Erramun Baxok hizkuntzalari, soziolinguista eta ohorezko euskaltzaina (Suhuskune, Nafarroa Beherea, 1928) BERRIAlaguna ere bada. Euskarazko prentsa da haren zaletasunetako bat, eta egunero eskaintzen dio tarte bat BERRIAri —eta, astean behin, Iparraldeko Hitza-ri—. Egun, Milafrangan bizi da (Lapurdi): hortik gertu, Miarritzeko Atabal aretoan, Ruper Ordorikak kontzertua emango du ostiralean, 21:00etan.
Zerk bultzatu zaitu BERRIAlagun egitera?
Lehenik Euskaldunon Egunkaria eta gero BERRIA, beti irakurri ditut biak. Ideia nuen BERRIAri ez zitzaiola gertatu behar Egunkaria-ri gertatu zitzaiona, ez behintzat, gure faltagatik. Badakit euskarazko aldizkariek zailtasunak dituztela irauteko. Eta ikusiz baita ere BERRIA gero eta ederragoa dela, gero eta gauza gehiago egiten dituela, laguntza ttipi bat ematea pentsatu nuen.
Zergatik da ederragoa?
Atsegin ditut gero eta gehiago egiten dituen gehigarriak. Bereziki, asko estimatzen dut Iparraldeko Hitza: argazki ederrak izaten ditu, gaurkotasuna... Haurrentzako gehigarria ere biziki ederra da: badakit euskara ezagutzen dutenentzat baliagarria dela, baina hain da polita, non euskaraz egiten ez dutenek ere baliatzen duten.
Zure egunerokoan zein leku betetzen du BERRIAk?
Egunero zintzo-zintzo irakurtzen dut BERRIA, eta astean behin Hitza. Ez lehen esalditik azkeneraino: gainetik begiratzen ditut titulu guztiak, eta gero gehien interesatzen zaizkidanak zehatzago irakurtzen ditut. Egunero, oren erdi bat pasa ematen diot BERRIAri, eta biziki gustatzen zait.
Zein da gehien gustatzen zaizuna?
Dena da interesgarria! Lehenik, gaurkotasunari lotutako gaiak, politikari lotutako gaiak, bereziki. Beti so egiten diot, hala ere, ea Iparraldeko politika berriak agertzen diren; batzuk politagoak dira, eta beste batzuk itsusiagoak. Eta, azkenik, kulturari buruzkoak irakurtzen ditut: hor ere biziki plazera hartzen dut, bereziki, literaturari buruzkoekin.
Nola kontsumitzen duzu BERRIA?
Gauza presatuak direlarik, hala nola hauteskundeak eta antzeko gaietan, Interneten jarraitzen ditut berriak. Gaurkotasun malguagoko gaiak, berriz, paperean.
Hitza ere oso gustuko duzula diozu: ondo osatzen dira BERRIA eta Hitza?
Bata bestea osatzen dute, bai! Bereiziak balira ere, Hitza-k arrakasta ukanen luke, baina uste dut ez direla bereizi behar: Iparraldeko Hitza eskuratu nahi duenak BERRIA ere eskuratzea nahi dut.
Webgunea estreinatu berri du IparraldekoHitza-k: gustuko duzu?
Ez dut ezagutzen oraindik! Orain arte, azken orduko albisteak ezagutzeko Berria.info kontsultatu izan dut. Baina orain dagoela dakidala, Iparraldeko Hitza-rena ere hurbiletik segituko dut.
Azken hilabeteotan BERRIAren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldietan izan zara?
Egia esan, ez. Egitaraua begiratu nuen, eta ikusi nuen izan zela Izpuran antzerki bat [Zertarako Hegoak]. Badakit aste honetan badela ekitaldi eder bat Ruper Ordorikarekin Miarritzen, eta Hendaian ere izango dela. Baina aro txarra da, ekitaldi horiek berant dira niretzat. Ene adin honetan ez nauzu batere gautxoria! Damu dut orain arte ez izanik.
Ezarian. BERRIAk 10 urte. Miarritze
«Atsegin ditut BERRIAren gehigarriak, batez ere 'Hitza'»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu