ATZEKOZ AURRERA

Kalamuaren inguruko Expogrow azoka ari dira egiten Irunen bihar arte. Sektoreko 162 elkarte eta enpresa bertan dira, harremanak egin eta euren produktuak ezagutaratzeko asmoz. Bada zer,erretzen denaz aparte

Kalamu hazien bila bertaratzen dira azokara bisitarietako asko, ondoren beren kabuz ekoizteko. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Irun
2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Kalamuaren inguruko aurreiritzirik duenak Irungo Ficoba erakustazokako (Gipuzkoa) Expogrow azokan du aukera egiaztatzeko ea aurreiritzi horiek zerikusirik duten ala ez errealitatearekin. Pipak, lurruneztagailuak, kalamu haziak eta landare horren askotariko erabilerak ahalbidetzen duten hamaika produktu egongo dira bertan. Asteburu osoan izango da zabalik. Eraikinean eta kanpoaldean banatutako 162 erakusmahaiez gain, kontzertuak, lehiaketak eta ikuskizunak ere izango dira.

Sektore horretako profesionalak elkartu ziren atzo goizean, B2B jardunaldietan, 14:00etan gainontzeko publikoari ateak ireki aurretik. Growbarato.net elkarteko Edgar Parrak onartu du ez datozela saltzera. Valentziatik etorri da bera, «marketina egin, eta urte osoko lana ezagutzera emateko asmoz». Azoka nazioarteko merkatura zabaltzeko aukeratzat ikusten dute: «Harremanak egiteko aukera» eskaintzeaz gain, kalamuaren sektorea indartzen» laguntzen du. Azoka estrategikoa dela uste du, «Frantziako eta Espainiako mugen artean egoteak nazioarteko merkatura zabaltzeko aukera» ematen baitu.

Hamaika erabilera

Irungo Basc Medical elkarteko kide Yannick Berengerek argi du kalamua kontsumitzeko modu asko daudela erretzeaz haratago. Kalamuaren lurrunketan espezializatutako negozio bat jarri berri du Berengerek. Azaldu duenez, modu horretan kontsumituta, «kalamuaren eraginak» desberdinak dira, eta uste du lurrunketak etorkizun handia duela.

Anabis enpresako Ester Salmeronek, berriz, kalamua osagai duten produktu terapeutikoak ditu postuan. Kexu da gisa horretako produktuak askotan itzalean geratzen direlako: «Landarearen erabilera industriala bultzatu behar da. Laborantza eta kontsumoa asko lantzen da, eta oso ondo dago; baina, horrez gain, badaudekosmetikan, gastronomian eta ehungintzan lanean dabiltzanak», dio.

Sektorean gorabeherak

Azokan elkartutako profesionalak ez datoz bat kalamuaren sektorearen egoerari buruz. Hobeto egon zitekeela uste du Madrilgo Paraliar banaketa enpresaren izenean joan den Carlos Lopezek, nahiz eta «horrelako azokek hauspotu egiten duten». Krisiaren eragina nabaritu dute. Kontsumitzaile aldetik behera egin ez duen arren, jende askok kalamua norbere etxean ekoizten duela azaldu du. Are ezkorragoak dira Alberto Abaz eta Beatriz Alonso. Ponferradatik (Gaztela eta Leon, Espainia) joan dira, bisitari moduan. Euskal Herrikoarekin alderatuta hango egoera «txarragoa» dela diote. Elkarte bat dute, eta azokara etortzen diren bigarren aldia da: «Informazioa jaso, sektoreko jendea ezagutu eta iaz ezagutu genituen lagunekin elkartzea da gure asmoa».

Esloveniako Bulk Seed Bank hazien bankuko Alexander Lazicek uste du sektorea hazten ari dela. «Aurrerapen asko egin dira arlo askotan: produktu terapeutikoetan, adibidez», azaldu du.

Hector Moralek, berriz, «informazio baliagarria» eskuratu nahi du Burgosen (Espainia) duten elkartea hobetzeko. Negozioa «nahiko ondo» doakio, baina «hobeto ere joan zitekeen». Jendeak aurreiritzi asko dituela uste du, kalamuaren kontsumoaren aurkako iritzia zabaldua dagoela.Hala ere, «Euskal Herrian eta Katalunian hobeto ikusia dago», haren iritziz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.