David Gonzalez

«Atzera begiratzean, egin dudan guztiaz beldurtzen naiz»

Lau kordak lagun, Euskal Herriko oholtza gutxi izango ditu zapaldu gabe Berri Txarrak eta Cobra taldeko baxu jotzaileak. Maite du musika, eta bizi du, Lekunberriko hotz eta elur «gorrotagarriarekin» hartu-eman estua edukitzeraino.

Iñaki Lasa Etura.
2013ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Igande batean jaio nintzen, justu, Athleticen partida hasi aurretik, aitari partida izorratuz. Hori bai, bizitzara ekarri ninduen medikua segidan joan zen zelaira». David Gonzalez (Bilbo, 1979) taldekideekin oholtza gainera igotzean, baina, ez da inor segidan joaten; musika gosez geratzen dira.

Argazki batean ikusi dut taldeko furgoneta guztiz elurtuta. Kendu al diozue jada?

Bilbotik Lekunberrira heltzen naizenerako jadanik ez da elurrik izango. Gorkari [Urbizu] galdetu beharko diozu...

Jada bost urte Berri Txarrakekin. Ohitu al zara dagoeneko Lekunberriko hotzera?

Ez, ezinezkoa da. Gorroto dut elurra, baita hotza ere. Baina, maite dut musika; beraz, parean gaude Lekunberriko mikroklima eta biok.

Beroa, berriz, oholtza gainera igotzen zaren bakoitzean. Zer sentitzen duzu zaleak zuri begira ikusten dituzun bakoitzean?

Musikariei askotan egiten diguten galdera da, eta niri, behintzat, zaila egiten zait erantzutea. Taula gainean nagoenean, musikarekin zerikusirik ez duten gauza guztiak ahazten ditut, abestietan buru-belarri murgiltzen saiatzen naizelako. Halere, beti hunkitzen naute lehenengo lerroetan ikus ditzakedan irribarreek eta zirrarek.

Zertan aldatu da orain dela ia hogei urte In Thousand Lakes taldean hasi zen David hura? Txima luzeak mozteaz aparte.

Musikarekiko heldutasun bat garatzea, esperientzia. Eta, batez ere, eramaten nituen praka labur zabal horiek alde batera utzi izana!

PiLT, Cobra eta Berri Txarrak nagusiki. Baina baita ere Petti, Gari, Anje Duhalde... galdu naiz ia denak zenbatzen! Zenbat taldetan aritu zara?

Egia esanda, askotan. Hamabost disko baino gehiago grabatu ditut, eta 1.000 kontzertu inguru eman... Atzera begiratzen dudan bakoitzean, egin dudan guztiaz beldurtzen naiz. Harra abestian barneratuta daukagun droga hori azaltzen saiatzen gara.

Beti baxua jotzen, gainera. Nahikoa al dira lau korda esan nahi dena adierazteko?

Galdera ona. Mark Sandmani galdetzeko modukoa...

Berri Txarrakekin aurreko taldeekin baino oihartzun handiagoa lortu duzu agian. Mundutik barrena ibiltzeko aukera ere eman dizu.

Bai. Musikaz gain, gogoko dut bidaiatzea. Beraz, niretzat, egia bihurtu den ametsa da. Musika hizkuntza unibertsal gisa ulertzen dut, eta guk egiten dugun hori munduan zehar partekatzea gauzarik politena da.

Anekdota bete liburu betetzeko iturri ere izango da. Kontatzeko modukoren bat?

Azkeneko elkarrizketetako batean kontatutako pasadizoa titularrera eraman zuten, beraz, nahiago dut ahoa itxita izan... Beno, tira, behin Haria diskoa Los Angelesen grabatzen ari ginela, Rainbow areto mitikoan Motorhead taldeko Lemmy ospetsuari jolasten ari zen partida galtzea eragin nion, behatzarekin sorbalda behin eta berriz ukitzeagatik. Argazkia eskatu nahi nion, eta partida galdu bezain azkar, buelta eman, eta pikutara bidali ninduen. Hala ere, sentsazio ona izan nuen...

PiLT: Hil da jainkoa; Berri Txarrak: Jainko Ateoa. Jainkoarekin itzulinguruka... rock izarrak ez al zaudete nahiko jainkotuta?

Ez bakarrik rocka. Zinema, antzerkia, telebista eta beste hainbat diziplinetako izarrak miresten ditugu. Gizakiak beti zerbaitetan sinetsi behar izan du, begiratu zein izan den erlijioaren eginkizuna eta zenbat min egin digun. Inoiz ez gara oso azkarrak izan, eta ez gara sekula izango... Bidaia honetan ordaindu behar dugun saria baino ez da.

Musikariek asko ligatzen duzuela esan ohi da. Hitz horiek baieztatu edo ezeztatu egingo dizkidazu?

Biran, hilabete bat segidan kanpoan gaudenean, 28. egunean egin behar diguten galdera da hori.

Gorka eta Galderrekin [Izagirre] konpetentziarik ez zaizu falta, behintzat.

Nire etxean beti erakutsi didate nagusiak duela lehentasuna. Beraz, konpetentzia gutxi... Galder, irabazle!

Taula gainean ez ezik, hainbat kontzertutan ikus zaitzakegu maiz. Jaio.Musika.Hil mezuaren adierazle garbia zaitugu!

Ahal dudan guztietan ikusle moduan egoten saiatzen naiz, hor ikasten baituzu gehien. Gainera, musikari izan aurretik, zalea izan naiz beti.

Cobrarekin hainbat filmetako abestien bertsioak egiten zabiltzate. Musikazale izatez gain, zinemazale ere bazara?

Egia esan, bai. Betidanik atsegin izan dut zinema, musikarekin zerikusi handia baitauka.

Zer film mota duzu gogokoen?

Gaur egungoan interesik ez dudala ohartu naiz. Gero eta atzerago noa filmak ikusterakoan, hortxe baitaude benetako zinema eta maisulanak. Gaur egungo gehiena gorrotatzen dut, su festa baino ez dira, eta, gainera, min egiten duten 3Dko betaurrekoak jartzea behartzen zaituzte... Hitchcock, Lang, Leone, Wells, Kubrick, Carpenter… horiek dira aitzindariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.