Atxa ere onenen artean

Euskal Herriko bost jatetxek lortu dute 'Restaurant' aldizkariak egiten duen munduko 50 jatetxe onenen zerrendan sartzea. Posturik onena Mugaritzek lortu du: seigarren.

ainara arratibel gascon
2014ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriak beste jatetxe bat du munduko 50 onenen artean. Izan ere, Restaurant aldizkari ospetsuaren zerrendan sartzea lortu du Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeak (Larrabetzu, Bizkaia). Zurrumurruek zioten sartu egingo zela, kontua zein postuan egingo zuen jakitea zen. Azkenean 26.ean izan da. Jatetxe iraunkorrenaren saria ere jaso du. Zerrendako goiko postuetan jarraitzea lortu dute Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxeak eta Juan Mari Arzaken Arzak jatetxeak. Danimarkako Noma jatetxea izendatu dute, berriz, munduko onena.

Sariak atzo iluntzean banatu zituzten Londresen, eta han izan ziren Atxa, Arzak eta Aduriz. Atxaren jatetxea pixkanaka joan da ospea hartuz. Duela bi urte hirugarren Michelin izarra jaso zuen, eta haren sukaldea, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean zabalduz eta ezagutuz joan da. Thailandian bertan jatetxe bat du: Aziamendi. Pozik zegoen Atxa izendapenarekin. «Egiten ari naizen ibilbideaz disfrutatzen ari naiz, lortutako erronkez baino gehiago». Herenegun bertan afaria eskaini zuen Londresen, nazioarteko beste sei sukaldari gazterekin batera. Bilboko Nerua jatetxeko Josean Alija izan zen horietako bat.

Mugaritz zerrendako goiko postuetan egon da azken urteetan, eta sukaldari kutunenaren saria ere eman izan diote Adurizi. Iaz hirugarren postutik laugarrenera jaitsi ondoren, aurten beste bi koska egin ditu behera. Seigarren geratu da. Arzakek zortzigarren postua eskuratu zuen aurreko bi urteetan, eta horri eustea lortu du. 50 jatetxe horien zerrendan daude baita ere Bittor Arginzonizen Etxebarri erretegia, 34., eta Martin Berasategiren Berasategi jatetxea, 35. lekuan.

Aldaketa izan da lehenengo postuan. Izan ere, Danimarkako Noma jatetxearentzat izan da. Lehenago ere izandakoa zen postu horretan Rene Redzepiren jatetxea. Iazko garaile Herrialde Katalanetako El Celler de Can Rocak eta Italiako Osteria Francescanak osatu dute aurtengo sariaren podiuma.

Gastronomia munduan ospe handia duen zerrenda da, baina kritikak ere dezente jaso ditu, hura osatzeko aldizkariak erabiltzen duen moduagatik. Hauxe da prozedura hori: zerrenda 900 gastronomia adituren artean osatzen dute. Mundua 26 eskualdetan banatuta daukate, eta eskualde bakoitzean 36 kide daude. Taldeko kide bakoitzak zazpi jatetxe aukeratzen ditu. Botoa emateko baldintza bakarra bete behar dute: jatetxe horretan egon behar izan dute, behin gutxienez, azkenengo hemezortzi hilabeteetan.

Helena Rizzo, emakume onena

Emakume sukaldari onenaren saria ere ematen du Restaurant aldizkariak. Duela aste batzuk jakinarazi zuten norentzat zen Veuve Clicquot saria. Aurten Helena Rizzo brasildarraren lana aitortu dute. Rizzok 36 urte beteko ditu aurten, eta Brasilgo jatetxe ospetsuenetan lan egiteko aukera izan du; baita Europan ere, besteak beste, El Celler de Can Rocan. Mani jatetxea du Sao Paulon. Bertan Brasilgo ohiko produktuak oinarri duten platerak egiten ditu, teknika berritzaileak erabiliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.