Belarrian kablerik gabeko entzungailua dutenak gora eta behera ari dira. Hesien bestaldean, belardian, jendea biltzen hasi da. Zain dira, eguzkiaren goxoan, aginduak noiz etorriko. Barruan, bi anbulantziaren motor hotsak aditzen dira, baita ekitaldi nagusian ariko den abesbatzaren eta harizko laukotearen entsegua ere. Ailegatu da arduraduna belardira: plastikozko kutxa bat bota du erdira. «Barran txanda dutenek har dezatela peto laranja». Morea hartu dute gune segurukoek, gorria oholtzakoek, horia daramate sotolariek, eta laranja barran eta segurtasun txandan ariko direnek. Boluntarioen eskuak ezinbestekoak dira Atarrabiako (Nafarroa) Hatortxu Rock jaialdia aurrera eramateko. Osotara 800 lagun, 1.600 esku.
«Arratsalde on, eta mila esker etortzeagatik». Azalpenak adi-adi entzun dituzte denek: edalontziaren dirua ez dela itzultzen; aurten token-ak [jaialdian ibiltzen diren txanponak] ez direla gorriak, urdinak baizik; ezin dela barruan erre; karpen atzeko aldean dauden bideak garbi uzteko; adin txikikoei ezin zaiela alkoholik eman... «Denak gara Hatortxu; beraz, zaindu zuen jarrera». Ez da galderarik izan. Gehienek eskarmentua dute; ez dute lehenbiziko aldia. Ura eta ogitartekoa emanen dizkiete guziei.
«Sekulakoa da 800 lagun elkartzea lan boluntarioan aritzeko, baina esan beharra dago aurten inoiz baino gehiago kostatu zaigula txandak lotzea», esan du Aitor Agirrezabal jaialdiko bozeramaileak. Lanak uda aurretik hasten badira ere, hiru astean muntatzen dute gunea, eta aste betean desmuntatu. Jendea zaintzen saiatzen dira: «Txanda batzuk gogorrak dira; meritu handia dute».
Oraindik hutsik dago karpa, ez baitituzte ateak ireki. Endara Mitxelena eta Haizea Larrañegi prest dira poteak ateratzen hasteko. «Presoak etxeratzeko bidean aletxoa jarri nahi dugu; txikia bada ere», esan du Larrañegik. «Txanda ez da luze egiten. Mentalizatuta heldu zara. Giroan murgilduta gustura egiten da», Mitxelenak.
Txanda asko Iruñeko auzoetako kolektiboek hartzen dituzte beren gain. Udane Aranguren Donibanetik joan da: «Presoen aldeko konpromisoagatik nator». Urtero egiten du txanda, eta aurten gune segurua egokitu zaio. Eraso matxistarik balego, haiengana jo dezakete. Ez da txanda samurra: «Ordu hauetan ez [16:00ak dira], baina gauean urduri gaude, gogorra delako. Egoera desatseginak bizi ditugu, gainera, gure giroan».
Odei izan da jotzen lehenbizikoa. Jendea poliki-poliki sartzen ari da karpan, baina lehenbiziko orduan gutxi animatu dira. Edaria eta jana prest dute, zerbitzari ariko direnak ere gertu. DYAko boluntarioek bilkura egin dute bakoitza bere postura joan aurretik. Peio Jimenez da arduraduna. «Musikarengatik etortzen naiz. Musika mota hau gustatzen zait; beraz, zerbitzu hau oso esker onekoa zait; gustura egiten dut txanda». Lasaiak izaten dira lehenbiziko orduak; iluntzean izaten dute lan handiena: «Gehienbat intoxikazio etilikoak artatzen ditugu, eta borrokan zauritutako baten bat». Kontzertu guneetan desfibriladoreak dituzte, eta postu nagusian medikua dago. 20 boluntario dira taldean. «Batzuek urte askoko eskarmentua dute hemen. Aurten, medikuntzako eta erizaintzako ikasle bana ere badugu».
Karparen atzetik
Bi karpen atzeko aldean batetik bestera dabiltza: sukaldariak janaria karpara eramaten, orga gidariak kupelak garraiatzen, musikariak kamerinoetara bidean... Iluntzerako, sekulako hotza egiten du Atarrabian. Berokia jantzita, eskuak hatsarekin berotu nahian ari dira segurtasun txandakoak. Berogailuak ongi dabiltzala ziurtatu dute langileek. Barruan goxo da. Musika ozen. Kanpoan, baxuek astintzen dute boluntarioen bularra. Gorputza hotz, baina gogoa bero. Beste behin ere lortu dute, atzeko lerrotik bultza egiten dutenei esker.
ATZEKOZ AURRERA
Atzeko lerrotik bultzaka
1.600 esku boluntarioren artean, 27. Hatortxu Rock elkartasun jaialdia egin dute Atarrabian. Nagusiki, euskal presoenganako elkartasunak bultzatu ditu txanda egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu