Aukera bakarra: aurrera egitea

Kolpeak kolpe eta oztopoak oztopo, bizitzan beti aurrera egiteko erabakia hartu dute Alain Irazuk, Fernando Mitxelenak eta Izaro Lasak. Gainditze istorioak dira hirurenak. Kirola, ingurukoen babesa eta idaztea dira aurrera egiteko izan dituzten zenbait baliabide.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«Asko lagundu dit idazteak; aurrera egiteko erreminta handi bat izan da»

IZARO LASA


Behin baino gehiagotan, eta txikitatik, izan du oso presente heriotza Izaro Lasak. Lehenik, inguru hurbilean, eta, geroago, bere larruan. Lehen esperientzia aitaren bitartez bizi izan zuen:«Umetan, aita askotan saiatu zen bere buruaz beste egiten».

Urteak igaro, eta ahizpetako batek aitaren diagnostiko bera jaso zuen. «Medikuak esan zion eskizofrenia zeukala, eta bizitza osoa pasatu beharko zuela pilulak hartzen». Urteak «galduta» igaro ostean, erabaki bat hartu zuen ahizpak 1999ko irailaren 20an: bere buruaz beste egin zuen. Garai hartan, 12 urte zituen Lasak, eta jasandakoa kudeatzeko zailtasunak izan zituen. «Elikadura trastorno bat izan nuen, eta erru sentsazio handia».

Noraezean igaro zuen garai hura Lasak, eta, 15 urte zituela, berriz ere gertakariak eta sentimenduak ordenan jartzea erabaki zuen: «Autolaguntza liburuak irakurtzen hasi nintzen, eta asko lagundu didate sentitzen eta pentsatzen dudana ulertzen, ez ukatzen». Irakurketarekin batera, kirolaren bidea hautatu zuen Lasak, «aterabide» gisa. «Etxeko kontuetatik ateratzeko zer neukan pentsatzen hasi nintzen, eta txirrindularitzarekin egin nuen topo».

Bide horretan hobetuz eta profesionalizatuz joan zen Lasa, baina 2011n bizitzaren bidean beste harri bat agertu zitzaion. Txirrindularitza lasterketa batean, Zumarragan (Gipuzkoa), Eitzagako mendatea jaisten: «Tropelean nindoan, Gaztela eta Leongo taldekoen atzetik, batek kolpean galgatu zuen, eta lurrera joan nintzen; garezurra hautsi nuen, eta hor geratu nintzen hilzorian, edo banoa edo ez noa». Koman sartu zen, eta, esnatu zenean, hitz egiten eta irakurtzen berrikasi behar izan zuen, baita ahantzitako gertakari asko eta asko berreskuratzen ere.

Heriotza beti inguruan eta presente izan duen arren, bizia galtzeko hain gertu egon zenean sentitu zuen Lasak inflexio puntua: «Istripuak lagundu dit nire ardurak hartzen eta lantzen. Lehen, sufritu egin behar nuen gauzak gainditzeko, amildegiraino iritsi behar nintzen aurrera egiteko. Orain, ikasi dut senari kasu egiten, eta lotzen ikusten eta sentitzen ditudan gauzak». Barneko «kaosa» askatzeko beharra azaleratu zitzaion Lasari istripuaren ondoren, eta urteetan isildutako guztia era ordenatuan islatzea erabaki zuen: La vida nos llama trilogia idatzi zuen: «Asko lagundu dit idazteak; aurrera egiteko erreminta handi bat izan da». Uste du bere esperientzia erabilgarria izan daitekeela beste batzuentzat.

 



«Etxean ez geratzea da gakoa: edozein arazo duzula ere, aurrera jarraitzea»

FERNANDO MITXELENA


Jaiotzaz du Fernando Mitxelenak giharren uzkurdura eragiten dion gaitz degeneratibo bat: muskulu distrofia. Gaixotasun hereditarioa da, eta apurka giharren indar galera eragiten du. Familian aurrekaririk ezagutzen ez duen arren, arreba zaharrak eta berak dute gaitza: «Arreba hamar urte zaharragoa da, eta antzeko prozesua daramagu, berari begira dakit gutxi gorabehera hamar urteren buruan nola egongo naizen».

Mitxelenak dioenez, 14 urte bete zituen arte ez zuen aldaketa esanguratsurik nabaritu. «Garai hartan, eskolan soinketa egiteari utzi behar izan nion; asko nekatzen nintzen eta baita erori ere». Mitxelenak badaki apurka baina etengabe indarra galduz doala, baina gauzak egiteko zirrikituak bilatzen ditu une oro. «Gauzak probatu eta egokituz joan nintzen; adibidez, futbolean jokatzen genuenean, atezaina nintzen, gutxiago mugitu behar nintzelako». Nerabezaroan, Mitxelena astiro baina ibiltzeko gai zen oraindik. Gero eta konplikatuagoa zen, ordea: «20 urterekin ibiltzeko gai nintzen, baina, erortzen nintzenean, ezin nintzen neure kabuz altxatu». 30 urterekin utzi zion guztiz ibiltzeari: gurpil aulkian esertzea erabaki zuen. «Erabaki nuen nahikoa zela; askotan erortzen nintzen, eta nahiago izan nuen gehiago ez arriskatu eta gurpil aulkian eseri, behin betiko».

