Atzera begiratu, aurrera egiteko

Gaur egungo langile egoiliarraren figura eta migrazioaren inguruko legeak iragan esklabista baten arrastoa dira, hainbat eragileren ustez.

Juan Garai kalearen plaka, Bilbon, ostiralean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Juan Garai kalearen plaka, Bilbon, ostiralean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kontsentsuak pitzatzeak deserosotasuna eragin dezake, baita gezurrean tematzeko joera ere. 1990eko hamarkadan hasi ziren historialariak helarazten Euskal Herriak ere iragan esklabista duela, eta, hasieran zenbaitek haien hitza zalantzan jarri zuten arren, gaur egun onartua dago, orokorrean. Zer egin, beraz, iragan horrekin? «Historia berrirakurri beharra dugu», aldarrikatu du Fernanda Callejas Euskal Herriko Emakume Migratuen eta Arrazializatuen sareko kideak. «Ikusi beharra dago euskal historiak nola lagundu duen egituratzen gaur egungo sistema, non ongizatea oinarrituta dagoen Hegoalde Globaleko herrien esplotazioan».

Eta berrirakurketa has liteke, esate baterako, kale izendegitik. Ongi Etorri Errefuxiatuak eta SOS Arrazakeria elkarteekin batera, sareak ibilbide bat antolatu zuen Bilbon martxoaren 22rako, esklabisten izenak dituzten kaleetan barrena. Juan Garai kalean abiatu zuten ostera, hiriko sarbideetako batean, 1578an Buenos Aires sortu zuen kolonizatzaile urduñarraren (Bizkaia) omenez izendaturiko kalean, hain justu; Bruno Mauricio Zabala Durangoko (Bizkaia) militar esklabista ere ageri da Bilboko izendegian; eta Prim kaleak Juan Prim i Prats Tarragonako (Herrialde Katalanak) militarra oroitzen du, XIX. mendean esklaboen matxinaden aurkako lege errepresibo zorrotzak ezarri zituen hura.

Callejasen iritziz, kale horiek ez lirateke existitu behar, eta frankismo garaiko kriminalen inguruan harturiko erabaki bera aplikatu beharko litzateke esklabisten kasuan ere: kalea izenez aldatu, esanahi berri bat eman. «Hori memoria ariketa bat da, biktimei erreparazioa eskaintzea da».

Gaur egungo borrokak

Gaur egun ere nabari dira esklabotza garaian eragindako zauriak, eta horregatik ere bada premiazkoa historia kolonialari erreparatzea, migratzaileen kolektiboen eskariak ulertzeko, besteak beste. Kasurako, etxeko langile egoiliarraren figura deuseztatzea. «Enplegu hori erabat koloniala da», azpimarratu du Callejasek. Esplikatu duenez, indigena mordo bat hil ostean, kolonizatzaileek erabaki zuten bizirik geratu zirenak ez esklabo bihurtzea lursailetan behar egiteko, eta Afrikan bahitu eta Amerikara eramatea lurrok ustiatuko zituztenak. Hala ere, emakume indigenak etxeetara baztertu zituzten, zaintza lanak egitera. «Gaur egun, euskal etxe askotan, badago andre migratzaile bat, seguruenik egoera administratibo irregularrean dagoena, egunean 24 orduz eta astean zazpi egunez lan egiten, mendeko pertsonak zaintzen».

«Gaur egun, euskal etxe askotan, badago andre migratzaile bat, seguruenik egoera administratibo irregularrean dagoena, egunean 24 orduz eta astean zazpi egunez lan egiten»

FERNANDA CALLEJASEuskal Herriko Emakume Migratuen eta Arrazializatuen sareko kidea

Gobernuek migratzaileei egiten dieten harreran ere agerikoa da esklabismoaren arrastoa, Callejasen ustez. Ibilbideko beste geraleku bat ekarri du hizpidera adibide gisa. 1665ean, esklabo bihurtua zuten gizon bat erail zuten Askao kalean. Haren jabeak justizia eskatu zuen, baina ez gizaki bat hil zutelako, baizik eta berak gizon gazte, indartsu eta trebe bat galdu zuelako. Migrazioaren inguruko erabaki politikoekin lotu du krimen hura Callejasek. «Pertsonen bizitzarekin negoziatzen jarraitzen dute, eta orain ere lan egiteko dugun gaitasunaren araberakoa da gure balioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.