurri konpentsatzaileak izan behar zituela.

Konpentsazio hori etorri al da?

Ez, inolaz ere ez. Erreserba bat egin dute euskaraz emititzen dutenentzat. Baina bi hizkuntzako irratiak ez dira aintzat hartu. Gehienez, %5 puntu emango ditu euskaraz emititzeak. Nafarroan ez dago erreserbarik euskaraz emititzen dutenentzat, baina eremu euskaldunean puntu gehiago ematen ditu euskarak: %10. Bi hizkuntzako irratiak hobeto tratatuak daude Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoan baino.

Zer gertatuko da irrati libre eta komunitarioekin?

Irrati horietako asko aurkeztuko dira lehiaketara. Batzuek lizentzia lor dezakete. Eta lortzen ez dutenek lehen zuten egoera berean jarraituko dute, ez hobeto, ez okerrago. Ez dago erakunderik irrati horiek zigortu eta arautzeko. Okerrena da aukera bat galduko dutela euren egoera legeztatzeko. Beste aukera bat da Espainiako Gobernuak irrati komunitarioentzat espektro berezitu bat ateratzea eta gero hori autonomia erkidegoetan lehiaketara ateratzea.

Esan izan duzu Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak uhinen mapa merkantilizatu eta desnazionalizatuko duela. Zergatik?

Lehiaketako oinarriek edukien alorrean duten trataerak ekarriko du hori. Kasu horretan okerragoa da EAEko dekretua Nafarroakoa baino. Nafarroan ehun puntutik erdiak programazio, eduki eta gertutasun kontuekin lotuak daude. EAEn puntu gutxiago ditu alor horrek, eta garrantzi handiagoa ematen zaie alor teknikoari eta ekonomikoari. Ondorioz, irrati komertzial handiek [Madrilen egoitza nagusia dutenek] aukera gehiago dituzte, baliabide teknologiko gehiago dituztelako. Pribatizazioa ziurtatua dago. Kate handien menpe geldituko da mapa, eta horrek desnazionalizazioa dakar. Irrati mapari errematea ematen dio dekretuak.

Gorde dituzte lizentzia batzuk euskarazko irratientzat Jaurlaritzaren dekretuan, baina euskal hiztunak nagusi diren lekuetan ez daude erreserba gehiago gaztelaniazko lizentziak baino. Zer irizten diozu horri?

Ez da arrazoizkoa. Adibidez, Gernikan eta Azkoitian lizentziak euskarazkoentzat gordetzea litzateke normalena, baina ez dago halakorik. Biztanle kopurua baino ez dute aintzat hartu, eremuetako alor soziolinguistikoa kontuan hartu gabe. Gainera, hautagairik ez badago, euskarazko horiek gaztelaniazkoentzat pasatuko dira.

Lizentzia lortuko duten irratiek ez dute betebeharrik edukietan euskal kultura eta euskal musika sartzeko. Nola ikusten duzu hori?

Dekretu liberala da. Madrilgo legea kopiatu dute, euskarazko erreserben salbuespen bakarrarekin. Interes orokorreko kontzeptua aintzat hartuz, interpretatzen dute ez dagoela betebeharrik jartzerik. Baina ez luke hala behar. Euskal musikari eta euskal kulturari begira betebeharrak jartzea bazuten, baina ez dute hala egin. Aukera galdu bat da dekretuaren emaitza.

Nafarroan 44 lizentzietatik bi Iruñean banatuko dira. Euskalerria irratiak ba al du aukerarik?

Epaitegiek arrazoia eman izan diote, eta orain Espainiako Auzitegi Nazionalean dago auzia. Niretzat, auzia amaitzeko logikoena bi lizentzietako bat Euskalerria irratiari ematea da.

EAEn ez dago Ikus-entzunezko Legerik. Ardura partekatua da, ezta?

Aurreko bi legegintzaldietan lege proiektu bat egon zen. Legea landu zen eta EAJk betatu. Lotan dago, baina presio soziala balego, etorkizunean irits liteke. Lege bat behar dugu, dekretu txar hauek atzera botatzeko. Euskal komunikazioarentzat lizentzien dekretua oso txarra da. Euskal kontseilu bat ere behar dugu, operadoreek arauak bete ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.