Oinez zein eserita, bide berriak probatu zalea izan da beti Mitxelena: «Proposatu didaten guztia egiten ahalegindu naiz; horrela bakarrik jakin dezaket egiteko gai naizen ala ez». Gaur-gaurkoz, giharretako indarra galtzen jarraitu du; ondorioz, geroz eta «gauzatxo» gutxiago egin ditzake bere kabuz. «Izugarri sumatzen dut, bereziki, motoan ezin ibiltzea».

Saiatuaren saiatuaz eta ikusmirak bultzatuta, kirolaren munduan ere murgildu da Mitxelena. Kemen Pertsona Ezinduen Kirol Klubaren bidez, kirol egokituak probatzeko aukera izan du: «Kemen klubean, elbarrientzako Behobia-Donostia lasterketa antolatzen hasi nintzen, eta gero ekin nion kirola egiteari. Lehenago eskia, gero bela, rafting...». Biderik oparoena, ordea, tiro modalitatean egin du. Espainiako Txapelketa ugari irabazi ditu, eta Paralinpiar Jokoetan parte hartzea du asmo. «Denbora-pasa gisa hasi nintzen; ez nuen espero hain urrun iristea».

Egun, Kemen klubeko lehendakaria da, eta, azaldu duenez, elbarritasunen bat dutenek eta ez dutenek batera egiten dute kirola klubean. «Elkartze hori oso positiboa da istripu baten edo ezbehar baten ondorengo sentsazio traumatikoa deuseztatzeko; txipa aldatzeko modua ematen du». Egunerokoan ikusi duenaren arabera, Mitxelenak baieztatu du gauzak egite hutsa badela zulora ez erortzeko nahikoa.«Etxean ez geratzea da gakoa: edozein arazo duzula ere, aurrera jarraitzea».

 



«Hanka galdu izan ez banu, ziur aski ez nintzateke kirolaria izango»

ALAIN IRAZU


Auto istripua izan zuen Alain Irazuk 1995eko Errege gauean. 20 urte zituen, eta ondo gogoan du gau hura: «Villabonatik Tolosarako bidean nindoan [Gipuzkoa], etxera, hurrengo goizean gurasoekin lana egiteko. Euria ari zuen, ilun zegoen, eta bizkor nindoan. Irrist egin nuen, eta erdibitzaile bat jo nuen; autoaren atzeko aldetik airean atera nintzen eta errekara erori». Erorialdian, baina, bizitza aldatu zion ezbehar bat gertatu zen: segurtasun hesiaren azpitik igarotzean hanka moztu zuen. Ordutik, eskuineko hankarik gabe bizitzen ikasi du Irazuk. 26 urte pasata, bada zama arintzen dion faktore bat: «Autoan bakarrik nindoanez, kaltea neure buruari egin nion». Errepide zati horretatik pasatzen den aldiro gogoratzen da gau hartaz.

Bost egun ospitalean igaro ostean, etxera itzuli zen erabakia hartuta: «20 urte nituen, eta pentsatu nuen: edo aurrera edo zulora, eta aurrera egitea iruditu zitzaidan aukera bakarra; besterik ez zegoen».

Zulora ez erortzeko manera topatu zuen orduan Irazuk; kirola agertu zen bere bizitzan estreinakoz: «Istriputik bi astera bizikleta hartu eta lagun batekin egin nuen Tolosatik Asteasurako bidea, hanka bakarrekin». Halere, errehabilitazioan ari zenean jasotako bisita batek murgildu zuen kirolaren munduan erabat: «Hanka bat falta zuen mutil baten bisita jaso nuen, eta hark animatu ninduen kirola egitera; eskiatzeko bota parea erosi genuen erdibana: berak eskuina janzten zuen, eta nik, ezkerra».

Ordutik, gelditu barik ibili da: bizikleta, patinak, eskia, igeriketa... arnasgune eta indargune izan da kirola Irazurentzat, eta erronkaz erronka ibili da: Behobia-Donostia sei aldiz, Berlingo eta Iruñeko maratoiak... Hanka bakarraren gainean egiten ditu kirol probak, eta protesia jantzita ibiltzen da egunerokoan. «Hanka galdu izan ez banu, ziur aski ez nintzateke kirolaria izango». Egun, batez ere, igeri egiten du.

Irazuk azaldu du inoiz ez dela hondoratua sentitu, baina bada gogorra egiten zaion parte bat: gorputz adar mamuaren sindromea. «Hanka edo beso bat falta dugun askok, ez edukita ere, sentitu egiten dugu, eta batzuetan oso deserosoa izan daiteke». Kirola egiten duenean, baina, sentsazio hori desagertu egiten da. Irazuk urrutitik begiratzen dio orain istripuari, eta bizitza beste modu baten hartzen duela dio; patxadaz: «Lehen, bulkadaka mugitzen nintzen; orain, gehiago pentsatzen dut gauzak egin aurretik. Gaur egun askoz azkarrago doa bizitza niretzat, baina askoz gauza gehiago egiten ditut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.