ATZEKOZ AURRERA. Sara Abd Alrazaq. Palestinako Al Bustan elkarteko kidea

«Athletic gustuko dute gaztetxoek»

Palestinako Al Bustan elkarteko haurrek Donosti Cup txapelketan parte hartuko dute. Duten gatazkari aurre egiteko, futbola erabiltzen dute elkartean; hango kide da Abd Alrazaq.

BERRIA.
Nagore Rodriguez.
2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Gaur gauean abiatuko dira, Jerusalemen ondoko Silwan bailaratik(Palestina), Hai al Bustan taldeko jokalariak. 12 eta 14 urte bitarteko hamabost futbolari eta hiru arduradun joango dira Donostiara —tartean Abd Alrazaq bera—, Donosti Cup futbol txapelketan parte hartzeko. Haurrek txapelketan aritzeko daukaten «ilusioa» azpimarratu du Abd Alrazaqek.

Gaur abiatuko zarete Palestinatik Donostiara bidean. Urduri al daude gaztetxoak?

Euren herrialdetik aterako diren lehen aldia da, eta zoratzen daude, ostirala noiz iritsiko zain, hegazkina hartu behar dutelako eta bidaia handi hori egingo dutelako.

Zein helbururekin zatozte Donostiara? Gazteek txapelketa irabazi nahiko dute, ezta?

Bidaia eta Donosti Cup aukera handia da haurrek beste ingurune bat ezagutzeko eta beste haur batzuekin harremanetan jartzeko. Parte hartzea bakarrik asko da haientzat, baina irabazi ere egin nahi dute, noski.

Israelen mehatxupean bizi zarete. Nolakoa da haurren eguneroko bizimodua?

Egoera latza da hemen; gaur bertan [atzo] bonbak jaurti dituzte hemen inguruan, eta kezkarekin bizi gara. Ostiral [gaur] gauean abiatu behar dugu, eta espero dut arazorik gabe aterako garela, autobusa lotua baitugu aireportura joateko.

Zer adierazten du futbolak haien bizitzan?

Ihesbide bat da haientzat futbola; eskolatik kanpo egiten dute, astean hirutan. Gure elkartean arazoak dituzten haurrei laguntzen diegu, eta, futbolaz gain, bestelako ekintzak ere eskaintzen dizkiegu; Palestinako dantzak, esaterako.

Messi, Cristiano Ronaldo... Zein futbolari dute gustukoen?

Futbola asko ikusten dute telebistaz, eta, batez ere, Bartzelona eta Madril taldeak dituzte gogokoen. Baina Athletic ere oso gustuko dute.

Neskatoek ere jokatzen al dute futbolean?

Ez, ez. Zaila da hemen haiek futbolean aritzea. Bestelako ekintzak egiten dituzte; normalean Palestinako dantzak ikasten dituzte.

Futbolean jokatzeagatik arazoak izan dituzte zuen haurrek Poliziarekin, ezta?

Bai, gure haurretako batek behin arazo bat izan zuen Poliziarekin, baloiak alde egin eta Poliziaren eskura iritsi zelako. Atxilotu egin zuten. Hemen normala da Poliziarekin arazoak izatea. Horregatik saiatzen gara haurrak urrun eramaten futbolean aritzeko.

Noizko Palestinako selekzioa Munduko Kopan?

Futbol selekzio bat badugu, bai, eta nahiko ongi aritzen da. Ea noizbait Munduko Kopara iristen den, eta baita gure haurrak ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.