Bilboko Aste Nagusia

Atzerako kontaketa neketsua

Egunak egin dituzte konpartsakideek Bilboko Areatzako 27 txosnak muntatzen: Aste Nagusia ate joka dagoela, detaile gutxi batzuk orraztea baino ez zaie falta. Urduri daude batzuk, egiteko dauden lanak etengabe ugaritzen direlako; lasaiago daude bestetzuk, egin dutelako nekezena: muntatzen hastea.

Trikimailu konpartsako hainbat kide txosna muntatzen, atzo, Bilboko Areatzan. M. DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Festazaleak ez dira oraindik heldu, baina Bilboko Areatza lepo dago jada: konpartsakide andana bat dago txosnetako egituretatik zintzilik, argibideak aditzen, edo lurrean jesarrita, eguzkitan, panelen bati pintura ematen. Joan den asteko asteazkenean abiatu zuten Bilboko Konpartsek 27 txosnen muntaketa, eta, hamar eguneko nekeen ondoren, kolorez bete dute itsasadarraren bazterra laurehun bat kidek. Lanak bukatzear, agerikoa da elkarlana mailu hotsen eta autoen burrunben artean: aldamio txiki batera igota dagoen lagunari tresnak ematen ari da emakume bat; beste txosna batean, gizon gazte batek aldamenekoari erakutsi dio egin berri duena, haren iritziari adi. Gaur hasiko da Bilboko Aste Nagusia, 19:00etan, Arriaga antzokitik suziria botatzearekin batera; konpartsek atonduta izango dituzte bazterrak ordurako.

Azken ukituak baino ez dira falta. Triangunean, beharginetako batzuk mahai baten bueltan ipini dira, deskantsatzeko, solastatzeko, eta zizka-mizkaren bat hartzeko. «Azken egunak urtearen araberakoak izaten dira: batzuetan, estres handia edukitzen dugu, eta beste batzuetan, batere ez», adierazi du Irune Guzunaga Sinkuartel konpartsako kideak. Aurtengoa ez ei da izan muntaketa bereziki itogarria, baina beti dago egitekoren bat, amaigabea ematen baitu zerrendak, are dena bideratuta dagoenean ere: detaileak orraztu behar dira, hornitzaileak etortzen dira, argia eta ura ipintzen dira, sukaldea kokatzen da... «Hori dena azken egunetan egiten da, jendea txosnan geratzen baita lotan, materiala zaintzeko. Jaietako azken domekan ere geratzen gara, txosna desmuntatzen hasteko».

Lanean ari dira Hor Dago Abante txosnan, orobat. Haien elefante ezaguna txosnaren aurrealdean kokatu dute aurten —albo batean egon zen iaz, erdi ezkutuan—, eta tarteka panpinarekin argazkia ateratzera hurbildutakoek ere egiten diete konpainia Teilapeen gunean. «Aurreko urteekin konparatuta, lanak ondo doaz», Iker Callado konpartsakidearen irudiko. Atzean utzi dute konplikatuena, Jose Antonio Azpitarte Luzie konpartsakidearen hitzei erreparatuta: hasiera. «Behin karkasa eginda, detaileak baino ez dira falta, eta gauzak bere lekuan ipintzea. Zailena da erabakitzea nondik hasi, zein taularekin...». Funtsezkoa baita egitura: aurreneko bi egunetan taxutzen dute, eta tentsio handiko erabakiak izaten dira, hanka sartuz gero ez baitago konpontzerik; esaterako, hasierako kalkuluetako bat gaizki egiteagatik, hozkailuetako bat behar baino kanporago geratu zaie. Nekeza izaten da abiatzea, eta hain justu orduan izaten da gaitzen jendea pilatzea, oporretan egoten baitira.

Milaka litro garagardo

Kontrara, azken egunetan izaten du estres handien Trikimailu konpartsako Judit Abalek. «Zoramen handiena dagoen momentua izaten da, suziria gainean baitaukagu». Urduri dago, argia noiz emango duten zain, probatzeko ea egoki funtzionatzen duten hozkailuak... Panel gehienak jada kokatuak dituztela, argia du buruhauste nagusi konpartsakideak. «Dena doa argiarekin. Ezin duzu imajinatu zenbat kable dauden horrelako egitura batean muntatzen duzun arte».

Azaldu duenez, hainbat batzorde daude Trikimailun muntaketa beharretarako. «Bakoitzak bere lana antolatua du aldez aurretik, eta aurreikuspenak eginda egoten dira, gutxi gorabehera». Beste horrenbeste jan-edanari dagokionez ere, esate baterako. «Dena dago jada lotuta, aspalditik. Goizero heltzen zaizkigu hornitzaileak bai jatekoarekin, bai edariarekin». Aurreko urtean kontsumitutakoaren arabera egiten dute eskaria, eta ez da txikia, beste konpartsakide batek, Koldok, xehatu duenez: iaz, 125 garagardo upel gastatu zituzten —bakoitzak 50 litro ditu—, kalimotxoa ere asko eskatu zuten, eta kubata mordo bat zerbitzatu zituzten, halaber; 450 ron botila baino gehiago hustu ziren, eta ginebra ere antzera, laurehun inguru. Eta janariari dagokionez? «Gutxiago», onartu du gizonak, irribarretsu. «Jendeari edatea gustatzen zaio».

Eskulan sendoa

Handiak dira beharrak: txosna muntatuta ere, bete beharko dira txandak, eta aurre egin beharko zaie ezustekoei; txosna muntatzen hasi baino lehen ere, txosna buruan dute konpartsakideek: pintatu behar dituzte panelak, erabaki behar dute diseinua. Kaskagorrin, urte osoan aritzen dira horrekin lotutako zerbaitetan, Maialen Gago kideak azaldu duenez. Ekainean, panel guztiak zuritzeko batzen dira konpartsakideak, aurreko urteko irudiekin egoten direlako —110 panel inguru erabiltzen dituzte, guztira—. Eta, uztailean, bizpahiru eguneko egonaldia egiten dute Bizkaiko gaztetxeren batean, irudi berria diseinatzeko eta, gero, pintatzeko.

Prestaketak prestaketa, batzuetan azken egunetan izaten da abagunea aurreikusitako hori aldatzeko, ñabarduraren bat gehitzeko. «Lan asko aurreratu ditugu, eta aukera izan dugu apainketa kontuetan sakontzeko, muntaketako egunetan sortzen zaizkigun ideia berri horiek esplotatzeko, beste urte batzuetan ez bezala». Beharretara bildu diren gazte kopuruak eman die horretarako aukera: ohi baino gehiago izan dira, Gagoren irudiko; 20-25 egon dira, eta, egun batzuetan, 50. «Igual urteak pasatuta jakin daiteke zertan asmatu dugun eta zertan ez», esan du konpartsakideak, tentuz, igoera horren arrazoiez galdetuta. «Bai, lan handia egin dugu jendeari azaltzen konpromiso maila diferenteak daudela, aukera dagoela egun batzuetan etortzeko laguntzera, eta beste batzuetan ez...». Izurriagatik galdutako bi jai urteek zer-nolako eragina izango zuten eta parte hartzea nola higatuko zuten: kezka hori ere bazegoen konpartsen artean, oro har. Kaskagorriri dagokionez, ez dirudi lehorteak ekimena baretu duenik. «Iazko Aste Nagusia pandemia osteko lehena izan zen. Lortu dugu belaunaldi berriek konpartsa ezagutzea».

Dena dela, parte hartzea bada buruhaustea konpartsentzat, eta bada, orobat, beharrak baldintzatzen dituen aldagai behinena. Hori da muntaketaren zailtasun nagusia, hain justu, Uribarri konpartsako Asier Charcanen iritziz. «Topatzea lan osoa doan egin nahiko duten hogei pertsona. Nik oporrak hartzen ditut hona etorri eta doan lan egiteko». 1978an sortu zen Uribarri konpartsa, aurreneko Aste Nagusian, alegia —urte hartako zazpi geratzen dira, guztira—; beraz, boluntarioen faltan ere, esperientziak lagunduko die. «Dena dugu oso ondo planifikatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.